Jakin 247: Kultur balantzea

2022-01-16 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/dp3OhdQGdo8

Euskal kulturaren inguruko hausnarketa pandemiari lotua dator, bigarrenez aurten. Kulturgintzako alor desberdinei begira jarri ditu Jakinek 19 aditu, hamaika hitzez eta zortzi irudiz. COVID ondorengo garaiak kulturgintzari dakarkiona irudikatzeko eta
hausnartzeko mosaiko zabala osatu dute.

Lorea Agirre zuzendariak COVID osteko II. urtea (C.o. II) izendatu duen honetan, euskal kulturak aurrez zekartzan erronkak eta pandemiak katalizatuak gurutzatzen dira 247. zenbakian. Kultur arloko hamaika lagunen gogoetak biltzen ditu idatziz aldizkariak, garai ziurgabeok aztertzen ezezik sortzen eta mundu berriak sortzen jarraitu duelako kultur munduak Euskal Herrian. Hargatik, azpimarratzeko moduko ekimenak ere goraipatu dituzte artikulugileek, itxaropenerako frogatzat.

Gainera, zortzi irudigile ipini ditu gogoetan Jakinek, ohiko egile den Dom Campistron kontrazal egileaz gain.

Azkenik, 2019ko euskal liburugintzaren azterketa ere jasotzen du aldizkariak, Xabier Eizagirre Jakin-eko erredakzio buruaren eskutik.

‘COVID edo postCOVIDaren urtea?’
Ismael Manterola Ispizua
Pandemiaren testuingurua baliatuz Euskal Herriko arte munduan egon diren aldaketen gaineko hausnarketa harilkatu du Manterolak, euskal kulturaren mugak psikologikoak eta administratiboak direla ondorioztatuz: gizarteak ez du asmatu artea bereganatzen, eta erakundeek ez dute artisten biziraupena ziurtatu .

‘Euskal kultura segurua da?’
Ainhoa Urien Telletxe

Kulturgintzari lehendik zerion prekaritate eta ziurgabetasuna aztertu ditu Urienek, norbere baldintzak negoziatzeko lotsa nondik sortzen den aletuz. Kultura eremu segurua den aldarriari batzen zaio, neurriak zorrotz betez frogatu dena, pandemiaren aitzakiapean kulturari gain hartuko ez badiote .

Euskal kultura 2021
Askoren artean
Urtean zehar kulturaren hainbat alorretan gertatutakoaren balantzea idatzi dute bederatzi egilek. Alberto Barandiaran Amillanok kultur sormenak eta sorkuntzak gure gizartean betetzen duen lekuari buruz egin du gogoeta, besteak beste; Nora Arbelbide Letek Frantziako Estatuak euskarari eta euskal kulturari jartzen dizkien egiturazko traben ondorioez dihardu; Amagoia Gurrutxaga Urangak Lanartea euskararen langile profesionalen elkartearen sorrera eta xedeak ditu aztergai; Irati Agirreazkuenaga Onaindia, Jon Basaguren Lauroba, Estibalitz Ezkerra Vegas, Izaskun Arandia Galarraga, Manex Agirre Arriolabengoa eta Libe Mimenza Castillok antzerki, musika, literatura, zinema, bertsolaritza eta hedabideen eremuak jorratu dituzte, hurrenez hurren. Txakur Gorria, Dani Fano, Maitane Gartziandia, Maddi Zumalabe Irastorza,  Axpi, Josevisky,  Maite Caballero Arrieta eta Mikel Larraioz Alvarez de Eulateren begiradak biribildu du urtearen balantzea.

‘Euskal liburugintza 2019’
Xabier Eizagirre Gesalaga

2019ko liburu ekoizpenaren emaitzak aztertu ditu Eizagirrek, Torrealdaik 1976an abiatutako ikerketari segida emanez. Sarean osorik irakur daitekeen azterketaren laburpena dakar aldizkarira, hainbat joera azpimarratuz. Esaterako, ekoizleen
atomizazioa produkzioaren ahulezia gisa agertzen da 2019ko datuetan, eta beste behin testuliburuen ekoizpen eta erabakigunea estatu mailako argitaletxeek dutela berretsi da, ondorio zehatzekin: Hegoaldeko eskoletan curriculum espainiarra dela zabalduena . Bestetik, aisiari lotutako liburuak erdaraz kontsumitzen ditugula ageri dute datuek, eta  itzulpenen joeratik ondorioztatzen da euskal liburuaz egiten dugun kontsumoa guztiz diglosikoa, desorekatua, sakontasun eskasekoa eta alor batzuetara mugatua dela.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan