Gora joan
Menua

Joan Mari Torrealdairi omenaldia

Bere heriotzaren urteurrenean, jardunaldia eta omenaldia eskaini zaizkio Torrealdairi

2021-07-30

2021eko uztailaren 30a, bere heriotzaren urteurrena «Joan Mari Torrealdairen eguna» bilakatu da, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak iragarri bezala. Goizean, bere ekarpen zabala aztertu da jardunaldian eta arratsaldean, omenaldia eskaini zaio Martin Ugalde Kultur Parkeko lorategian.

Jardunaldian, bere lanari lotutako lau alor aletu dira: Dabid Anaut euskalgintzan egin zuen bideaz aritu da, Xabier Eizagirrek liburugintza aztertzeko egindako lanaz, Lourdes Otaegik Torrealdaik zentsurari buruz egindako ikerketak errepasatu ditu eta Imanol Muruak kazetaritzan egindako ibilbidea eta prentsarekiko harremanak. Lorea Agirrek ireki du jardunaldia eta Joan Mari Larrartek eman dio itxiera, udazkenean eskuartean izango dugun Torrealdairen azken liburuaren berri aurreratuz: 'Egunkaria. Arrakasta soziala'. (Lotura honetan ikus daiteke jardunaldi osoa).

Arratsaldean omenaldi ekitaldia eskaini zaio Martin Ugalde Kultur Parkeko lorategian, musikaz, bertsoz eta hitz ederrez josia. Hizlari jardun dute Paulo Agirrebaltzategik, Lorea Agirrek, Mikel Arrizabalaga lagunak eta Garazi Torrealdai alabak (Lotura honetan ikus daiteke omenaldi osoa).