Jakin 232: Txillardegiz, herri mugimenduen parte hartzeaz, euskal rapaz eta musika eta teknologiaz

2019-06-23 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/8QWZsHfAT10

Lau gai eta begirada diferente jasotzen ditu artikulu soltez osatutako Jakinen 232. zenbakiak. Txillardegi eta 56ko belaunaldia postmodernitatearen lehen zantzuetan kokatu ditu Alaitz Aizpuru pentsalariak, esaterako, aurreneko artikuluan. «Begirada kokatu horrek Txillardegiren eta 56ko belaunaldiaren argazki egiazkoagoa dakarkigu, eta justuagoa, eta baita gaur egunerako baliagarriagoa eta erreskatagarriagoa ere», ziurtatu du Lorea Agirre Jakineko zuendariak.

Andere Ormazabal EHUko irakasleak, bestalde, ezkerreko gobernuen eta herri mugimenduen harremanei begiratu die Gipuzkoako Bildu koalizioaren agintaldiari erreparatuz. Musikari lotuta datoz, aldiz, Eric Ditxarri artista eta antropologoa, eta Lorea Argarate musikari eta ingeniaria. Euskal rapaz osatu du artikulua Ditxarrik, «Euskal Herriko musika eszenan bere lekua hartzen ari delako eta, rock erradikalak egin bezala, aldaketa politiko-sozialekin eta estetiko-musikalekin harreman zuzena duelako», Agirreren hitzetan. Argaratek musikaren eta testuinguruaren harremana aztertu du, elkarren arteko eragina zenbaterainokoa den azaltzeko.

 

‘Txillardegi, postmodernitatea eta postkolonialismoa’
Alaitz Aizpuru

 

Txillardegiren eta bere 56ko belaunaldiaren pentsamendua ulertzeko bidezidorrak zabaldu ditu Alaitz Aizpuru filosofoak artikuluarekin, ideia bat defendatzeko: pentsamendu postmodernoa euskal letretan kontatu ohi zaiguna baino lehenago agertu zela, Txillardegi eta bere belaunaldi kideen eskutik. Izan ere, 50eko hamarkadan hasi zen aldaketa gauzatzen, dioenez: «Aurrekoarekin hautsi eta euskal mundura aldaketa sakon eta esanguratsuak ekarriko dituen denbora berri batean esnatzea» ekarri zuten. Existentzialismotik edanez, diskurtsoak eraiki eta deseraikiz, modernitatea eta postmodernitatea eskutik helduta, «pentsamendu, ulermen eta eztabaida aske eta askatzaileagoaren aldeko esfortzua» gailendu zen Txillardegirengan nahiz bere belaunaldi kideengan. Pentsamendu hori egungo begiekin behar bezala ulertzea nekeza dela dio Aizpuruk, ordea. Horregatik, begirada bakarreko azalpenak alboratu, eta Txillardegi ikuspegi askotarikoago baten baitan ulertu behar dela defendatzen du.


‘Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen ezinak eta eginak. Gipuzkoako esperientzia (2011-2015)’
Andere Ormazabal

 

Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen arteko harremanak aztertzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bildu koalizioaren agintaldia (2011-2015) aztertu du Andere Ormazabal EHUko politika eta administrazio zientzietako irakasleak. Berdintasun eta ingurumen politiketan sortutako sare, gune eta hartu-emanei erreparatu die, bereziki. Izan ere, «eztabaida ugari sortu dituzte ezkerreko gobernuen praktika instituzionalen eta herri mugimenduen arteko harremanek», borondate politikoa ez delako aski administrazioaren eta alderdien logikak gainditzeko, dioenez.


‘Euskal raparen hausnarketa antropologiko historikoaren hazia’
Eric Ditxarri

«Euskal raparen historia idaztea falta zaigu». Gabezia horri aurre egiteko heldu dio erronkari Eric Ditxarri antropologo eta artistak. Selektah Kolektiboa taldearen emaritik etorri baitira azken bi hamarkadetan beste hainbat talde. «Euskal rapak euskal kantagintzaren eszenatokian bere lekua egin du. Normalizatuz doa euskaraz rapa egitea». Inoiz baino askeago jarduten dute raplariek, gainera. «Borroka armatuak, gatazka politikoen amaierak eta euskal gizartean egon diren aldaketek rapari kezka existentzialen eta umorearen ateak ireki dizkiote», kritika soziala baztertu gabe. Bide horrek ikertu gabe jarraitzen du, ordea. Eta beharrezkoa da, Ditxarriren ustez. Euskal Herriko aldaketa, adierazpide eta estetikaren joko-zelaia ere badelako euskal rapa. 


‘Musikaren denbora makina’
Lorea Argate

 

Bere ingeniari begirada baliatu du Lorea Argarate Las Tea Party-ko kideak inguruneak eta teknologiak musikan nola eragin duten aztertzeko. Musikaren historian jauzika dabil horretarako: emanaldi akustikoetatik anplikadore eta mikrofonodun kontzertuetara, katedralerako egokitutako Bach-en konposizioetatik La Scalako opera zaratatsuetara, The Beatles-en estadioko garrasiz betetako lehen kontzertutik nahasketa mahaiak bideratutako ‘estadioko rockera’… Aurrera begira ere ipini da Argarate Blockchain teknologiarekin. «Etengabe egokitzen ari gara: zoriontasuna eta kantuen alaitasuna bertan dago, baina testuingurura moldatua».

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan