Cookie aukerak
Pertsonalizatu Adostasun Hobespenak

Cookieak erabiltzen ditugu modu eraginkorrean nabigatzen laguntzeko eta zenbait funtzio betetzen laguntzeko. Cookie guztiei buruzko informazio zehatza aurkituko duzu jarraian baimen-kategoria bakoitzean.

"Beharrezkoak" gisa sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, ezinbestekoak baitira gunearen oinarrizko funtzionalitateak gaitzeko.... 

Beti aktibo

Beharrezko cookieak beharrezkoak dira gune honen oinarrizko ezaugarriak ahalbidetzeko, hala nola, saio-hasiera segurua emateko edo zure baimen-lehentasunak doitzeko. Cookie hauek ez dute identifikazio pertsonaleko daturik gordetzen.

Cookie funtzionalek funtzionalitate batzuk egiten laguntzen dute, hala nola, webguneko edukia sare sozialetako plataformetan partekatzea, iritziak biltzea eta hirugarrenen beste eginbide batzuk.

Cookie analitikoak bisitariek webgunearekin nola elkarreragiten duten ulertzeko erabiltzen dira. Cookie hauek bisitari-kopurua, errebote-tasa, trafiko-iturburua eta abar bezalako neurriei buruzko informazioa ematen laguntzen dute.

Iragarki-cookieak bisitariei aurretik bisitatu dituzun orrietan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko eta iragarki-kanpainen eraginkortasuna aztertzeko erabiltzen dira.

Jakin 239: ‘Pandemiak, distopiak eta mundu berriak’

2020-10-18 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/FwSxUtRjBU0

Umezurtz datorren zenbakia dugu Jakin aldizkariaren 239.a, Joan Mari Torrealdai hil ondorengo lehena delako. Berezia da horregatik, Lorea Agirre Dorronsoro Jakin-eko zuzendariaren hitzetan. «Saiatuko gara hark egindako lana eta utzitako ondarea merezi duen lekuan jartzen».
Ildo horretan, Torrealdai hil baino bi aste lehenago Jakin Jardunaldian landu genuen gaiari heldu diogu oraingoan. «Gainera etorri zaigun pandemiari eta ekarri duen distopiari leku egitea saihestezina zitzaigun, mundu berriak –eta ahal bada bizigarriak–  bilatzen hasteko». Han esandakoetan sakondu, eta geroari begira sor litezkeen egoera eta bidezidorrei erreparatu diegu sei artikulugileekin: Mario Zubiaga Garate, Arantza Etxeberria Agiriano, Joseba Azkarraga Etxagibel, Irati Zubia Landa, Joseba Gabilondo eta Harkaitz Canorekin.

‘Politika biluzik birusaren garaian’
Mario Zubiaga Garate

COVID-19aren krisiak agerian utzi dituen hainbat hari-muturri heldu die Mario Zubiaga EHUko Politika Zientzietako irakasleak, «maskarak inposatzen dituen birus hau desmaskaratzailea» izan delako. Politikaren beraren ernamuinean dauden eztabaidak plazaratu baititu, Zubiagaren ustez: krisi ekologikoa, gobernantza eredua, espazio publikoaren erabilera, klase arrakala zein arrakala digitala, botere-sareen logika, bizitzaren balioa eta duintasuna… «Krisi pandemikoak ez dakar, berez, berri askorik. Lehendik ezagunak ziren arazoak, joerak, arriskuak, eztabaidak eta konponbideak dira orain esku artean ditugunak. Hori bai, agerian, biluzik daude eta zirt edo zart egiteko tenorean».

‘Mikro-bioa, gaitza eta natura’
Arantza Etxeberria Agiriano

Gizakiaren zaurgarritasunaz eta izakien arteko harreman estuez ohartarazi digu pandemiak, Arantza Etxeberria Agiriano EHUko Filosofia Saileko irakasle eta IAS-Research Group on Life, Mind and Society taldeko ikertzaileak. «Gizakia ez da sistema isolatua; aitzitik, beste bizidunekin erlazioan ulertu behar da bere izaera». Horregatik, naturarekiko dugun harremana birpentsatu behar dugula dio, baita globalizazioak eta pertsonen artean sortu ditugun ezberdintasun sozialak ere. Gaixotasunek horixe uzten baitute agerian: gure harremanen nolakotasuna.

‘Ekodistopia prospektiban, EHkotopia perspektiban’
Joseba Azkarraga Etxagibel

«Naufragio  batean gaude, gizartea antolatzeko modu bat hondoratzen ari da». Hala dio Joseba Azkarraga Etxagibel EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasleak. «Talka ezin biolentoagoa gertatzen ari da mugatua den biosferaren eta etengabe haztea berezkoa duen metabolismo sozioekonomikoaren artean». Kapitalismoa baino distopia handiagorik ez dagoelako, dioenez. Pandemiak erakutsi digu hori beste behin, baina pandemiak ere erakutsi digu zirrikituren bat badagoela: «COVID-19arekin deskubritu dugu hain aldaezin agertzen zen ordena sozialak uste baino plastikotasun handiagoa duela». Beraz, unea izan liteke estatu sozial-ekologikoa egikaritzeko, Azkarragaren hitzetan: «Bestelako azpiegitura politiko-kulturala behar dugu, hala herrigintza komunitariorako nola politika instituzional eraldatzailerako».

‘Egia-ostea ziurgabetasun garaian’
Irati Zubia Landa

Egiarekiko interes eza gure garaiko ezaugarrietako bat dela dio Irati Zubia Landa filosofian graduatuak, egia-ostea deitutako fenomenoak edo egoerak gero eta protagonismo handiagoa izaki. Arriskutsua da, zinez; krisi eta ziurgabetasun egoeretan are nabarmenago. «Egiarekiko axolagabetasuna dela medio, egiaren ahalmena galdu dugu, besteak beste duen ahalmen salatzailea. Galera handia da hori». Egiak deserosoak izaten baitira maiz, eta deserosotasun horrek ekartzen ditu aldaketak.

‘Pandemiaren arrazoiaz: konspirazioaren, paranoiaren eta negazionismoaren defentsan’
Joseba Gabilondo

Konspirazionismoa, paranoia eta negazionismoa (konspiranoinegazionismoa) forma politiko emankor, aktibo eta populistak direla dio Joseba Gabilondo Michigan Estatuko Unibertsitateko literatura eta kultura iberiarretan irakasleak, eta bere konplexutasunean aztertu behar direla ohartarazten du. Mugimendu horiek ezker zein eskuinekoak baitira, oso heterogeneoak, eta ezkortasuna da batzen dituen elementu bakarra. Ezkerrak, ordea, ez du asmatu jokamolde horren irakurketa egiten, eta talde gutxituen dinamikara makurtu delakoan da Gabilondo.

‘Hirugarren oldearen osteko txostena (2024)’
Harkaitz Cano

Irakurri librean: HEMEN.

2024. urtea da. COVID-25ak mutatzen jarraitzen du, lau milioi hildako izateraino. Txerto eraginkorrik ez. Musukoak eguneroko osagarriak dira. Idoia Mendia EAEko lehendakari. Gizon eta emakumeak txandaka ateratzen dira kalera. Etorkizunean kokatu du Harkaitz Cano idazleak pandemiaz gogoetatzeko fikzio hau. Txosten gisara antolatuta, pandemiaren ondorioez ari da, umoreaz lagunduta.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan