Kapitalismoa borrokatu

2016-05-12 Bloga

Martxoan piztu zen berriz ere Banksyren identitateari buruzko eztabaida. Londresko Queen Mary unibertsitateko ikerlari batzuen arabera, berrogeita bi urteko ingelesa da kale-artista. Robin Gunningham, hain zuzen ere. Urte askotarako. Ez da lehen aldia izen hori prentsan ageri dena. Banksyren inguruko paradoxak asko baitira, eta bat hauxe, nor den ezkutatuz, obra azpimarratu ordez identitateari buruzko interesa piztea. Hilabete batzuk lehenago izan genuen bere ustezko azken lanaren berri ere. Londresen bertan, Frantziako enbaxadaren parean, Cosette negarrez gas hodei batean bildua, QR kode bat aldamenean, urtarrilean Calaisen poliziaren esku-hartzearen bideoa, gas negar-eragilea Europan sartu nahi duten errefuxiatuen aurka. Ematen du gogoetarako Robinen –edo dena delakoaren– horma-irudiak.

Euskal Herriko bost kale artisten lana oinarri, kale artearen inguruko gogoeta eta eztabaidarako plazaratu du DSS2016k Hormek diote proiektua. Asmo horretan egin dira martxoan zehar grafiti tailerrak, Keiwan Karimi zinegile iraniarraren Writing on the City filmaren proiekzioa… Eta asmo horrekin antolatu zuten martxoaren 9an ‘Arteak kale egiten duenean’ hitzaldia, Garoa liburu-dendan. Bertan Xabier Gantzarain arte adituak Banksy aipatuz abiatu zuen gogoeta. 2010ean Donostian azaldu zen Banksyrena izan zitekeen grafiti bat. Estiloagatik. Uneagatik (iraila zen, eta Zinemaldiak artista beraren Exit Through the Gift Shop filma eman zuen). Zalantza aurreko paradoxan errotzen zen: Banksyrena ote zen? Hots, artea? Orduan udaltzainek egin zuten eztabaidaren absurdotasunaren inguruko performancea, pintura zuriz.

Arteak kale egiten duenean, inork arte gisa ikusten ez duenean, inork ez duenean errespetatu beharreko obra bat ikusten, beste zerbait bihurtzen da; ez da gorde beharreko artea, ez da laudatu beharrekoa, gizartearen parte da, eztabaidaren parte. Orduan funtzionatzen du ondoena.

Halaxe jaso zituen Ander Perezek Gantzarainen hitzak.

Eremu publikoan muralak egiteko, edo kartel eta pankartak jartzeko debekuak gero eta zorrotzagoak bilakatzen ari diren honetan, Donostia eta hiri inguruko bost horma jarri dituzte DSS2016koek kale-artisten eskura. Libre izan dira artistak nahi izan dutena margotzeko, zegozkien metro karratuetan, bizikidetzaren gaia ardatz. Kale-artista baztertuak zentrora ekarri nahi izan ditu proiektuak. Modu figuratuan bostetik lau, eta literalean azkena. Urumeako igogailuko horma izango omen da, hain zuzen ere, ikusgarriena, eta hirigunetik proiektuari hedapena eta izaera emango diona.

Kosta egin omen zitzaien proiektuaren kudeatzaileei kale-artisten baiezkoak lortzea, Koldo Almandoz koordinatzaile artistikoak berak adierazi zuenez. Zailtasun horien harira, irratian aditu genion Xabi Payari erosotasun eremutik ateratzea dela elkarbizitza sustatzeko bidea. Gerta zitekeen, ordea, kale-artistak soilik sentitzea deseroso. Baina, badaude kontraesanak eztarrian, urrezko kaiolara begira dagoena deseroso sentiaraztea lortzen duten artistak. Igor Rezola bat. Berari egokitu zitzaion Urumeako igogailuko horma. Eta Igor Rezolak gol. Laurogeiko hamarkadako pintaden estilo landuan idatzi zuen honakoa: «KAPITALISMOA BORROKATU». Eta ondoren pintada ezabatu zuen, udal poliziaren gaur egungo estilo garaikidean. Ez osorik, baina. Geroztik Urumeako igogailuan «KAPITAL» irakur liteke, eta orbain zuri bat du ondoan.

Gantzarainen definizioari heltzen badiogu, alta, Rezolak lortu du aurrez saldutako obra, urrezko markoduna izanagatik ere, arte egitea. Kapitalak kale artea bere egin nahi izanagatik, ez dio utzi bere lana kapitalizatzen. Nahi izan balu egin ahal izango zukeen, berez. Proiektuarentzat sekulako heldulekua izan zitekeen, benetako gogoeta bat abiatzeko, esaterako, kapitalismoaren eta bizikidetzaren arteko loturari (edo loturarik ezari) buruz. Baina, ez da, nonbait, errentagarria. Hobe ez-gogoeta aurrez diseinatutako markoaren barruan garatu, eta abortatu.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan