2025-01-10 Albisteak
Jakinen azalberritzearen lehen lekukoa da zenbaki hau, diseinu eta atal berriz datorrena. Azalean, Irantzu Pastorren argazkiak dakar gaiari buruzko lehen begirada. ‘Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka’ da gaia: 2024ko ekainean Jakin Jardunaldiak abiatutako gogoeta garatu dute 12 adituk monografiko bikoitz honetan. Gatazkaren eta memoriaren bidegurutzeari hainbat ikuspegitatik heldu diote, gogoeta zabala osatuz. Gainera, Jakin filosofatzen atal berria izango du aldizkariak hemendik aurrera, non Itziar Ugarte kazetari eta idazleak aldiro kulturgile bati galdera sakonak egingo dizkion molde laburrean. Lehen honetan, Nerea Ibarzabalek erantzun dizkio.
Eziñ-esanaren miña; miñen ezin-esana. Gogoeta bat nazio gatazkari buruzko teorizazioaz
Cira Crespo
Gatazka nazionalari buruzko eztabaidak plaza publikotik nola desagertu diren aztertzen da, eta, horrekin batera, nola ez dugun kontzeptuak eta arazoak ulertzeko garai honetarako teorizazio erabilgarririk egin. Horrek ondorio zehatz nabariak izan ditu Euskal Herrian, eta, oro har, Europako beste herri gutxituetan, esan ezin diren minei aurre egiteko unean.
Memoria, boterea, gatazka: hainbat hari-mutur
Iñaki Sagardoi Leuza
Nafarroako kasuan memorien eta botereen arteko bidegurutzean sortzen diren hainbat fenomeno aztertzen dira etnografia eta antropologia politikoetatik eratorritako material eta tresnak abiapuntu hartuta.
«Ez gaitzazue ezaba». Ezker Abertzaleko emakume militanteen bizipenak aztertzeko marko feminista bat
Olatz Dañobeitia Ceballos
Euskal emakume militante errepresaliatuak entzun eta ikusteko baldintzak sortu behar direla baieztatu eta horretarako eraikitako markoa ere aurkezten da. Begirada feministarekin batera, nazio askapen mugimendu bat izan dela kontuan hartu beharraren alde egiten da, eta begirada ez-punitibista giza eskubideetan oinarritutakoa baino emankorragoa izan litekeela iradokitzen da.
Memoria bizirik
Marikita Tambourin
Iparraldeko emazte idazle baten euskal gatazkari buruzko lekukotasuna eskaintzen da, dokumentu pertsonal eta historikoetan oinarritua dena.
Batzuk, bestiak eta piztiak. Euskal gatazkaren irakurketa binarioa gainditzeko proposamen feminista bat
Maider Galardi Fernandez de Agirre
Gatazka politiko armatuen analisien ikuspegi androzentrikoak ezkutatu egiten ditu bazterreko hainbat subjektibitate, bizipen, indarkeria eta erresistentzia. Ertzera jotzean, baina, ikuspegi binarioak talka egiten du errealitate horiekin. Beraz, gaiaren konplexutasunaz jabetzeko, ikuspegi feminista ardatz, lehen lerro eta atzegoardia, edo gudari eta zaintzaile gisako kategoriez harago pentsatzeko proposamen bat eskaintzen da.
«ETA Voldemort da». Gazteak, gatazka eta esan daitekeenaren eremua
Samara Velte
Euskal gatazka armatuaren hondarretan jaiotako gazteek iragan kolektiboari buruz eraikitzen dituzten diskurtsoak aztertzen dira, eta memoriaren eraikuntzan parte hartzeko sentitzen duten legitimitate faltaren kausei buruzko gogoeta bat planteatzen da.
Hiru begirada: memoria nondik eta nola eraiki
Onintza Legorburu Larrea
Ane Alberdi Legorburu
Julen Diaz de Argote Garcia
Mikel Ibarguren
Ekain Albite
Gatazkaren memoria lantzen duten tokiko hiru ekimen herritarretako kideengana jo du aldizkariak iritzi eske, bestela lantzen ez diren ahotsak eta istorioak jartzen baitituzte mahai gainean, eta berebiziko ekarpena baitira, tokiko memoria josteko ez ezik, gatazkaren errelatuak aberasteko.
Lehengo lepotik burua. Tokiko historia ikertzeko etorkizunerako erronkak
Ione Zuloaga Muxika
Aranzadi Zientzia Elkarteko Memoria Historikoko Taldeak 2010etik 1936-1975 urteen arteko tokiko historia berreskuratzeko darabilen metodologia zientifikoaz dihardu, baita arlo horretako etorkizunerako erronkez ere.