Jakin 261: Bertsoaren ahotsa

2024-04-28 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/Mdigj-y15lw?si=FQ3reMA2Un2vS5BY

Bertsolaritzari buruzko gogoeta dakar zenbaki monografikoak, baina bertsolaritza gizartearen isla izanik, bertsoaz haragoko hausnarketa du muinean. Bertsolaritzari begiratzeko kultur ikasketak eta pentsamendu feminista baliatuta, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak zenbakiaren sarreran dioen gisan: «araua, normatibitatea, hegemonia, subalternitatea, botere harreman eta hierarkiak, neutraltasun eza, feminizazioa, generoa, sinesgarritasuna, egiantzekotasuna, markoa, muga, arrakala, eraldaketa, iraulketa» dira lantzen diren gaiak, bertsotik abiatuta. Bertso munduko lau kideren artikuluak biltzen ditu monografikoak, bertsotan jarduten diren Miren Artetxe, Irati Majuelo eta Oihana Arana batetik, eta Ainhoa Urien gai-jartzailea bestetik. Era berean, artikuluetan Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabalen ahotsak presente daude, Maite Berriozabal gai-jartzailearenak bezalaxe.

Ohi bezala, Egunen gurpilean saileko artikuluek eta kontrazalak osatzen dute zenbakia.

 

‘Gorputzak, maskarak eta egiantzekotasun normatiboa’

Miren Artetxe Sarasola

Bertsolaritza gorputz bidezko performance gisa eta praktika diskurtsibo gisa aztertzen du Artetxek, eta bertsolariek esateko eta hitzaren bidez eragiteko dituzten baldintzez egiten du gogoeta. Bereziki diskurtso ez-hegemonikoak plazaratzeak sortzen dituen kriki-krakak jorratuz, bertsogintza aztertzeko interpretazio marko baterako aldamioak proposatzen ditu.

 

‘Bertsoaren fikziorako bideez’

Irati Majuelo Itoiz

Bertsoaren eta fikzioaren arteko harremana aztertzen du Majuelok, fikzioa sortzerakoan bertsolari-entzule paktuak zein sinesgarritasunak duten eraginari buruz hausnartuz, baita hizkuntzak eskaintzen dituen baliabideei buruz ere. Izan ere, «inprobisazioak, neurriak, gaiak, bertsokideak zein entzuleak baldintzatuta eratzen diren fikzioak dira» bertsoarenak.

 

‘Ikusten al dugu gai-jartzailearen gorputza?’

Oihana Arana

Gai-jartzaileei aitortzen zaien boterea, exijitzen zaizkien lanak, haien jarduna eta gorputza entzuleak nola jasotzen dituen… azaltzen du Aranak. Eta, batez ere, horrek guztiak gai-jartzailetzaren feminizazioarekin daukan loturari buruzko hipotesiak mahaigaineratzen ditu.

 

‘Gai-jartzaile bi berriketan’

Ainhoa Urien Telletxe

Maite Berriozabalekin izandako elkarrizketa testu batera ekartzeko ahalegina egin du Urienek, bien artean gai-jartzaileen jarduna, bertso saioetako parte-hartzaileen arteko botere harremanak eta konpartituak diren sentsazio eta hausnarketa batzuk aletuz.

 

Zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean Shu Oterok mamuen inguruko hausnarketa lotu die uneko gertakariei; Joanes Igeregi Santamariak energia berdeen etorkizun beltza hartu du hizpide, eta Cira Crespo ahozkotasunetik eraikitzen den historia arakatzera sartu da. Kontrazalean, berriz, Dom Campistronek Bañolet filmari egin dio aipamen.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan