2016-03-04 Albisteak
Azken hogei urteetako ohitura du Jakinek, elkarrizketa sakon eta luze bat medio, kulturgileren baten biografian murgil egitea, haren hitzek, bizipenek, ekintzek, pentsamenduak eta memoriak Euskal Herriko azken hamarkadetako historia ulertzen, ñabartzen eta ezkutuan zena agertzen lagundu dezaketelakoan. Sinetsita gaude ahozko memoriak errelatua osatzeko berebiziko garrantzia duela.
Lehen aldikoz, esan beharra dago –gehiago esan beharrik ez izateko–, emakume batek hartu ditu Jakinen Historia bizia ataleko orrialdeak: Kristiane Etxaluz Etxegaraik, Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetariaren eskutik. Orain 74 urte Domintxainen, Zuberoan, jaioa, euskaltzaletasunean eta abertzaletasunean eman du bizia bide desberdinak ibiliz. Memorian geratu da ETArekin lotura izateagatik atxilotutako Iparraldeko lehena izan zela. FreeKristiane baten trazan geratu da askoren memorian bere askapenaren aldeko mugimendua. Enbatako hautagai izan zen, Matalas eta Ibañeta antzezlan politiko entzutetsuetan aktore eta zuzendari aritu zen, 68ko Parisen ondorenak Paris liberatuan bizi izan zituen, Iparretarrak erakundeko kide, errefuxiatuen aldeko lanean hamaika eta bi eginak, GALen garaiak gertu-gertutik ezagutu zituen. Alfonso Etxegarai senarra Sao Tomera deportatu zutenetik, harat eta honat dabil. Antzerkia ez du inoiz utzi, eta oraintxe bertan Artedrama taldearekin batera Etxekoak antzezlanarekin Euskal Herriko taulak korritzen ari da. Eta aspalditik amets duen egitasmoa aurrera eramaten: torturatuak artatu eta osatzeko Abegi izeneko fundazioa osatzea, auzolanean txukunduko duten gurasoena zen etxean. Bere ustetan, milaka torturatuen aitortza eta ezagutzatik harago, zauri eta urratze horiek sendatzeko bideak ireki behar dira.
Etxaluz Etxegaraik eremu ugari ibili ditu. Eta horietako bik garrantzi berezia izan dute bere ibilbidean: Iparraldearen eta Hegoaldearen batasuna, eta euskal errefuxiatuei babes politiko eta soziala ematea. Bi eremu horien gainean gogoeta bana osatu dute Asisko Urmenetak eta Eguzki Urteagak. Urmenetak Hegoalde eta Iparraldearen harremanaren egoeraz idatzi du, harreman ezaz bereziki, eta horrek hizkuntza eta kulturaren eremuan batik bat sortzen dituen urradurez, besterentzeaz: «Ohartuko gara inoiz etxeko leihoaz beste aldean dagoen hori ez dela geure burua baino, islan?», idatzi du. Eguzki Urteagak, berriz, 60ko hamarkadatik 80kora arteko epean, euskal errefuxiatuek Iparraldeko bizitza politiko, sozial eta kulturalean bete duten tokia aztertu du. Izan ere, «memoria eta errelatu askotariko baina partekatu bat sortu nahi bada, ezinbesteko da, gutxienez 1936tik gaur egun arte gertatu denaren kontakizun zorrotz bezain zintzo bat egitea».
Unai Iturrriagak ere, bere artikulu grafikoan, Iparralde-Hegoalde auziari bota dio begirada, dena ez ote den Mendebalde bihurtu esateko.
Egunen gurpilean atalera sinadura berri bat etorri da. Nagore Amondarainek bi urtetan egindako lan benetan ederrari erreleboa hartu dion Miren Artetxe bertsolari eta filologoak jardungo du kulturaz. Ez du 2016 hau antzua izango kulturari dagokionez, ez horixe, eta, hain zuzen, Donostia 2016 kultur hiriburutzaz eta 2016 Desokupatu mugimenduaz idazten hasi du urtea. Beste hiru analistek iazko erronkari segituko diote: Gorka Juliok teknologia berrien eragin sozialez jardungo du, Txerra Rodriguezek, soziolinguistikaren talaiatik, hizkuntzaren egoeraz, eta Henrike Galarzak ekonomia izango du aztergai, begirada globala eta lokala uztartuz.