Jakin 245-246: Krisi ekosoziala

2021-11-04 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/pXWUVIbkij4

UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin lankidetzan antolatutako Jakin Jardunaldian landutako edukiak biltzen ditu 245-246 zenbaki monografikoak. Krisi klimatiko, sozial eta ekologiko honen aurrean, ikusiko dugu nola txirikordatzen diren baliabide naturalen inguruko elkarrizketak justizia sozialarekin, feminismoarekin, burujabetzarekin; Lorea Agirre zuzendariak sarreran aipatu bezala, «mundu bizigarriago eta justuago bati galga» jartzen diolako krisi honek, eta hori lotua dagoelako «hizkuntza eta kulturaren eremuan eta justizia sozialaren eta demokraziaren eremuan» bizi dugunarekin.
Zenbaki bikoitz honetan hamalau aditu, zientzialari, aktibista eta eragilek heldu diote larrialdi klimatiko, ekologiko eta sozialaren auziari. Euskal Herrian abian diren zenbait alternatiba biltzen ditu, pentsatzetik ekiterako bidea urratuz. Kontrazalean Dom Campistron irudigilearen estreinako lana ikus dezakegu.

 

‘Klima eta biodibertsitatearen krisi bikoitzari aurre egiteko gobernantza eraldatzailearen aldeko aldarria

Unai Pascual Garcia de Azilu

Nola lor dezakegu klimaren, biodibertsitatearen eta gizartearen arteko loturetan eragin desiragarriak izango dituen gobernantza berri bat? Eraldatzailea behar duen gobernantza sistema berri horrek zer balditza bete behar dituen aztertzen du artikuluak, «tokian tokiko eta mundu mailako inflexio puntuak» aztertuz.

 

‘Ekofeminismoen txirikordak’

Mirene Begiristain Zubillaga

Bizi dugun krisi sistemikoan ekofeminismoak eskaintzen dituen erantzunak aztertzen dira eta, lekuan lekuko erantzunak bilatzeko, euskal kosmobisio ekofeminista ezaugarritzen saiatzen da. Eredu justu eta iraunkor baten urgentzia aipatzen da, izaki «ekodependenteak eta interdependenteak» garela gogoraraziz.

 

‘Euskal Herriko ingurune naturalen etorkizuna’

Arturo Elosegi Irurtia

Kalitatezko bizimodurako ezinbestekoa da kalitatezko ingurumena. Tamalez, ekonomiaren hazkunde esponentzialak giza lorratzaren emendio etengabea dakar. Etorkizuneko belaunaldientzat uzten ahal dugun ondarerik garrantzitsuena kalitatezko ingurumena da.

 

‘Ur berdearen garrantzia klima-krisiaren aurrean’

Ane Zabaleta Lopetegi eta Iñaki Antiguedad Auzmendi

Klima-krisiaren garaian eta Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Agendako erronkei aurre egiteko, honaino ekarri gaituzten paradigmak aldatu beharra dago. Norabide horretan, uraren zikloa aldatzen ari den krisiaren aurrean, ur berdea egokitzapen hidrologikorako funtsezkotzat agertzen da.

 

‘Uraren kudeaketa Nafarroan: gatazkak eta proposamenak’

Belen Ausejo Garriz

Laborantza ureztatuaren etengabeko hazkundeak eta interes ekonomiko pribatuei erantzuten dieten politika ekonomikoek Nafarroan uraren kudeaketaren inguruan eragiten dituzten gatazkak aztertzen dira, bide batez gobernantza parte hartzaile, garden eta bidezkoagoa aldarrikatuz.

 

‘Abeltzaintza industrialaren ajeak. Nafarroako kasua’

Lorea Flores Compains

Abeltzaintza industrialak dituen inpaktuak aztertzen dira, testuinguru orokorretik hasita Nafarroako egoerara hurbilduz. Aipamen berezia egiten zaio Caparrosoko makroetxaldeari, inguruan izan duen eragin dokumentatua adibide gisa baliatuz.

 

‘Bizi!, larrialdi klimatikoaren, metamorfosi ekologikoaren eta justizia sozialaren haritik borrokatzen’

Sabine Endara eta Xabier Harluxet

2009az geroztik nagusiki Ipar Euskal Herrian larrialdi klimatiko eta ekologiaren arloan justizia sozialaren alde eta ildotik dabilen Bizi! mugimendu altermundialistaren ezaugarri nagusiak aurkezteaz gain, mugimenduaren zenbait ekintza arrakastatsu aztertzen dira.

 

‘Esne-behi gutxiagorekin bizi daiteke?’

Aitor Azkarate Tomassone

Esne-behiak dituen Jauregia baserriaren esperientzia aurkezten da, animalia gutxiagorekin, lurrak ematen duena aprobetxatuz eta errespetatuz eta lanpostuak sortuz abeltzaintzatik bizi daitekeela erakutsiz.

 

‘Non daude gure basoak?’

Sergio Gallego Mazarías eta Cristina Jerónimo Moreno

Baso erabileren bilakaera, laborantza industrialek sortutako arazoak eta gizarte zibilak biodibertsitatea berreskuratzeko bultzatutako alternatibak aztertzen dira. Lurgaia Fundazioak gizarte zibil antolatutik bertako basoak berreskuratzeko premia azpimarratzen du, oreka ekologikoa eta gizakien eta naturaren arteko harremanak sustatuz.

 

‘Usurbil Atez Ate. Hondakinen desazkundearen bidetik’

Ibon Goikoetxea Retegi

Usurbilen hondakinak atez ate biltzeaz harago, auto eta auzokonpostaren garapena, sortzez besteko ordainketa edo baserri konposta hondakinen desazkundean eman daitezkeen pausoak dira azaltzen direnak.

 

‘Energia berriztagarriak. Euskal Herrian badugu alternatiba propioa’

Eider Murgoitio Bengoa

Goiener Taldea kooperatibak, eredu energetikoa aldatzearen alde diharduenak, euskal lurraldean burutzen dituen proiektu eta zerbitzuak azaltzen dira. Erakundea ingurumenarekin konpromisoa daukaten pertsonek osatzen dute, eta, energiaren kontsumo arduratsua sustatzeaz gain, eredu energetikoa eraldatzea eta oinarrizkoa den ondasuna herritarren eskura jartzea du helburu.

 

Egunen gurpilean

Maialen Akizu Bidegain kulturaren inguruan hausnarrean, Guretik sortuak proiektuko esperientziatik abiatuta; Jaime Altuna Ramirez soziolinguistikari begira idatzi duen azken artikuluan; eta Iñigo Martinez Peña Glokalia atalean, aurreikuspenen aurrean ditugun jarrera kontraesankorren bueltan.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan