2014-05-14 Bloga
Euskararen erabilera eta ezagutza izan dira, agian, euskara biziberritzeko estrategien bi ardatz nagusiak, jarrerarekin batera eskema klasikoa osatzen zuten hiru horien artean. Bestea –jarrera, motibazioa, atxikimendua– gogoan izan da beti, baina lausoago gelditu zaigu ziur asko, eta euskaldunen eta erdaldun askoren aldeko jarrera orokor eta aitortu batek eskaintzen zuen nolabaiteko segurtasunarekin jokatu da sarritan, hori nolabait irabazita zegoelakoan.
Bistakoa da, ordea, motibazioak zulo asko izan ditzakeela, eta nahikotasun maila jakin bat ere behar duela, Txepetxek ongi aski adierazi zuen moduan. Presio handi samarra du euskaldunak berak, handik eta hemendik eragiten dioten indar asko, bere hizkuntza hautua egin behar duenean. Ezagutzaz gainera –ezagutzak ere egoera bakoitzean eta hiztunaren helburuen arabera nahikotasun maila jakin bat behar du–, behar besteko motibazioa behar du hiztunak. Horri ongi erreparatu dio Sarasuak bere lanean, eta motibazioen azterketarako eskema polita osatu: fluxu motibazioa (jaso duguna ematea), motibazio pragmatikoa, paradigmaren motibazioa (euskara izan liteke bestelako mundu baten paradigmaren garraiatzailea), balio itsatsia (euskarak ez bestek emanen didana)… Eta beste maila batean akaso, hizkuntzaren bizkortasun espresiboa-eta.
Iruditzen zaigu ongi samar harrapatu eta deskribatu duela hor begien bistan daukagun baina aldi berean harrapatzen eta deskribatzen zaila den zerbait. Motibazioa ez da gauza fisikoa eta ebidentea, baina hizkuntzaren bizitzan ezinbesteko osagaia da, eta, beraz, guretzat ere ezinbestekoa da horren gakoak ulertzea. Jonen eskema interesgarria da, batez ere operatiboa izan daitekeelako, eta euskara suspertzeko lan praktikoan lagun diezagukeelako. Nondik tira erakuts diezaguke.