Joan Mari Torrealdai 2. beka deialdia

2024-05-30 Albisteak

Usurbilen, Joan Mari Torrealdairen bizitoki zen herrian, aurkeztu dute Joan Mari Torrealdai bekaren 2. edizioa, euskal kulturaren azterketari helduko diona. Proiektuak urriaren 21era bitarte aurkeztu ahalko dira, eta 14.000 € eskuratuko ditu irabazleak, 18 hilabeteko epean ikerketa garatzeko. Proiektuak jmtbeka@jakin.eus helbidera bidaliko dira.

Haritz Azurmendi Jakineko kideak eman ditu xehetasunak, aurtengo gaiak bi ildo nagusi zabalduko dituela zehaztuz, Torrealdaik landutako liburugintza ardatz hartuta: batetik, liburugintzaren azterketa berrikustetik sor litekeena (metodologia berrikusiz, edo ikerketa kuantitatiboa kualitatiboki osatuz); eta bestetik, azterketa eredua beste alorretara zabaldu eta zinemari, musikari edo arte eszenikoei aplikatzea, esaterako. Epaimahaia Maialen Akizuk, Edu Apodakak, Ainara Lasak eta Ibai Iztuetak osatuko dute.

Lorea Agirre Jakineko zuzendariak kokatu du deialdiko gaia, Torrealdaik euskal kulturaren azterketari egindako ekarpen zabalaren baitan liburugintzaren azterketa soziologikoa baita mugarri nagusi. Agirreren esanetan, 1976an ekin zion Torrealdaik euskaraz argitaratutako liburuen fitxak osatzeari: “hasieran 100 fitxa inguru, eta azkenerako 2300dik gora”. 2017koa izan zen Torrealdaik egin ahal izan zuen azkena, baina Xabier Eizagirrek lekukoa hartu eta “bekaren emaitza argitara ateratzen dugunean, 2026an, 50 urte beteko ditu” liburugintzaren etenik gabeko azterketak. Torrealdairen abiapuntuko tesia ekarri du gogora Agirrek: “liburuak, liburugintza eta literatura gizartearen ispilu dira eta liburua aztertuz gizartea aztertzen ari gara”. Alegia, liburugintza ikertzea euskal mundua eta gizartea ulertzeko bide izan daiekeela.

Torrealdairen asmo sakon bat ere gogoratu du Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak: “transmisioa, katea ez etetea eta pentsamendu bat eratzea, herri baten zerbitzura jartzeko”. Zentzu horretan, “Euskal Herriak egin ziezaiokeen omenaldi onena” Usurbilgo Udalak eta Jakinek elkarlanean sortutako beka hau dela azaldu du, hain zuzen kultur ikerketak sustatu eta elkarrizketan jartzeko helburuz diharduelako. Eta JMT Bekaren bereizgarri da, ikerketa proiektuaz gain horren emaitzak gizarteratzeko eta zabaltzeko prposamenak hartzen duen garrantzia. Transmisioaren eta jendarteratzeko apustuaren erakusle da, Solabarrietaren ustez lehen edizioko irabazle Metrokoadroka kolektiboak aurkeztu duen liburu landua.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan