2025-12-09 Albisteak
Paradoxikoa da: «[Joxe Azurmendiren heriotzean] Agur gorde bat egin zuten hurbilekoenekin, eta guk inoizko Jakin jendetsuena eskaini diogu. Hori gutxi ez, eta hemen ari gara fedegabe batzuk berari eskainitako meza laiko hau ofiziatzen». Haritz Azurmendi Jakineko kidearen hitzak dira horiek, eta aipatzen duen meza laiko hori da, hain zuzen, Durangoko Azokako azken egunean, Gerediaga elkartearekin batera, Joxe Azurmendiri egin diogun aitortza ekitaldia. Eta ez da gutxi Azurmendiri aitortu nahi dioguna, agorrezina baita idatzita utzi digun guztia. Esate baterako, haren «pentsamendu irekia» nabarmendu zuen Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, baita «askatasunaren eta askatasunerako pentsamendua» ere.
«Pentsalari handi» gisa ezagutzen dugu Joxe Azurmendi, baina «euskal kulturaren plazara poeta gisa» plazaratu zela gogorarazi zuen Agirrek, Hitz berdeak liburuarekin. Poema liburu horretan dago Manifestu atzeratua «poema fundazionala», eta Jakineko zuzendariaren arabera, lerro horien artean agertzen dira Azurmendik 60 urtetan landuko dituen hainbat gai. Izan ere, poema horretan «gaur egun ere oihartzun egiten duten gaiak, auziak, kritikak eta ironiak» planteatzen ditu pentsalariak. Poema hori izan zen, hain zuzen, ekitaldian Miren Narbaizak musikaz eta Ainara Lasak irudiz jantzi eta Iñigo Astiz, Leire Bilbao, Oihane Zuberoa Garmendia, Josu Landa, Castillo Suarez, Iñigo Satrustegi eta Leire Vargas poetek kolektiboki errezitatu zutena.
Pentsamendua eta praktika, biak aitortu nahi izan dizkiogu Azurmendiri, eta biak nahi ditugu geroratu. Hala azaldu zuen Haritz Azurmendik: «Aurrerantzean ere, Azurmendiren ideiek eta praktikak eragile izan daitezen nahi dugu, zirkulazioan egon daitezen». Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak ere heldu zion transmisio horren inportantziari, eta Azurmendiren lana elkarrizketan jartzearen garrantzia nabarmendu zuen, haren pentsamendua ere badelako euskal kulturaren errota mugitzen duen indarra. Horren adibide gisa aipatu zuen, esaterako, Durangoko Azokaren Sormen Bekaren proiektu irabazlea: Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak. Mikel Urdangarinek, Ainhoa Olasok eta Usue Egiak Joxe Azurmendiren eta zenbait pentsalari eta erreferente feministaren arteko elkarrizketak fikzionatuko dituzte komiki formatuan.
Ikusi aitortza ekitaldia osorik, hemen: Joxe Azurmendiri aitortza ekitaldia, Durangoko Azokan

