2020-07-13 Albisteak
Badugu zer aztertu, zer ikasi, zer aldatu. COVID-19ak agerian utzi ditu gure gizartearen gaitzak, eta horiei erreparatuko die Pandemiak, distopiak eta mundu berriak Jakin Jardunaldiak, etorkizunera begirako hausnarketan.
Horretarako, bederatzi aditu eta aritu elkartuko ditugu Usurbilen 2020ko uztailaren 16an: Mario Zubiaga, Joseba Azkarraga Etxagibel, Arantza Etxeberria, Teresa Larruzea, Irati Zubia, Joseba Gabilondo, Lorea Agirre, Aizpea Otaegi eta Agurtzane Solaberrieta. Jardunaldirako prestatutako beste autore batzuen testuak eta bideoak ere erabiliko ditugu, denon artean egungo egoeraz eta, bereziki, ate joka dugun etorkizunaz gogoetatzeko.
Orain da hausnartzeko unea
“COVID-19ak izua zabaldu du, eta izua errealitate distopikoaz erditu eta distopiak ‘normaltasun berria’ ekarriko omen du”, azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. “Bitarte horretan, sistemaren aldamio ezkutuak, egiturazko akatsak eta mito eta usteen hauskortasuna azalera atera dira: eskubide soziopolitikoak berrogeialdian, autoritate bakarra indarrean, informazioaren anabasa eta gezurraren zabaltzea, naturaren gain-ustiaketa, bizitzaren prekarizazioa. Eta horren kontrakarrean, baita jendearen arteko elkartasun uholdea ere: injustizia sozialari erantzuteko berariazko egiturak han eta hemen, publikoaren eta komunalaren arteko lankidetza berriak eta bestelako gizarte bat pentsatzeko eta eraikitzen hasteko diskurtsoak. Distopiari utopia bat”. Horregatik, “zergatiak, mitoak, korapiloak eta irtenbideak mahai gainean jarri eta partekatzeko saioa da Jakin Jardunaldia”.
Elkarrekin hausnartzea inoiz baino beharrezkoagoa zaigu, beraz. Eta, horregatik, Usurbilgo Udalaren, UEUren eta Jakinen artean antolatutako jardunaldi honek aparteko balioa du, elkarlanaren emaitza ere badelako. Ezin marko egokiagorik gai honi heltzeko.
Egun bakarra, lekuak mugatuta
Segurtasun neurriak ahalik eta modu egokienean bermatzeko, egun bakarrera ekarri dugu jardunaldia: uztailaren 16an izango da Usurbilgo ikastolan, areto zabal eta egoki batean. Hala ere, lekuak mugatu beharrean izan gara, eta ohi baino entzule gutxiagok hartu ahal izanen dute parte: 50 lagunek. Hori dela eta, online modalitatea ere eskainiko dugu aurten. Parte hartzaileek, jardunaldia sarean jarraitzeaz gain, material osagarria ere jasoko dute.
Azken modalitate horretan izena emateko aukera dago oraindik. Hemen: www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroak
EGITARAUA
09:00 Harrera.
09:30 Lorea Agirre (Jakineko zuzendaria): Gaiaren kokapena.
10:00 Mario Zubiaga (EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea): ‘Izu-urtea: biopolitika COVID-19 birusaren garaian’.
10:45 Kafea.
11:05 Arantza Etxeberria (EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea): ‘Mikro-bioa, gaitza, normaltasuna, eta naturaren natura’.
11:45 Joseba Azkarraga Etxagibel (EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea): ‘Eko-distopia prospektiban, E(H)ko-topia perspektiban’.
12:30 Irati Zubia (Filosofian graduatua): ‘Egia-ostea ziurgabetasun garaian’.
13:30 Bazkaria.
15:00 Teresa Larruzea (Filosofian graduatua eta filosofia politikoko masterduna Sorbonako Unibertsitatean): ‘Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar’.
16:00 Tailerra: ‘Pandemia garaiko esperientzia: ekimen publiko komunalak’. Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea) eta Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea).
17:30 Joseba Gabilondo (Literaturan doktorea eta Michigango Unibertsitateko irakaslea): ‘Ebentoa vs apokalipsia vs matxinadak: utopiarik gabeko politikaz’.
18:00 Guztion arteko eztabaida foroa.