Joan Mari Torrealdai gogoan zenbaki monografikoarekin eta atari digitalarekin

2020-12-06 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/UN8eY2e6NBc

Uztailaren hondarrean utzi gintuen Joan Mari Torrealdai (1942-2020) jakinlariak. Bere hutsunea bizi-bizi dugula, bere bizitza eta ekarpena ekarri nahi izan ditugu gogora. Alde batetik, Torrealdairen obra argitaratu guztia digitalizatu eta Jakinen Euskal pentsamendua atalean sareratu dugu, denon eskura egon dadin. Eta, bestetik, Torrealdai: euskara herri zenbaki monografikoa argitaratu dugu, bere ekarpena aztertu duten aditu eta adiskideekin.

Torrealdairen obra osoa sarean

«Bizitza osoko ibilbide intelektualaren emaria jasotzen du Joan Mari Torrealdairen sareko atalak». Hala dio Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruak. Izan ere, 57 urtean zehar Torrealdaik idatzi eta argitaratutakoa biltzen du Jakinek sortutako sareko atalak: 592 idazlan, 13.613 orrialde digitalizatuta. Idazlanik goiztiarrenak 1963koak dira, Anaitasuna eta Egan aldizkarietan argitaratutakoak. Dokumenturik berriena, aldiz, 2019koa da, Jakin aldizkarian idatzitakoa.

Hori guztia izango du erabiltzaileak eskura Jakinen sareko atarian, propio egokitutako bilatzailearekin. Gainera, Torrealdairen biografia laburra eta digitalizazioaren nahiz obraren xehetasunak topatuko ditu bertan. «Torrealdairen lana denon eskura egotea oso garrantzitsua da», ziurtatu du Eizagirrek. «Beste inork aztertu ez dituen gaiak landu baititu berak: euskararen jazarpena edo liburugintza, esaterako. Eta, gainera, euskararen eta euskal kulturaren garaian garaiko premiei lotuta jardun du». 

Zenbaki monografikoa

«Aurten, bederen, egiterik espero ez genuen zenbaki monografikoa da hauxe», dio atsekabez Lorea Agirre Dorronsoro Jakin-eko zuzendariak. «Bortxaz sartu zaigu 240. zenbakia eguneroko lanean, Torrealdairen beraren heriotza nola». Hain zuzen ere, Joan Mari Torrealdairi eskainitako zenbakia baita Jakin-en 240.a. Bere lan eskergaren bost eremu jasotzen ditu, aditu banarekin: Dabid Anaut Peñak euskalgintzan aztertu du Torrealdai; liburugintzaren ikerketa soziologikoan bost hamarkadatan zehar egindakoak aletu ditu Garazi Arrula Ruizek; Imanol Murua Uriak euskarazko hedabideetan egin zuen lana ikertu du; Lourdes Otaegi Imazek zentsuraren esparruan sortu zuen eskola xehatu du; eta Agurtzane Juanena Alustizak Torrealdairen amets ez gauzatua izan zen liburutegi nazionalaren egitasmoa berritu du.
Era berean, bidelagun eta adiskide izan zituen Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi elkartu ditu Lorea Agirrek, Torrealdairen bizitzaz eta ibilbideaz jarduteko. Azkenik, Torrealdaik berak Manuel Lekuona Saria zela-eta orain bost urte idatzi zuen testu autobiografikoa berreskuratu du zenbakiak.


‘Maratoia korritzera atera gara. Joan Mari Torrealdai Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategiren bihotz-begietan’
Lorea Agirre Dorronsoro

Lankide, lagun, erreferente, eragile, xaxatzaile, mendi gidari, otordukide… gertutik ezagutu dute Torrealdai Joxe Azurmendik, Paulo Agirrebaltzategik eta Joseba Intxaustik. Lankide zein adiskide izan da Torrealdai, eta laurek osatu dute Jakin Taldea. Bizipen horiek partekatu dituzte Lorea Agirre Dorronsoro kazetari eta Jakin-eko zuzendariarekin, Torrealdairen ekarpena, lan egiteko modua eta izatea kokatu eta goraipatzeko. Joxe Azurmendik hala dio: «Lan egiten zuen borroka bat balitz bezala. Ze bere lana borroka bat zen».


‘Torrealdai: izena eta izana, euskalgintzari emana’
Dabid Anaut Peña

Torrealdaik euskararen normalizazioaz eta euskalgintzaz zuen ikuspegia aztertu du Dabid Anaut Peña euskara teknikari eta euskalgintzako ekintzaileak. Arantzazun 50eko hamarkadan euskaltzaletu zenetik, euskara izan baita «Torrealdairen bizitzaren ardatza». Hortik, euskalgintzari emana jardun du Torrealdaik: euskara batuaren garapenean, hizkuntza politiken azterketan, transmisioan, ikerketan, Jakin aldizkarian, Euskaldunon Egunkaria-n… Euskalgintzari egindako ekarpen horren argazkia osatu du Anautek.


‘Zerrendero batekin solasean’
Garazi Arrula Ruiz

«Euskarazko liburugintzak neurri batean euskal gizartea islatzen duela, horixe izan zuen [Torrealdaik] hasierako lan-hipotesia, eta ibilbide osoan lagundu zion». Torrealdairen liburugintza eta argitalpengintza aztertu ditu Garazi Arrula Ruiz itzultzaile eta editoreak, bere ikuspegiaren eta ekarpenaren berri emateko. «Ez da gehiegikeria esatea azken helburua gizartea azaltzea zutela, urtez urte –ez kezka, etsipen eta buruko min gutxirekin–, liburugintzari eskainitako azterketek».


‘Torrealdai eta prentsa: herri ekimena, autonomia, zabaltasuna, nazio ikuspegia’
Imanol Murua Uria

Torrealdai kazetariaren eta hedabideen eragile zein ikertzailearen pausoei jarraituz osatu du artikulua Imanol Murua Uria kazetari eta EHUko irakasleak: Jakin eta Anaitasuna-n kazetari, idazle eta zuzendari izan zen Torrealdai, Euskaldunon Egunkaria-n sustatzaile, eragile eta Administrazio Kontseiluko kide, eta, ikertzaile gisa, euskarazko hedabideek 1960ko hamarkadatik aurrera izan duten bilakaeraren aztertzailea ere izan zen. Batean zein bestean, Torrealdairen jomuga bera zen beti, Murua Uriaren ustez: hedabide independente, autonomo, profesional, nazional eta euskara hutsezkoak sortu eta bultzatzea.


‘Torrealdai, euskal liburuaren zentsuraren aztertzaile’
Lourdes Otaegi Imaz

Euskal liburuaren zentsuraren alorrean Torrealdaik eginiko ekarpena aletu du Lourdes Otaegi Imaz EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasleak, zentsuraren gaineko ikerketa eta dibulgazioa izan baitira Torrealdairen ardatz nagusietako bat. «Hitz batean, euskal liburuaren nabigazioa mehatxatu zuen zentsura estrategiaren nondik norakoak argitasunez azaldu ondoren, azken egunetara arte jarraitu zuen bildutako informazio osagarria ere dibulgatzen, baita Trantsizioan demokraziaren hobe beharrez eta ‘isiltasun paktuaren’ izenean isilarazitako zehaztasun, kasu eta protagonistak agerian jartzen ere». Horretarako, honako lau alorrei erreparatu die, Torrealdaik nola: euskararen jazarpen historikoari, zentsura gubernamentalari, autozentsurari eta argitaletxeenari.


‘Biblioteka Nazionalaren ametsa XXI. mendean’
Agurtzane Juanena Alustiza

Euskal biblioteka nazionala izan zen Torrealdairen ametsetako bat, gauzatzen ikusi ez zuena. Bada, amets hori hartu eta gaurko begietatik aztertu du Agurtzane Juanena Alustizak, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kideak. Uste du Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako liburutegi digitalaren egitasmoa ez dela aski: «Munduko kasu bakarra izango da Liburutegi Nazionalaren lan eskerga, helburuak eta erronkak gidaritza duen liburutegirik gabe planteatzen duena». Horregatik, Torrealdairen ametsa egia bihurtzea ezinbestekoa dela dio Juanenak.


‘Katea ez dadin eten’
Joan Mari Torrealdai

Torrealdaik berak bere bizitza eta ibilbidea jaso zituen testu autobiografiko honetan, 2015ean Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria jaso zuenean. Lehen pertsonan idatzia, hala zioen oharretan adierazita: «Autobiografia honek ez du nire bizitza kontatu nahi, baizik eta biografiaren harian nire bibliografia kokatu, eta areago: nire konpromiso kulturalak eta nire ekoizpen intelektuala ulertu ahal izateko gakoak eman». Bere eskutik jasotako kontaketa da, beraz.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan