2016-03-02 Bloga
2016 urte berriaren hasieran izandako gertakizun odoltsu eta latzek atari ilunena jarri diote zegoeneko ziurtasunik ezaz eta sufrimenduaz tindaturik zetorren urteari. Izan ere, Parisko eraso pentsaezin bezain beldurgarriak; errefuxiatuen etengabeko tragediak; Irak, Kamerun, Palestina, Yemen, Siria, Libia bezalako herrietan pairatzen ari diren atentatu eta eraso basatiak; mundu, herri eta biztanleen aberastasun banaketaren okertzea –kasu Intermon-Oxfam erakundeak taxutu berri duen gai horren inguruko txostenari!– eta gure inguru hurbileko baztertutako pertsonen kopuru hazkorra ez dira ustekabeko salbuespenak, duela asko ereindako politika ekonomiko-sozial antikomunista eta atzerakoiaren emaitza krudel eta logikoak baizik.
Neoliberalismoa zen, eta da, soilki zerbaiten aurka mantentzen den antolaketa sozioekonomikoa. Kapitalismoan, indar produktiboen ahalmen bihurria gutxi batzuen interesetara bideratzen da. Ondorioz, ekidinezinak dira gatazkak, gutxiengo boteretsuaren eta gehiengo zapalduaren arteko lehia sozioekonomikoak. Halaxe da, egituraz, ezin da bertzela izan… sistema aldatzen ez bada.
Ildo horretan, Amerikako Estatu Batuetako lehendakaritzarako hauteskundearen kariaz, nahiko interesgarriak dira Sanders hautagai demokrataren mezua eta lortu dituen lehenbiziko emaitzak. Wall Street eta haren establishment-a ezin gogorkiago kritikatzeaz gain, ez du inolako beldurrik izan publikoki bere burua sozialistatzat aitortzeko, edota dirudunek ordaintzen dituzten zergak igo behar direla azaltzeko. Non eta ‘komunista’ edo ‘sozialista’ hitzak soilki iraintzeko darabiltzaten herri batean. Ikustekoa da Hillary Clinton hautagaiarentzat benetako mehatxua den, duela zortzi urte Barack Obama izan zen moduan, edo estatu ‘liberal’ bakan batzuetako ondoriorik gabeko anekdota koloretsua. Bertzaldetik, AEBetako errepublikanoen aldetik, beldurrezko istorio baten pertsonaiak ageri zaizkigu, zein baino zein eskuindarrago. Lehenengo lerroan jarri den Donald Trump hautagaiaren mezu xenofobo eta muturrekoak lagun, Ted Cruz, Marco Rubio eta Jeb Bush ultraeskuindarrak moderatu irudiz mozorroturik agertzen ari dira, haien benetako asmo atzerakoi eta belizistak bigarren planoan geraturik… Alderdi politikoen lehendakaritzarako hautagaien arteko lehia hasi bertzerik ez da egin. Azaroko bozketak izan arte, denbora-pasa politiko ederra izanen dugulakoan gaude. Ea onerako den!
Aro postmoderno hutsal honetan, memoria eta gertaera historikoen aitortzearen ordez, ‘memoriaren diskurtso-salgai’ sorta bat eskaintzen digute, subjektibitate ezberdinen baturak, amalgama gehienetan, errealitate objektiboa osatuko duelakoan edo… beti ere merkatu kapitalistak ongi ordaindutako bozeramaile-loreontzien hedabideetako adierazpen gezurtiez horniturik. Zaila da, beraz, benetako egoerak islatzea, mozorroak kentzea, adierazpen publikoen sakoneko mezua erauztea. Informazio aro honetan, gehiegi dira debekatutako gaiak, zentsurapean aritzen diren hedabide eta kazetariak, ez ikusiarena behin eta berriro egiten duten politikariak. Gerra eta mehatxu ekologikoen peko mundu honetan, inoiz baino beharrezkoagoak dira anaitasuna eta elkarlan baketsu eta gardenak taxutzen dituzten nazioarteko zein barneko ekimenak, eta jende xumearen aldekoak badira hobe!