2025-10-20 Albisteak
Ostiralean hil zen Jone Forcada (Donostia, 1933-2025), 92 urte zituela. Aitzindari eta ekintzailea izan da Forcada eremu askotan, eta nabarmentzekoak dira, besteak beste, irakaskuntza, herrigintza eta euskalgintza. 1955ean amaitu zituen irakasle ikasketak, eta gerraosteko ikastolen bultzatzaileetako bat izan zen, Elbira Zipitria andereñoarekin batera. Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko sortzaileetako bat ere izan zen.
Hamasei urte igaro zituen erbestean Txillardegi senarrarekin eta familiarekin: Parisen, Lapurdin eta Belgikan. Frantziako Estatuak Ipar Euskal Herrira joateko baimena eman zionean, Hendaiara joan zen, eta han egon zen sei urteetan Iparraldeko bigarren ikastola irekitzen lagundu zuen. Franco hil ondoren, Donostiara itzuli ziren.
Jakinekin ere aritu da lankidetzan Forcada, eta ezinbestekoa izan da haren laguntza Txillardegiren obra osoa bildu, katalogatu eta digitalizatzeko. Dabilen Pentsamendua bilduman ere izan zen garrantzitsua Forcadaren parte-hartzea. XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana aitortzea eta ezagutaraztea da bildumaren helburua, eta Txillardegi da bildumako lehen pentsalaria.
Gure doluminak senide eta adiskide guztiei Jakineko kideen izenean, eta eskerrak Joneri, urte hauetan guztietan bidelagun izateagatik.
