Komikigintza: ezinbesteko elkarlanean hazten dena

2015-02-25 Bloga

Asko dira komikiak toki duin bat merezi duela esaten duten hotsak, aspaldikoak dira komikiaren aldarria egiten duten irakurle eta sortzaileak. Sakon ari da entzuten aldarri hori azkenaldian, sartu barik, urte hasiera honetan, umore grafikoaren inguruan egondako gertakarietan eta hortik eratorri den kalapita guztian. Komikiaren generoaren defentsa egiten dutenek ez dut uste txikitako superheroien nostalgiatik hitz egiten dutenik. Komikia ez delako haurtzaroko denbora-pasa bat bakarrik, hori baino zerbait gehiago baita komikia egun. Hori baino gehiago izan delako komikia gure artean eta, zer esanik ez, beste kulturetan, genero hau indartsu duten Frantzia edo Japoniako kulturetan, adibidez.

Irudiek hitza hartzen duten unea da komikiarena, eta, hortik, esan dezakegu derrigorrezko elkarlana behar duela izan komikiak, marrazkilari eta idazlearen artekoa, behinik behin. Azkenaldiko joerak gutxienez bi buru jartzen ditu egitasmo baten inguruan lanean. Baina, dimentsio handiak dituen elkarlan bat aurkeztuko dut, bai kideen kopuruaren aldetik, bai egitasmoaren dimentsioaren aldetik. Buyan-ek, oraindik sortze prozesuan den komikiak, bost buru biltzen ditu. Elkarlan luze baten emaitza izango delakoan nago Buyan. 2012tik ari dira egitasmo honetan lanean, bost albumetan argitaratzeko asmoa dute eta gaur-gaurkoz bukatzear dute aurreneko komiki albuma.

Bost kidek osatzen duten egitasmo honen elkarlana bitxia da. 2012. urtean, Martin eta Xabier Etxeberria idazle zarauztarrengana hurbildu zen Aritz Trueba, animazioan eskarmentua duen donostiarra, ea ilustratu beharreko lanik zuten esku artean galdetuz. Orduko sasoian, izurrite batekin loturiko istorio bat zuten buruan Etxeberria anaiek, ipuin eslaviarren giroan kokaturikoa. Ipuin bat sortu eta berori ilustratzea baino, komiki bat sortzea erabaki zuten hiruren artean. Generoan esperientzia zuen Jon Mikel Udakiolari eskatu zioten laguntza, eta taldekide bilakatu zen bat-batean. Udakiola komikigintzan eta ilustrazioan ibilbide luzeko sortzailea dugu, eta berori integratu zuten taldean, aholkulari moduan, gidoitik eszenetarako bidea gidatzeko asmoarekin. Bost album sortzearen erronka gutxi ez, eta multimedia txertatu nahi izan diote egitasmoari; horretarako, Josu Igoa beratarra sartu zuten taldean. Azken horrek badu esperientzia antzeko zereginetan, Josevisky komikigileari ere multimedia proiektuetan lagundu baitio. Paperetik harago doa, beraz, Buyan komikia. Bost kideak Ikastolen Elkarteko bulegoetan lankide zirela abiatu zen egitasmoa, eta lanorduetatik kanpo mamitu, lanean bakoitzak bere zereginak baititu. Kasu batzuetan, generoarekin loturarik bako zereginetan, dela ekonomia, dela egoitzaren mantenu lanak…

Gertaera historikoak oinarri dituen komikia izango da Buyan. Batu Khan pertsonaia historikoa agertuko zaigu, mongoliarrak Europara hedatzen hasten direneko garaia azalaraziz eta gurutzaden giroarekin nahastuz. Mansi beraien pertsonaia nagusiak egingo duen bidaia kontatuko da bost albumetan, bukaerakoan Puyan irlara iritsiko delarik, arkadia baten antzeko lurralde bat izango dena.

Narrazioaren abiadura biñetetan sartzean eztabaida luzeak izan dituzte, biñeten kopuruak, beraien aniztasuna, perspektiba edo adierazpenen ingurukoak. Taldeko eztabaidak izaten dira guztiak, ekarpen guztiek dute zeresana beraz komikien sortze prozesuan, nahiz eta bakoitzak gero bere arloari ekin. Udakiolaren etxeko sotoa izan dute lantoki; bertako paretetan biñetak itsatsi eta paperaren gainean aldaketak eginez hasi ziren. Taldean IKTetan aditua den Josu Igoa kidea izanik, lanerako aplikazio bat sortu eta berorren gainean egiten dituzte ekarpen eta aldaketak, egun.

Euskal Herrian komikiari begira sorturiko argitaletxeak bakanak dira; Astiberri izan daiteke aipagarriena, edo Xabiroi egiten ari den apustua azkenaldian. Lanaren aurreneko albuma bukatzear duten honetan, argitaletxeen ateak jotzekotan dago boskotea. Ea laster dugun Buyan-en berri.

Ez dira atzo goizekoak

Esan bezala, derrigorrezko elkarlana behar du izan komikiak, hitzen eta irudien artekoa. Baina, sarritan, esku beretik etor daitezke, eta esan daiteke euskal komikiaren sorreretan esku bakarretik etorri zirela irudiak eta hitzak. Gurean ez da genero berria, ez da gure txikitako mundu mailako superheroien itzulpenetik eta imitaziotik etorri den generoa. Arrastoak urrutiagokoak ditu. Bitoriano Iraola donostiarra izan zen euskal komikiaren hastapenekin hasi zena XIX. mendean. Berorrek sortu zuen El Thun Thun (1894) astekaria. Inprenta baten jabe zen Donostian, eta, lan horretaz gain, marrazki, karikatura eta komikien egile ere bazen. Satira eta umorea oinarri zuten aldizkarien garaia hasi zen orduan.

Eta prentsan jaio zen generoa izanik komikia, euskarri horretan joango zen indarra hartuz eta haziz: Euzko Deia-n (1918), Argia aldizkarian 1921etik aurrera edo Euzko aldizkarian (1932-1934). XX. mendearen aurreneko urteetan kazetari grafiko funtzioa hartu zuten hainbat marrazkilarik, satira eta umorearen bidetik nazionalismoaren zabalkundea baitzuten helburu.

70eko hamarkadan abiatuko da komiki modernoa, haur eta gazteenei begira sortu baitziren Kili-Kili eta Ipurbeltz aldizkariak. 80ko hamarkadan alfabetatzen ari zirenentzako Habeko Mik komikiak sortu ziren. Eta handik gutxira abiatu ziren umorea eta komikiak oinarri zituzten aldizkariak: Euskadi Sioux (1979) eta Napartheid (1988). Kritikaren asmoz marrazten zen, eraldaketa sozialaren garaiak baitziren, trantsizio politiko eta kulturala urratzen ari zenekoa.

Antton Olariaga dugu Euskadi Sioux-en euskaraz argitaratzen zuen komikigile bakarra. Hirurogeita hamarreko bukaeran sortu zuen Zakilixut pertsonaia, eta ordutik dabil egunero bizia hartzen, dibertsioa eta iritzia nahasian datoz bere tiretan. Baina abangoardiaren haize berriak Bilbo iraultzen duen unetik, ezin dugu aipatu barik utzi Juan Carlos Eguillor. Bai Zakilixut, bai Mari Agirre (Juan Carlos Eguillorren pertsonaia) komiki tira bakarrean elkartu zituen Olariagak Euskadi Sioux aldizkarian, adibidez. Zakilixut Mari Agirre pertsonaiarekin ari da ametsetan komiki tira horretan. Eguillor, denbora luzez Bilbon kokatu zen artista grafiko donostiarra, gure iruditerian ageri diren lan askoren egile izan zen; egile izateaz gain, beste sortzaile askoren akuilu lanetan ibili zen izenetako bat da. Berorren Bilboko etxea izan zen garaiko abangoardiaren epizentroa, Euskadi Sioux aldizkariaren inguruan bildu ziren modernitatearen irudiak eta hitzak, Vicente Ameztoy, Bernardo Atxaga, Antton Olariaga eta Juan Carlos Eguillor sorkuntza lanetan, besteak beste.

Napartheid Nafarroan sortu zen kolektibo bat izan genuen, eta izen bereko fanzinea argitaratu zuten 1986ko Euskararen Foru Legearen aurka egiteko. Asisko Urmenetak eman zion abizena Napartheid izan zen hari, «Soweto? Euskal Herrian baino hobeto!» leloarekin. Asisko Urmeneta eta Patxi Huarte Zaldieroa bezalako marrazkilariek osatzen zuten kolektiboa.

Aipatzekoa da Etxebeltzkeriak (Gatuzain, 1999) liburua: John Etxebeltz marrazkilariak 1975etik 1999ra Enbata aldizkarian argitaraturiko komiki tira guztiak biltzen dituen liburua. Franco hil ostetik, astero argitaraturiko eta gaurkotasunarekin loturiko marrazkiak dira guztiak, umorearekin batera kritika soziala helburu dutenak.

Baina, argitalpen horiez gain, euskarri ugaritan ari zen agertzen komikia. 70eko eta 80ko hamarkadan ez zen komikiaz hitz egiten, baina komikia baliatzen zen, fanzine askotan, irudien bidez berba egiteko. Eta zelan ez, komikia erabiltzen zen musikaz ere berba egiteko. Rockak eta komikiak, aipaturiko hamarkada horietan, izan zuten harremana zelakoa izan zen adierazteko erakusketa bat antolatu da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Rockomikiak. Biñetak & Doinuak izeneko erakusketa abenduaren 17tik urtarrilaren 31ra arte egon da erakusgai.

Black Is Beltza

‘Euskal kultura garaikidea mundu mailako komikietan’. Goiburu hori du Rockomikiak erakusketan Black Is Beltza komikiari eskaintzen zaion panelak. Urte luzez, komikia bigarren mailako artetzat jo da, eta Fermin Muguruzak, beste behin ere, jakin du une egokian agertzen. Komikiari zentralitatea eman dio, eta, horrez gain, euskal kultura garaikidea Bilboko zentrora eraman du, Alondegira, hain zuzen. Elementu desberdinak elkarren parean jarri ostean, komikiaren loraldi berri batez zalantza egiten du jendeak, dagoeneko. Jorge Alderete, Harkaitz Cano eta Fermin Muguruzak osatu dute komiki liburua, baina erakusketa liburutik harago doa: solasaldi musikatuak, nerabeentzako jarduera-didaktikoak, hitzaldiak, sukaldaritza saioak, hainbat artisten master class-ak eta erakusketaren bisita bera. Hainbat diziplina eta belaunaldi elkartu ditu erakusketak.

Liburuaren aurkezpenean, oso ondo adierazi zuen Harkaitz Canok zer zen beretzat komikia: «komikia da zinema perfektua». Bere esanetan, pelikula bateko eszena batean 1.000 estra behar badituzu eta ez bada bideragarri, komikian 1.000 estra jar ditzakezu. Nahi den oro, %100ean, sar daiteke biñetetan, gidoigile eta marrazkilariaren adostasunarekin, zelan ez. Komikia eta zinema elkartuz, honako beste hau ere esana du Canok: «gure artean komiki gehiago balego, askoz ere tradizio zinematografiko handiagoa izango genuke, agian».

Fermin Muguruzak berak «gure bonba hedakorra» bezala izendatu zuen proiektua komikiaren aurkezpenean, liburua baino zerbait gehiago baita duela bost urte pentsaturiko hura. Komikia bera gaztelera, frantses, katalan eta gaztelera mexikarrera itzuli da. 1965ean Iruñeko erraldoiek New Yorkera egindako bidaian oinarritzen da istorioa, erraldoi beltzei desfilatzeko debekutik abiatutako trama.

Loturak lotura, edo Muguruzaren bonda hedakorrak eraginda agian, iritsi da azken berria: Katakrak-ek komikien irakurle taldea antolatu du, Iruñean. Euskara ikasten ari den jendeari zuzenduriko egitasmoa izango da, komikia izango baita euskara praktikatzeko makulu, berorren erabilera eta adierazpen anitzekin. Proposatu dituzten bost irakurgaietatik, aurrenekoa eta azkena euskaldun berriak diren bi egilerenak izango dira, aurretik aipatuak ere biak: Patxi Huarte Zaldieroa eta Fermin Muguruza. De Rerum Natura 5 (Elkar, 2013) eta aipatu berri dudan Black Is Beltza (Talka, 2014) bonba hedakorra izango dira irakurgaiok. Baina lotura guztiek dute zentzua, Katakraken kokatzen dugu egun Hedoi Etxarte idazlea, Ihes ederra (Alberdania, 1999) komiki ederra sortu zuena. Beraz, ondo harilkaturiko gertaeren segida batekin uler daiteke irakurle talde horren sorrera. Alain Urrutiaren irudiekin osaturiko komiki horrek izan zitekeen Euskal Herri batera garamatza, Frantziaren menpeko Euskal Herri oso bat, ukronia bat. Erreferentzia eta keinu metaliterario askorekin osaturiko komikia, entzuteko, irakurtzeko zein dokumentatzeko gidekin osaturikoa da Ihes ederra. Sasoi hartan, lurrikara txiki bat izan ziren Urrutia eta Etxarte, Joanes Apaolaza protagonistari bizia eman baitzioten Twitterren eta izen horrekin, gaurko egunean oraindik, ikusgai dagoen blogean.

Komikiari buruz hitz egitean, mugimendu ikusezinaz ari garela? Ez nuke esango, badago zer irakurri eta zeri buruz berba egin; formatuaren moldagarritasunetik, berori irakurtzeko bideak arakatzetik eta liburuak eskuz esku erabiltzetik ari da argia hartzen komikia.

 

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan