miren artetxe

Jakin 254: Xipri Arbelbideri elkarrizketa

2023-03-06 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/EgAkdYmXCy8

Gure gertuko historiaren protagonistei ahotsa ematen die Jakinek Historia bizia sailarekin. Oraingoan, Xipri Arbelbide idazle eta kazetaria ezagutzeko bidea eskaini du Jose Luis Aizpuru Ostolazak egindako elkarrizketak. Hitzaurrean Lorea Agirrek dioen bezala, Gure Irratiaren sortzaileak «eliza, euskara eta euskalduntasuna izan ditu bere bizitzako ardatz nagusi», eta ibilbide luze baten talaiatik mintzatu da, haurtzaroko Miarritzeko bonbardaketako oroitzapenetatik Aljeriako gerlara, eta handik gaur arte bizi eta eragindako aldaketetara. Agirrek ondo nabarmendu bezala, Aljeriako gerlan beste gerla bat ere jokatua zen, eta hainbat euskaldunen artean «sortu eta harrotu zen» frantses nazionalismoaren lekuko izan da Arbelbide. Ezinbestean aritu da geroztik horri aurre egiten.
Bestetik, Karmele Artetxe Sanchez EHUko irakasleak Bizkaiko auzo ikastoletako maistren bizimodura hurbildu gaitu, euren jarduna ezagutzetik horrek ekarri zizkien mugetaraino osatuz memoria. Agirre zuzendariak aipatu gisa, «hori ere badelako historia bizia, argira ekarri beharrekoa, ezinbestean, postumoki bada ere».

‘Xipri Arbelbideri elkarrizketa’
Jose Luis Aizpuru Ostolaza

Xipri Arbelbide idazle eta kazetariaren bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu elkarrizketak: haurtzaroa Heletan; gerra garaia eta alemanak Heletan; ikasketak misionistekin; Aljeriako gerlako esperientzia; apez eta misionista bizitza Boli Kostan; Euskal Herrira itzulera: aldaketa garaia kultur eta politika giroan; lehen liburuak 80ko hamarkadan; Gure Irratiaren sorrera eta garapena; gizartearen bilakaera Ipar Euskal Herrian: euskara, kultura, ekonomia, politika; Elizaren krisia; kultur alorreko hainbat laguni buruz idatzitako biografiak… Umetan «ehundaka aldiz» kopiatu zuen «je ne parlerai pas en basque, je parlerai en français» esaldia, eta gaur da ordainaren eguna: «Je parle en basque et pas en français».

‘Euskal hezkuntzan ahaztutako auzo-ikastoletako maistrak’
Karmele Artetxe Sanchez
Bizkaiko auzo-ikastoletan aritutako maistra ikasi, euskaraz alfabetatu eta profesional ezezagunenganako lehen hurbiltzea egiten da, arreta berezia jarriz 36ko gerran jasan zuten errepresio politiko-militarrean.

Zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean Maialen Akizu Bidegainek kulturari buruzko testua idatzi du, eta Joanes Igeregi Santamaria kolaboratzaile berriak bere estreinako testuan aurreratu ditu landuko dituen gai ekosozialak. Kontrazalean, berriz, Dom Campistronek urte amaieran Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi duen Maialen Lujanbiori eskainiriko omena.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan