2020-07-31 Albisteak
«Gizartea hila da truke ideologikorik gabe». Joan Mari Torrealdairen (Forua, 1942 – Usurbil, 2020) hitz horiek laburbiltzen dute bere bizibidearen itua. Foruko gurasoen baserria utzi eta Arantzazura joan zenetik, euskalgintza eta kulturgintza sustatzea izan du xede, pentsamendua landuz eta trukatuz. Argitaratutako 24 liburuak, 47 liburu atalak eta 554 artikuluak dira lan eskerga horren adibide; asko Jakin aldizkarian argitaratuak, Torrealdairen ezinbesteko truke-plazan. «Globalizazioan, pentsamendu bakarra nagusi den aro honetan, erreferenteak sortu behar dira. Bizi dugun informazioaren uholde izugarrian, zer den garrantzitsua ikusteko talaia da Jakin».
Azken eguneraino heldu dio jardunari, ia hamarkada batez minbiziarekin borrokan aritu arren. Esaterako, pasa den udazkenean argitaratu zuen zentsuraz De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el País Vasco bere azken liburua, eta 2019ko abenduan Joxe Azurmendi Kongresuan parte hartu zuen, Jakin Fundazioko lehendakari gisa.
2020ko uztailaren 31n, ordea, gorputzak ezin izan dio heldu, eta bizitoki zuen Usurbilgo etxean hil da Joan Mari Torrealdai, 77 urte zituela, eta euskalgintzari zein kulturgintzari ezinbesteko ekarpen eginda.
Euskara batua eta liburugintza
Gazterik aritu zen Torrealdai euskarazko aldizkarien eta argitalpenen sustapenean eta euskararen alfabetatzeari lotutako jardunean. 60ko hamarkadan, alfabetatzea eta euskararen batasuna zirela-eta gerturatu zen Euskaltzaindira, eta 1966tik aurrera herriz herri ibili zen, Rikardo Arregiri lagunduz, literaturaren historiari, euskal aditzari eta euskara batuari buruzko hitzaldiak ematen.
Urte horietan zehar, Jakin aldizkariaren zuzendaritzan ere aritu zen buru-belarri. Euskara batua erabiltzen aurreneko aldizkaria izan zen Jakin. «1965ean bertan, Baionako bilera eta gero, Jakin-ek behartu zituen kolaboratzaileak euskara batuan idaztera, eta erabaki horrek sekulakoa ekarri zuen», gogoan zuen Torrealdaik. «Batua eredu gisa jarri genuen, batasuna zen garrantzitsuena. Azken finean, kultura eta modernotasuna batu nahi genituelako».
1969ko Jakin aldizkariaren debekuarekin, Frantziara jo zuen, eta bertan ekin zion soziologia ikasteari. Atzerritik hasi zen euskal idazleak eta horien obra argitaratuak ikuspegi soziologiko batetik aztertzen, guztiz berria zena gurean. Euskal Herrira itzulita, Jakin eta Anaitasuna aldizkarien zuzendaritza eta euskal liburugintzari buruzko ikerketa sistematikoak uztartu zituen. Lan horren ondorio dira Euskal idazleak, gaur (1977), XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1993), Euskal kultura gaur (1997) eta Jakin aldizkarian 1977. urtetik argitaratu dituen euskal liburugintzaren azterketak eta katalogoak. Euskal Herrian parekorik ez duen lana.
Zentsura eta transmisioa
Euskarak jasan duen zapalkuntza eta bazterketa ere izan dira Torrealdairen aztergai nagusiak. Euskararen soziologian bide propioa eginez, zentsura frankistak euskarazko argitalpengintzan izandako eragina aztertu zuen bereziki. Soziologiako doktore tesia ondu zuen gaiari buruz, hain zuzen, eta jarraipen gisa, zentsurari buruzko hainbat liburu argitaratu zituen: El Libro Negro del euskera (1998), Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1986 (2000), Asedio al euskera. Más allá del libro negro (2018) eta De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el País Vasco (2019), besteak beste. «Euskal kultura erdarak estaltzen du. Elkarrekin harreman gutxiegi duten bi kultura edo komunitate daudela esan ohi da, baina ez da egia. Euskal komunitatea erdal komunitatearen barruan dago, azpian, ezkutatuta, eta kultura horri ikusgarritasuna ematen saiatu naiz».
Transmisioa ere izan da Torrealdairen ardura nagusietako bat. «Gure belaunaldikook eten izugarria bizi izan genuen aurrekoarekin, gerra zela-eta. Ez genuen eduki memoriaren transmisioa bat; gero deskubritu behar izan dugu». Eta etena ez da eten: «[Frankismoaren ondorengo] desmemoria programatu horren ondorioak orain bizi ditugulako». Helburu horrekin, hainbat euskal herritarren lana ezagutarazteko ahalegin berezia egin zuen Torrealdaik: Rikardo Arregirena, Imanol Murua Arregirena, Karlos Santamariarena eta Martin Ugalderena, esaterako. Jakin aldizkarian ere Historia bizia elkarrizketa-saila jarri zuen martxan, eta euskal eragileen obrak digitalizatzen dihardu egun ere Jakinek.
Euskaldunon Egunkaria eta gaitza
Euskaldunon Egunkaria sortzen eta kudeatzen gakoa izan zen Torrealdai, 2003ko otsailean berripapera indarrez itxi zuten arte. Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko kide zen atxilo eraman zutenean, etxea eta Jakin miatu ondotik. «Bitan banatzen du data horrek euskal kazetaritza eta gutako batzuen historia». Izan ere, Torrealdaik berak haragituta bizi izan zuen Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren kolpea: atxiloaldian torturak jasan zituen, bost urte beranduago, 2008an, jendaurrean aitortu zuenez.
Egun horietan bizi izandakoak «barrua txikitu» ziola zioen Torrealdaik. Hainbeste, ezen minbizia eragin baitzion. Hala kontatu zuen 2015ean Baionan egindako torturaren inguruko jardunaldietan. «Zuen aurrean eta testuinguru honetan egin nahi dut publiko nire gaitza. Bistan da zergatik: deskribatu dudan torturari lotzen diot gaitza, nire minbizia. Berriz diot ez naizela sendagilea eta frogarik ez dudala aurkeztuko. Nire minbiziak erroak non dituen, ordea, nik garbi dut».
Eritasunarekin borrokan aritu zen geroztik. Baserritik Arantzazura eraman zuen jakin-minak, ordea, indarra eman zion lanean jarraitzeko. Jakin Fundazioko lehendakari, euskaltzain oso eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Urrezko Domina paparrean zuela, besteak beste, segitu zuen jardunean, bukaeraraino: zentsuraz ikertzen, liburugintzako azkerketak egiten zein Jakinerako proiektu berriak bilatzen, besteak beste.
Hori guztia dela eta, Joan Mari Torrealdairen ekarpenik gabe ez dago euskal kultura eta euskalgintza bera ulertzerik. Are gutxiago Jakin aldizkaria bera.