Gora joan
Menua

Joan Mari Torrealdairen zentsurari buruzko doktorego tesia, argitara

2024-05-14

Joan Mari Torrealdaik 1991. urtean defendatu zuen bere zentsurari buruzko doktorego tesia Deustuko Unibertsitatean. Gaur, Unibertsitate berean aurkeztu da tesi haren liburua: La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983). Análisis de los informes del Lectorado. Aurkezpena baliatuz, zentsurari buruzko jardunaldia osatu dute Lorea Agirre eta Xabier Eizagirre Jakineko kideek, Josu Bijuesca Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak eta Mari Jose Olaziregi EHUko MHLI Ikertaldeko zuzendariak.

Aurkezpeneko sarreran, Elixabete Perez Gaztelu (Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutua), Mari Jose Olaziregi (EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Saila) eta Joan Mari Larrarte (Jakin Fundazioa) bat etorri dira elkarlan honen aberastasuna azpimarratzean, nahi baino ezohikoagoa baita unibertsitate ezberdinek elkarrekin jardutea antolakuntzan. Perez Gazteluk nabarmendu bezala, "lankidetza honen erantzule Joan Mari Torrealdai da, hitzaren bi adieretan". Larrartek, Torrealdairen nahia bete dela adierazi du, bai tesia argitaratuta eta baita elkarlan hau sustatuta ere.

Zentsura Torrealdairen ibilbidean
Lorea Agirre Jakineko zuzendariak Joan Mari Torrealdairen obra errepasatu du, haren hiru lan ildo nagusien artean, euskalgintzarekin eta liburugintzaren azterketarekin, zentsura kokatuz. Azken horretan aurreko biak txirikordatuta datoz, noski. Eta Torrealdairen ereduak utzitako hamar lezio gogoratu ditu Agirrek, horien artean talde lanaren garrantzia, azpiegituren beharra eta profesional militantearen figura azpimarratuz.

Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruak ikerketari ekin aurretik Torrealdaik bere larruan bizitako zentsurari lotutako esperientziak gogoratu ditu. Izan ere, "zentsura aztertzea aurreko belaunaldiei justizia egiteko modu bezala" ikusten zuela gogoratu du. Gero, ordea, bere lan intelektualean egin zuen topo zentsurarekin, eta baita geroago bere gorputzean ere "zentsura baino, inkisizioarekin". 

1984. urtean ("Orwellen urtea") editore eta argitaletxeei bidalitako galdetegi batekin hasi zen doktore tesi hori, Eizagirrek azaldu duenez, eta Alcalá de Henaresko artxiboa ikertzen pasa zituen hurrengo lau urteak. Irakurleen arrazoi eta txostenak husten jardun zuen, eta Eizagirrek horietako zenbait adibide irakurri ditu, hain ondorio serioak ez balituzte barregarri liratekeenak. Irakurleak sarean eskuragarri dagoen tesiaren dokumentuak idazleka bilatzera gonbidatu ditu, harrigarri suertatzen baita zenbait lanek jasotako erantzuna. Amaitzeko, azken asteotan gune desberdinetatik hainbeste baliatu diren lawfare eta kantzelazioaren kultura aipatu ditu, tesia adibide, aspaldi ezagun diren praktiken inguruko erabilpena bistaratuz.

Zentsura ikergai
Josu Bijuesca Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak Torrealdairentzat zentsura, kezka intelektual izateaz gain, esperientzia zuzena ere izan zela gogoratu du, 1969an Fragak Jakin aldizkaria debekatu zuela gogoratuz. Zentsurak eragindako isiltasun ozenak ekarri ditu gogora, Torrealdaik jaso bezala, euskal kulturaren lerroa ezingo baita grafikoetan lerro zuzen bezala adierazi,, lerro eten segida bat litzatekeelako. Bijuescak nabarmendu du gure buruari zor diogun memoria ariketa ezinbestean izango dela traumatikoa, eta horren osagai ezinbestekoa dela liburu hau argitaratzea. 

Mari Jose Olaziregi EHUko MHLI Ikerketa taldeko zuzendariak argi du Torrealdairen tesi hau eta horri buruz argitaratutako liburuak oinarri izan direla euren zentsurari buruzko ikerketarako. Mugarritzat jo du tesia, bakarra izateaz gain, sistematizazio lanean egindako ekarpenagatik: Robert Escarpit soziologo frantses entzutetsuaren metodologia aplikatu zuelako euskal literaturan lehen aldiz, eta literatura lanen kontestualizazioagatik.Torrealdairen lanak bizirik jarraitzen duela gogoratu du, ez ezagutzen dutelako, baizik aintzat hartzen dutelako eta hura baliatuz lan berriak egiten direlako.

Geroztik MHLI Ikertaldean egindako lanaren berri eman du Olaziregik, Torrealdairi eskuratzeko geratu zitzaizkion txostenen bila zein geroagoko epeetako kasuak aztertuz. Horietan, bereziki nabarmena da frankismoa amaitu berritan nola haur eta gazte literatura jo zuten begiz (Ikastolen mugimenduari eta alfabetizazio mugimenduari erantzunez, ikerlarien ustez), eta zer irizpide nagusiren bueltan mugatzen duen: ideologia, morala eta genero politika. Ikerketa horien emaitzak eta dokumentuak sarean ikusgai daudela gogoratu du. Gainera, euskal editoreei eskainitako atala sortu dutela aipatu du, eta webgunean Torrealdairi eskainitako txokoa nabarmendu. Sareko omenaldi hori baino, "haren obrari egiten diogun aitortza haren lana aintzat hartu eta oinarri gisa baliatuz ikerketari jarraipena ematea" dela gogoratu du.

Azkenik, jardunaldian zehar airean forma hartu duen galdera luzatu dute Bijuesca eta Olaziregik: zentsurak ezabatu eta debekatutakoaz gain, sortu gabe utzi zuena kontuan hartuta, zer ez ote zatekeen euskal literatura hori gabe?