Juan San Martinen obra digitalizatua, eskuragarri

2022-11-07 Albisteak

Juan San Martin idazle, euskaltzain, etnografo, arkeologo eta mendizalearen obra digitalizatua euskal pentsamenduaren digitalizazioari eskainitako webgunean dago ikusgai. Une honetan, berak idatzitako 1.314 lan daude eskuragarri osatuz doan webgunean: horien artean, 25 liburu, 79 liburu atal eta ia berrogei agerkaritan argitaratutako 1.179 artikulu, poemez eta itzulpenez gain. Lorea Agirre JAKINeko zuzendariak San Martinen ekarpena ezagutaraztearen garrantzia azpimarratu du, «irakurtzeko, ezagutzeko, ikertzeko, transmititzeko, irakasteko eta osatzeko» izan dadila opa eginez.

Bere jaiotzaren mendeurrenean, Eibarko liburutegian eskaini dioten erakusgelan elkartu dira Harkaitz Millan Kultur diputatua, Bingen Zupiria Kultura sailburua, Jon Iraola Eibarko alkatea, Juan San Martinen senideak, kultura eta euskal munduko jendea eta herritarrak. Omenaldi kutsuko aurkezpena izan da, bere ibilbide oparoaren transmisioa bermatuko baitu digitalizazioak, ezagutaraziz eta jarraipena emanez. Berak idatzitako esaldi bat irakur zitekeen hormatik: «damu bakarra dut bizitza honetatik alde egiteko: nahi nituzkeen liburuak irakurri gabe eta idatzi nahi nukeena idatzi gabe joan beharra…». Ez da gutxi esatea, kontuan izanik bere obrak 1.800 testutik gora biltzen dituela. Webgune propioan jarriko dira guztiak ikusgai, berariaz sortutako bilatzaile eta aurkibide propioarekin.

Askotariko lanak utzi zituen 2005ean hil zen idazle eta euskaltzaleak, pertsona polifazetikoa baitzen, Agirrek azaldu moduan: «idazle, poeta, etnografo eta arkeologo, kultur eragile, ikertzaile hala euskal literaturan nola historiaren eremu zabalean, euskaltzain, ararteko, mendizale, espeleologo eta, nabarmenki, euskaltzale». Are ezaugarri nabarmenagoak horiek guztiak, frankismo garai estuan formatutako San Martin gaztearentzat.

Aurkezpenean bistaratu da digitalizazioaren lagin bat, eta guztira atarian 1.935 idazlan edo dokumentu bilduko dira, horietatik 1.833 San Martinek berak idatziak. Kopuru izugarria eta nabarmena. Ez alferrik, Agirrek aipatu bezala, «mendibideetan barrena edo hitzekin, XX. mendeko Euskal Herriaren eta euskararen lur gehienak zapaldu zituen San Martinek bizitza osoan zehar», eta horietan arrastoa utzi zuela erantsi du. Orain, lorratzak eskuragarri daude, bidea zabaltzen jarraitzeko.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan