HamaikaTB

Jakin 271: Euskal kultura 2025

2026-01-21 Albisteak

2025ean kulturgintzaren alorrean gertatutakoari begirada kritikoa eskaini diote Jakin-en azken zenbakian bildu diren adituek. Euskal kultur sistemaren mugimenduak, indarguneak eta arrakalak azaleratu dituzte, diziplina bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta, eta elkarren artean partekatzen diren zenbait kezka eta galdera azaleratuz.

Kultur praktika garaikideetatik ikus-entzunezkoen lan baldintzetara, arte instituzionaletik kontraespazioetara, literatur sistemaren bilakaeratik burujabetza digitalera, musikagintzaren konpromiso politikotik antzerkiaren errealitateetara, eta bertsolaritzaren ertzetatik pantailetako euskararen presentziara arteko gogoetak jaso ditu zenbakiak. Testuzko ekarpenez gain, urteko kulturgintzari buruzko zortzi artikulu grafikok eta Irantzu Pastorrek egindako azaleko irudiak osatzen dute zenbakia, aipatutako ikuspegi askotariko horiek irudiz ere ehunduz.

Jakin filosofatzen atalean, Peru Galbete musikaria elkarrizketatu du Itziar Ugartek, eta, amaitzeko, 2024ko euskal liburugintzaren azterketak borobiltzen du zenbakia, Xabier Eizagirre Jakin-eko erredakzio buruaren eskutik.

 

‘Distira apur bat’

Arantza Santesteban Perez
Euskal Herrian kultur praktika garaikideak aztertzen dira Édouard Glissant poeta eta saiogile antillarraren pentsamendu dekolonialetik abiatuta. Hala, euskal kultura, agortzear dagoen sistema bat baino, bestelakotasunarekin erlazioan aktiba daitekeen esparru potentzial bat bezala aztertzen da.

‘(E)zinezko misio bat’

Lander Arretxea Bereziartua
Ikus-entzunezkoak euskaraz sortzen dituenaren nahi eta ezinak aletzen dira, baita 2025 urteak eman dituen albiste pozgarriago batzuk zerrendatu ere.

Euskal kultura 2025

Askoren artean
Urtean zehar kulturaren alorrean gertatutakoaren balantzea idazten dute zazpi egilek. Elena Olave Duñabeitia, Alexander Gurrutxaga Muxika, Leire Lison Nicuesa, Xalba Ramirez Cruz, Galder Perez, Maite Berriozabal Berrizbeitia eta Gaizka Izagirre Brosak artearen, literaturaren, informazio eta komunikazio teknologien, musikaren, arte eszenikoen, bertsolaritzaren eta ikus-entzunezkoen eremuak jorratzen dituzte, hurrenez hurren. Joseba Larratxe Berazadi, Patxi Gallego, Mariñe Arbeo Astigarraga, Paula Estevez, Axpi, Dani Fano, Eider Eibar Zugazabeitia eta Exprai irudigileen begiradak biribiltzen du urtearen balantzea.

‘Euskal liburugintza 2024’

Xabier Eizagirre Gesalaga
2024an euskaraz argitaratutako liburuen azterketa aurkezten da: ohar metodologikoak; argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen izaera eta aniztasuna, argitaletxe emankorrenen aipamena eta kanpoko eta bertako argitaletxeen ekoizpenaren konparaketa; argitalpenaren zenbakien inguruan, argitaratutako tituluen zifrak eta nobedadeak eta berrargitalpenak; azkenik, gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan