miren artetxe

Libertimenduaren izpiritua eta ama txarrak

2016-05-26 Bloga

Antton Lukuk eman omen zizkien zenbait ideia Maialen Fauthoux eta Arantxa Hirigoieni ere haien azken sorkuntza lanerako. Txikia da gure mundua. Ama-2 taldea osatzen duten antzezleek Ama’tur deitu dute sakelako antzerki formatuan ematen ari diren azken lana, amateurrak baitira, eta haien azken tourra baita. Trilogia baten parte dela esan liteke, nonbait, bikote gisa sorturiko Tripakiak lehen lanean (2011) haurdunaldiaz aritu baitziren (bi antzezleak haurdun zirela), eta Amakiak bigarren lanean (2013) ere amatasuna baitzuten gai nagusi. Oraingoan guraso eta gazteen arteko harremanak dituzte aipagai.

Lehen bi lanetan Arantxa Iturberen Ai, ama! liburua izan bazuten oinarri, oraingoan Carles Capdevila kazetari katalanaren esketxak izan dituzte abiapuntu. Irigoienek azaltzen duen gisan, Capdevilak pasarazten duen mezua da «guraso perfekturik ez dela, baizik eta behar direla guraso zoriontsuak. Eta heziketa umorearekin egiten bada pasatzen dela aise errazago».

Plaza publikoa hartzeko moduak eta moduak daude. Toberena da bat, formatu handikoa, gai publikoak mintzagai, gizon ahotsez maizegi. Bestelakoa da Ama-2rena, eremu pribatuko gaiak oholtzara eramanez, eta, beraz, pertsonala politiko eginez. Formatu txikian, ez handiekiko beldurrez, handirako beharrik gabe baizik.

Amen denbora eskasia, aiten presentzia eza, zorriekiko gatazkak, ama ona izatearen presioa, dentistak eta osteopatak, tisanak eta garagardoak. Funtsean, amatasuna desakralizatzen du antzerkiaren mamiak. Eta gehiago azalak. Bi antzezleak langile eta antzerkilari amateurrak dira, eta taula gainean izanik aldarrikatzen dute, justuki, «badela leku denendako antzerkian, izan amatur, izan profesional. Ikusleetan ere, badela edozein antzerki ikusteko aski ikusle. Denetarik behar dela eta badela».

Martxoaren 12ko Domintxaineko emanaldian, laurogei pertsonatik gora izan zituzten ikusle. Bertan zen Mattin Irigoien antzerki idazlea (besteak beste). Eta hala bota zigun hark, jende andana ikusirik harridura azaldu genionean: «ageri da libertimenduaren izpiritua, oraino». Hiru aste lehenago eman zuten Donapaleun. Eta transmisioa ez da soilik bertikalki gertatzen den zerbait.

Luhuson estreinatu eta Miarritzetik, Domintxainetik eta Baionako Zizpa gaztetxetik iragan ondoan, oholtzaz oholtza jarraitzeko asmotan dira, eta EHZ jaialdian izanen dute azken emanaldia. Garaiz zaudete.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan