Gora joan
Menua

Metrokoadroka kolektiboak 'Artxibo biluzia' liburura ekarri du

'Artxibo biluzia' I. JMT Bekako proiektu irabazlearen emaitza da, zuzeneko antzezpenaz gain

2024-05-30

Lehen edizioko proiektu irabazleak Joan Mari Torrealdairen atxiloketa eta miaketa unean desagerrarazitako artxiboa du abiapuntu. Metrokoadroka kolektiboko Idoia Beratarbide eta Oier Guillan artxibo hutsaren aurrean kokatu dira azken bi urteotan, zerekin bete nahiko lukeen galdetzeko aurrean duenari.

Ikerketa martxan jartzean, taldea handituz joan da eta kide gehiago aritu dira norbere ekarpena ontzen, dokumentazio lanetik narraziora eta narraziotik Intza Alkain eta Javier Barandiaranek gorpuztutako pieza eszenikora, Danele Sarriugarte testuetan, Maria Elortza bideogintzan... Idoia Beratarbidek azaldu du liburuxkaren prozesua, biluzik utzi zuten artxiboa oroitarazten duen artxibategiko karpeta formatuan argitaratu dutena, eta barruan formatu bat baino gehiago kabitzen dituena. Esaterako, Maria Elortzaren bideoa biltzen duen txartela, edota jendaurreko emanaldietan ikusleek utzitako desirak biltzen dituen tolesgarria.

Usurbilgo Udalak Artxibo Biluziaren 400 ale argitaratu ditu, eta dagoeneko eskuragarri dago herriko eta hainbat liburu-dendatan 20 euroren truke. Berria egunkariko eta Noauako bazkideek 17 euroan eskura dezakete.