Kolabo-kontsumoaz

2014-11-10 Bloga

Ekainean Europako hiri nagusietan (Euskal Herrikoetan ez) taxilarien greba deialdi bateratua izan zen, historian lehen aldiz ziurrenik. Uber plataformak egiten dien konkurrentzia desleiala salatu nahi zuten, eta, Streisand efektua deritzon horrekin, inoizko publizitate kanpainarik handiena oparitu zioten euren lehiakide horri. Beste horrenbeste ari da gertatzen Kataluniako Generalitateak isun bidez zigortu duen Airbnb moduko plataformekin: nonahi ostatua eskuratzeko aukera eskaintzen dute, norbanakoak harremanetan jarriz eta hotel, pentsio, landetxe eta gainerakoei merkatua janez.

Berrikuntza teknologikoek duten indar (ikuspuntu honetatik) suntsitzailearen adierazpen bat gehiago dira aipatu adibide biak. Bere garaian olak, idazmakinak, posta zigiluak edo telefono kabinak (ia) desagertu ziren bezalaxe, kontsumitzeko eta harremanetarako moduak ere eraldaketa aldi sakonean daude. Uste baino gertuago ditugu Internet bidez sortu diren bikoteak, oporretarako etxea trukatzen duten sendiak edo arropa dendan probatuta (edo gabe) Internetez erosten duten lagunak.

Berrikuntzaren gidaritza duenak, oro har, abantaila izan ohi du. Legeak, lobbyak, ohiturak eta beste aurka izan arren, norbanakoari mesedegarri zaizkion gisako aldaketek aurrera egiten dute, aurrez ezarritako lizentziadun eta interes taldeek gatazka piztu eta protesta puztu arren. Talka suntsitzailea gertatzen da tarteka, edo, beste zenbaitetan, industria zaharra teknologia berria bereganatzen saiatzen da, berearen defentsan, hibridazio moduko batean.

Adibidez, banku arruntek Internet bidezko bankuak sortu eta zerbitzuak eskaintzera nola jo duten ikusi dugu. Saialdiok ez dute noski beti arrakasta erabatekorik izaten, eta, nolanahi den, epe luzerako eragin ukaezinak izaten dituzte sektore bakoitzean. Euskal Herriko banku bulego sarea izango da, urte batzuk barru, eraldaketa horien lekukoetako bat, bidaia agentziena izan den legetxe. Hotelgintzan edo garraioan ere, oro har, ez dirudi gauzak lehenera itzuliko direnik.

Gehienok dugun autoko aulki hutsari edo etxeko logela hutsari etekina ateratzeko aukera inoizko handiena eta errazena da gaur egun. Hotel edo taxi sektorearen kalte eta Ogasunaren kezkagarri izango da, baina hala da. Baina diskogintza, liburugintza, prentsa idatzia edota argazkilaritza goitik behera aldatu diren bezalaxe, sektoreotan ere ez gara lehenera itzuliko.

Aparretan hazten ari den kontsumo mota horri ‘kolaboratzaile’ izenlaguna gehitu dionik bada. Segundamano egunkaria, kasu, sei urtetan paperetik Internetera pasa eta bikoiztu den negozioa; Bilboko Maiatzak 2 kaleko azokaren, Madrilgo rastro-aren edo Parisko marché aux puces-en bertsio elektronikotzat jo daitekeena. Taldekako erosketak eta beherapenak sustatzen dituzten Mauka.eu, Colectivia.com edo Groupon ere hor dira.

Urtean %10etik gorako hazkundea erakusten dute gisako hainbat jardunek azken urteetan, eta, aurrera begira ere, merkatu hazkorra eskura dezakete. Dena den, kontsumo ‘kolaboratzaile’ horren atzean, ez da kontsumoaren paradigma aldaketa nabarmen bat atzematen. Lehen herritik herrira stopean egiten genituen joan-etorriak BlaBlaCar.com bidez egin litezke orain, joanaldi askoz luzeagoak ere erraztuz; baina, oro har, ongizatea kontsumoa maximotuz lortzen duten norbanakoak ari dira, ahal teknologiko handiagoz, elkar eragiten, baina norbere hobe beharrez beti ere. Trukearen onuradunak harremanetan jartzea errazagoa eta merkeagoa delako hazten dira trukeok, elkarren interesak lerratzen diren heinean. Hortaz, horri ‘kolaboratzaile’ deitzeak gehiegikeria dirudi, aurrezki garrantzitsuak lortzen dituen arren ez baitu, inondik ere, ‘deshazkundea’ moduko kontzeptuekin edo ekonomiaren ikuspuntu sozialagoekin inongo bateragarritasunik. Norbanakoen aurrekontu muga kudeatze hutsa du atzean, kontsumo alternatiboetarako baliabideak aurreztuz. Gainera, baliabide aurrezki hori sistemak ezarriak dituen baldintza arautzaileen lepotik lortzen da hein handi batean. Lizentziadun ohiko negozioei (taxi edo hotelen kasuan) edo ogasunei erronka latza sortzen diete, horrenbestez. Eta aldeen nahia gehi teknologia fabore izanda, fenomenoa geldiezina dela esan liteke. Hortaz, zenbat eta lehenago moldatu (edo ahal den heinean arautu), hobe.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan