Mundu desiragarriagoak sortzeaz, Jakingunean

Entzungai osorik Jakingunean.

2026-02-26 Albisteak

Édouard Glissanten pentsamendu dekolonialetik abiatuta, Euskal Herriko kultur praktika garaikideak aztertu ditu Arantza Santesteban Perezek Jakin 271: Euskal kultura 2025 zenbakian idatzi duen ‘Distira apur bat‘ artikuluan.

Santestebanen arabera, Glissanten pentsamendua gaurkotasun berezikoa da, «galdera asko irekitzen dituen» autorea delako. Ildo beretik, galderaz betetako artikulua dakar Santestebanek: «Nola lerrokatu dezakegu gure desira berez inperfektua den proiekzio edo ideia batekiko? Nola eman egoera baten larritasunaren berri, eta, aldi berean, nola sustatu baikortasun apur bat bizi dugun unearekiko? Zer izango litzateke Euskal Herriko kultur politika eta praktika bat, Bestea abiapuntu eta erdigune bihurtuko lukeena?».

Glissanten pentsamendua abiapuntu hartuta, hainbat gai mahaigaineratzen ditu Santestebanek, eta horietako bat da, esaterako, opakotasunaren ideia: «Menperatzailearen edo kolonizatzailearen begiradaren aurrean opakoa izatea potentzia zela». Horrez gain, euskal kultura, agortzear dagoen sistema bat baino, bestelakotasunarekin erlazioan aktiba daitekeen esparru potentzial gisa aztertzen du. Hala, beste logika batzuen arabera ikusten hasi behar garela azaltzen du: «Desartikulatu behar dugu ideia hori, nolabait, existituko balira mugak gu eta haien artekoak. Eta nire ustez komunitatean pentsatu behar dugu, edo komunitateetan».

Distira eta desira ere ekartzen ditu Santestebanek artikulura eta Jakingunera: «Nola lerratu kulturaren bidez ireki daitezkeen irudi horiek, aukera horiek, diskurtso horiek… desiragarriagoak izan daitezkeen munduekin?».

Entzun erreportajea osorik, hemen: Arantza Santesteban, Euskal Herriko kultur praktika garaikideez

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan