miren artetxe

Mugikorrarekin ordaindu

2014-11-25 Albisteak

Visa, Master Card eta American Express bezalako enpresak aspaldi ari dira mugikorreko ordainketak egiteko estrategiak ezarri nahian. Askok NFC Near Field Communication teknologian oinarrituz proposatu dituzte beraien soluzioak. Hau da, gure mugikorrak NFC sistema erabiliz gero, ordainketa lekuetara gerturatu eta zuzenean ordaintzeko aukera izango dugu.

Horretaz gain, finantza erakunde horietatik aparte ere, aspalditik sarean online erosketa eta diru transferentziak egitera bideratutako zerbitzuek ere zeresana emango dute. PayPal ezagunak, mugikorrerako aplikazio baten bidez, ordainketak oso erraz eta segurtasun handiarekin egiteko sistema garatu du. Google Wallet Googleren ordainketa sistemak ere bide antzekoa hartu du; baina, berezitasun moduan, GMail kontu batean orain fitxategiak atxikitzen ditugun moduan dirua atxikitzeko aukera garatu du.

Hala ere, berritasun gehiago dago pertsonen artean zuzenean ordainketak egiteko aukera ematen duten sistemetan. Mugikorrerako aplikazio sinple baten bidez (webgune edota posta elektronikoz ere batzuetan), pertsona batek besteari edozein momentutan dirua pasatzeko aukera ematen dute horiek. Horrelakoak dira Venmo (http://venmo.com) eta Square Cash (http://square.com).

Horietan egiten diren diru truke asko dohainik edo oso tasa txikiekin egiten dira, kontuan bertan dagoen dirua bada edota debito txartelei badagokie. Kreditu txartelak erabiltzen badira, aldiz, tasa bat ordaindu behar izaten da, behintzat Venmoren kasuan. Hori bai, dirua jasotzea beti da dohainekoa, momentuz. Helburua, oraingoz, erabiltzaile kopuru handia lortzea da, gero horrela ordainketa sistema hori erabili nahi duten enpresei, horiei bai, kobratzeko.

Betiko finantza erraldoiek segurtasuna eta estandarizazioa eskaintzen dute, tasa nahiko altuak badira ere. PayPal eta Google Walletek tasa gutxiago eta online ordainketetan erakutsi duten esperientzia. Azkenek, berriz, segurtasun nahikoa erakutsi dute oraingoz, baina oso fenomeno berriak dira, oraindik gurean gehienak erabili ezin direnak. Hala ere, azken horiek beste leku batzuetan izaten ari diren harrera ikusita, laster botea Venmo edo beste aplikazio batekin ordaintzeak ez ninduke batere harrituko.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan