Jakin 262: Hizkuntza, migrazioa, genero disidentzia

2024-06-20 Albisteak

Lau artikulu akademiko biltzen ditu 262. zenbakiak, LGTB* politiken analisia, Ipar Euskal Herriko euskarazko zinemagintza, nerabeen hizkuntza erabilera eta Euskal Herriko beste hizkuntza minorizatuen erronkak aztertuz. Lorea Agirre zuzendariak hitzaurrean nabarmendu bezala, ordea, bat egiten dute «emantzipazio edota normalizazio prozesuez, gutxituen ahalduntzeaz» ari direlako. Denek ala denek bistaratzen dituzte erronka eta zailtasunak, baina bakoitzari dario irtenbidea marrazteko mezurik: LGTB* politiketatik gainerako gizarte mugimenduek har ditzaketen irakaspenak, Ipar Euskal Herriko euskarazko zinemagintza sustatzeko sortu den Zukugailua elkartea, nerabeen hizkuntza erabilera «helduon auzia» dela bistaratzea eta hizkuntza-komunitate minorizatuen arteko aliantzak azpimarratzea.

Ohi bezala, Egunen gurpilean saileko artikuluek eta kontrazalak osatzen dute zenbakia.

‘Ur azkar eta motelak. Hego Euskal Herriko LGTB* politika kritikoei gainbegirada’
Jokin Azpiazu Carballo

Uneko LGTB* politiken abiapuntuzko analisia egiten du Azpiazuk. Horretarako, alde batetik, testuinguru zabalean gertatutakoetan (nazioartekoan zein bertakoan) jartzen du arreta, eta, bestetik, talde eta aktibisten diskurtso eta jardunean. Izan ere, egileak dioen moduan, «LGTB* politikek badituzte irakaspenak eta iradokizunak bestelako mugimendu batzuentzat ere».
‘Zinema egin euskaraz Ipar Euskal Herrian’
Graxi Irigarai

Ipar Euskal Herrian zinema euskaraz sortzeko eta ekoizteko topa daitezkeen oztopo sektorialak, sistemikoak eta glotofobikoak aztertzen ditu Irigaraik. Aniztasun kulturalari bizkarra ematen dion esparruan Zukugailua elkartearen ekimena ageri du, kontrapuntu moduan.

‘Hizkuntza-koreografia berriak: zer erakusten digute nerabeek egungo hizkuntza egoeraz?’
Jaime Altuna Ramirez

Adina, generoa eta hizkuntza nola gurutzatzen diren aztertzeko nerabeekin garatutako ikerketa etnografikoa oinarri harturik, egungo hizkuntza errealitate sozial orokorrerako interesgarriak izan daitezkeen zenbait hausnarketa dakartza Altunak. «Gazteen
euskararen ezagutza eta erabileraren arteko ustezko arrakala» aztertzera dator.

‘Tokian tokiko hizkuntza-komunitate minorizatuen aliantzak. Harrera jendarte euskaldun gisa, zein erronka ditugu?’
Leire Amenabar Larrañaga

Euskal Herriko egitura linguistikoen ertzetan kokatzen diren hizkuntza-komunitate gutxituen arteko lankidetza-hastapenetarako hizkuntza errealitatea aztertzen du Amenabarrek, tokian tokiko errealitateari erantzuteko proposamenak eginez. Immigrazioaren testuinguruan «jendarte hartzaileek duten funtsezko rola» aldarrikatzen du.

Zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean Shu Oterok ustezko amaierak kolokan jarri ditu; Joanes Igeregi Santamariak desazkunderako adibide eta bideorriak ekarri ditu; eta Cira Crespok intersekzionalitatea baliatu du lurraren azpian uzten diren zenbait bidegurutze bistaratzeko. Kontrazalean, berriz, Dom Campistronek bere azken irudia auto-porteta bilakatu du, Ekhi Lambert musikariaren bideoklipari keinu eginez.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan