Jakin 255: Hizkuntza politika: auzitik jauzira

2023-04-27 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/UD_2RH4ChEk

Azken hamarkadetan Euskal Herrian egin diren hizkuntza politiken azterketa dakar 255. zenbakiak. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak zenbakiaren sarreran gogorarazten duenez: «Bidegurutzearena euskararen biziberritzean azkenaldian erabiltzen den metafora bat da. Bidegurutzean gaude. Errotondan bueltaka, orain arte egindakoak irekitako bideak ixten ari direla. Jauziaren beharra ere ahoz aho dabil». Bidegurutzearen aurrean, hauxe proposamena: «Adostasun sozial eta politiko berri baten beharra. Ausardiaz jauzi egin edo atzera egin, bi aukera baino ez direla geratzen esan genezake, sinple esanda». Ildo horretatik, 2022ko urrian UEUk, Telesforo Monzon Laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak eta Jakinek elkarrekin antolatutako xxi. menderako hizkuntza politikaz jardunaldiko sei adituren ekarpenak biltzen ditu zenbakiak.
Ohi bezala, Egunen gurpilean saileko artikuluek eta kontrazalak osatzen dute zenbakia.

‘XXI. menderako hizkuntza politika baten beharraz
Malen Dominguez Zabala eta Aize Otaño Lizarralde
Euskararen normalizazioa xede, XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun birpentsatzeko garaia da, euskararen auzia politikoa baita osoki. Horretan ekarpena egitea du helburu Txillardegi Gogoeta Guneak.

‘Hausnarketa juridikoak hizkuntza politikaren egungo bidegurutzeaz’
Iñigo Urrutia Libarona
Hizkuntza politikaren egungo bidegurutzea aztertzen da, faktore legal eta juridikoei erreparatuz. Hizkuntza politika sostengatzen duen marko legala birpentsatu eta urrats kualitatiboak ematea ez da aukera soil bat, premia bati erantzuten baitio, jurisprudentzia bidezko mehastuetatik babesteko eta egungo gizarte premiei erantzuteko.

‘EAEko hizkuntza politika: egoera, korapiloak eta erronkak’
Iker Salaberria Urkizu
EAEko hizkuntza-politikaren oinarrizko azterketa eta balorazioa egiten da. Hortik abiatuta, eta egungo testuinguruak ezartzen dizkigun erronkak eta beharrak aintzat hartuta, aurrera begirako zenbait gako eta erronka mahaigaineratzen dira.

‘Zaila bada, ez da ezinezkoa. Nafarroako hizkuntza politikaz’
Dabid Anaut Peña
Nafarroan egiten den hizkuntza politika aztertzen da, arreta bereziki Nafarroako Gobernuaren jardunean jarrita. Horretaz gain, hizkuntza politikaren inguruko bestelako gogoeta batzuk ere jasotzen dira.

‘Zenbaterainoko aukera dute tokiko erakundeek hizkuntza politika garatzeko?’
Ione Josie Danjou
Frantziako Konstituzioak frantsesa errepublikaren hizkuntza ofizial bakar gisa aitortzen du, baina, derrigortasunik ez ezartzeak ez du debekurik ezartzen, eta egun indarrean den lege koadroak hainbat neurri hartzeko aukera uzten du. Koadro horren baitan definitzen eta obratzen dira Euskararen Erakunde Publikoak, Euskal Hirigune Elkargoak eta herriko etxeek indarrean jartzen dituzten lege babesik gabeko hizkuntza politikak.

Zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean Maialen Akizu Bidegainek kulturari buruz eta Joanes Igeregi Santamariak krisi ekosozialari buruz idatzi dute, eta Cira Crespo kolaboratzaile berriak aurrerantzean landuko duen ikuspuntua aurreratu du estreinako testuan: historiaren eta gaurko munduaren arteko lotura. Kontrazalean, berriz, Dom Campistronek Bañolet filmari egin dio aipamen

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan