miren artetxe

Lorea Agirre: «Sexu-genero sistema da hizkuntza-praktiken baldintzagarri nagusietako bat»

ELEN erakundearen batzarrean hizkuntzaren eta generoaren erabilera aztertu du Agirrek

2024-11-12 Albisteak

ELEN Europako Hizkuntzen Berdintasunerako sareak (European Language Equality Network) azaroaren 8 eta 9an Bilbon egindako Batzar Orokorrean euskararen inguruko ikerketa berriei egin diete toki. Horien artean, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak hizkuntzaren eta generoaren inguruko loturez eta horien eraginez hitz egin du, hizkuntzak eta generoak berdintasunerako bidea elkarrekin egin behar dutela azpimarratuz.

Agirreren ustez, hizkuntza komunikazio tresna bat baino askoz gehiago da, «gizarte eta hizkuntza batera sortzen garen momentutik», eta Penelope Eckert ikerlariaren ideia gogoratu du: gizonezkoak eta emakumezkoak azpitalde soziolinguistiko ezberdinetan hazten direnez, hizkuntza erabilera ezberdinak garatzen dituzte. Autore askoren ideiak gurutzatu ditu Agirrek, tartean Txillardegik eta Pierre Clastres adituek ekarri zuten hizkuntza-lanen banaketaren kontzeptua. Izan ere, Agirreren ustez, hizkuntza minorizatuak feminizaziora eramateak genero ardatzaren alde bat interpelatzen du; beraz, «nor dago hizkuntza hori hartu eta defendatzeko?» galdetu du. Hizkuntz politikek generoa oso kontuan hartzeko dei eginez amaitu du Jakineko zuzendariak, hizkuntzaren berdintasuna erdiesteko ez ezik genero berdintasuna lortzeko lagungarri litzatekeelako; «hizkuntza minorizatuen kasuan, biak, batera eskutik hartuta egin daiteke, ahizpatasunean, gizarte justu, bizigarri eta berdinzaleago bat guzti-guztiontzat lortzeko bidea».

Idurre Eskisabel moderatzaileak ere argi zehaztu du ezinbestekoa dela sexu-genero sistemak hizkuntza hautu eta praktiketan duen eragina aztertzea, esku nola hartu asmatzeko. Jarraian, Dani Amarelo galiziar ikertzaile queer-ari eman dio hitza, bere ikerketan hizkuntza minorizatuak eta sexualitateak gurutzatu baititu. Amarelok «kultura heteroglosiko baten aldeko apustua» eskatu du, galegoz hitz egitea emantzipatzailea dela ohartaraziz. Zenbait datu argigarri eskaini ditu genero-sistemaren eta hizkuntza-sistemaren elkarreraginak bistaratzeko. Esaterako, haren ikerketaren arabera,  Galiziako unibertsitateko ikasleen artean, generoa eta hizkuntza minorizatuaren erabilera (edo honen azentua antzematea) dira diskriminazio arrazoi nagusi.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan