2017-06-27 Albisteak
Umorea politikoa da. Horixe du abiapuntu eta ondorio Jakinen 220. zenbaki monografikoak. Norbere ertzetik, umorearen eraikuntzaren inguruan hausnartu dute Iñigo Aranbarri idazleak, Uxoa Anduaga soziologoak, Laura Mintegi idazle eta EHUko irakasleak, Unai Iturriaga bertsolari, gidoigile eta irudigileak eta Mario Zubiaga eta Edorta Arana EHUko irakasle eta EMAN ikerketa taldeko kideek. Nork zeri barre egin, zergatik eta zertarako, mugaren alde batean edo bestean kokatzen baitu umoreak hartzailea. Eta euskaldunak dantza horretan daramatza mendeak, artikulugileen hitzetan. Peñaflorida kondearen Txanton Garrote pertsonaiatik hasi, eta egungo Mission Pays Basque pelikula edo ETBren Euskalduna naiz eta zu? saioraino. Muga horien inguruan osatutako bost artikulu topatuko ditu irakurleak Jakinen zenbaki honetan.
‘Umorearen zimurrak’
Iñigo Aranbarri
Umorerako «gazteleraz gaizki moldatzen den euskaldunarena, giltza zaharra da». XVIII. mende amaieran Peñafloridako kondeak sortutako Txanton mozkortiaren pertsonaia horren adibide. Eta ez da ez adibide bakarra: Joakin Altzibar-Jauregi Atxaranen Grand Tourra obrako Antonia jostuna, Miguel de Cervantesen Don Quijote eleberriko Azpeitiako Santxo, Jesus Prados Casadamon umoristaren Chomin del Regato pertsonaia, La Crus del Gorbea iragarkia… «Gu ez garena da barregarria, eta aukeran, gu izateko ahalmenik ez duena», dio Iñigo Aranbarri idazleak artikuluan. «Jendartean mendeetan mamitutako egituren errailetan baitabil umorea». Baita gaur egun ere: «Horregatik dator hiperreko umore hau goitik behera», «umorearen bidez finkatu egiten delako norberaren posizioa piramidean». Botere harremanetan posizionatzen zaitu umoreak, alegia. Euskaldun, galiziar edo galestar izan. Eta XVIII. mendean bezala, egungo umore hegemonikoa ere jende xehearen gainean eraikita dago: «Mendeetako entrenamendua dugu, gizarte finkatu baten egituretan hazten da, eta bitartekoetara heltzen garen neurrian, bera da seinale jakiteko badugula gu baino beherago, hondorago, lokatzago haren lepotik uxatzeko tristura zirin hau». Bada, hala ere, «mendeku txikirik», Pernando Amezketarrarena, kasu. Baina, «gehiago dira mundu ikuskera baten adierazle alternatiba sendoa baino». Nola ba, umorea egiteko hitzak eta giltzak «bahituta» baldin baditugu, Aranbarriren ustez.
‘Umorearen sarrailez eta giltzez’
Uxoa Anduaga
Umoreak bere estutasunak uzten ditu agerian «zulo gutxiko gerrikoak inguratuta datorrela ikusten dugunean», dio Uxoa Anduagak, mugak izan badituela jabetzen garelako, umoreak umore izateari uzten diolako. Nork, noiz eta zergatik estutzen duen gerriko hori da kontua. Eta erantzuna Charlie Hebdo-ko atentatuen erreakzioetan topatu liteke, esaterako, Anduagaren ustez: «umorea afera nazionala» zela agerian geratu zen, identitate nazionalaren ikur bihurtu baitzen aldizkaria naziogintzaren oinarriekin bat zetorrelako. Izan ere, umorea bada identitate nazionalaren kidetasuna indartzeko tresna, «norberak bere errealitateak, ezagutzak eta kultura erreferentziak baliatzen dituelako umorea egiteko», eta erreferentzia horiek «nazio kulturalak berak diseinatuak eta aukeratuak» dira. Alegia, estatu-nazioak. Horregatik, estatuaren faltan, euskal nazioak ez du «umore sen estandarrik», eta hori ezean bereganatu dugu Espainiako eta Frantziako estatuen umorea, gure sentitzeraino Vaya semanita bezalako saioak. Euskalduna naiz eta zu? saioaren aferak ere erakutsi du zer den norentzat zilegi, zer den umorea eta zer ez, zer den normala eta ez normala, Anduagaren iritziz. Umorea «mediazio politikoa» delako beti, estutu edo lasatuko den gerriko politikoa.
‘Zenbait ohar umorearen gainean’
Unai Iturriaga
Bere bizipenetatik abiatuta, bertsogintzak bertsolariari umorearekin harremantzeko eskaintzen dizkion aukerei buruz egin du gogoeta Unai Iturriagak. Berehalakotasunak eta inprobisazioak erabat baldintzatzen baitu bertsolaria, are «distantzia laburrean», afari, poteo eta taulaz aparteko saioetan: «Bertsolariak gehiago tirako dio fisikoari, begitik sartzen denari, topikoari, eraikita dagoen moldeari, horrek berarekin dakartzan arrisku guztiei. Azken finean, topikoen eraikuntzak asko du gizartean nagusi diren balioetatik». Eta oholtza gainaren «distantzian» izanagatik ere, norberaren estereotipoei aurre egin behar die bertsolariak; zein roletatik zer abestuko duen erabaki, noren ahotik egingo duen umorea eta noren ahotik inola ere ez. Umoreak posizionatzen duelako bertsolaria, entzulea. «Guk hautatzen dugunean pertsona, pertsonaia edo jendarte konkretu bat umoregai izan daitekeela eta, gainera, jakin badakigunean parean dugunak irizpide hori konpartitu edo ontzat eman dezakeela, epaia emana dago: gu eta haiek». Aurretik baitator epaia, ez ondoren. Zapalduak zapaltzaileari buruz umorea egiten duenean, ordea, «labana izan nahi du baina ukendua da». Eta zapaltzaileak zapalduaz barre egiten duenean, aldiz, «mailua da». Horregatik, euskaldunok irrigai izan gaitezke, baina ez zapaltzailearen aurrean irrilariak, ez behintzat «irrilari jauntxoen terminoetan».
‘Umoreak ez die graziarik egiten’
Laura Mintegi
Lubakiz lubaki doa Laura Mintegi adierazpen askatasunaren mugak aztertuz. Erlijioak sortutakoa du abiapuntu. Danimarkako Jyllnads-Posten aldizkarian argitaratutako Mahomaren karikaturek berebiziko polemika piztu zuten, eta PEN International elkartearen barruan lehen aldiz zatiketa eragin zuen. Lubakia: «Batean aldarrikatzen zen pentsamenduari ezin zaiola oztoporik ipini eta penkideak bultzatzen zituen aurre egitera adierazpen askatasunaren aurka egindako edozein erasori, edozein lurraldetan. Bigarren komunikatuak adierazten zuen jendearen sinesmen erlijiosoak ezin direla erabili nazionalismoaren tresna gisa, eta penkideak bultzatzen zituen aurre egitera prentsa askeak dituen gaitzei». Politikaren lubakira doa gero. 2011ko irailaren 11ko atentatuen ondotik, Ingalaterran adierazpen askatasuna mugatzeko legearen kontra sortutako No Offence kanpainaren garrantzia aipatu du. «Disidentzia eta kritika zigortu nahi ziren, eta legearen irakurketa estua eginda, iritzi ‘deserosoak’ delitu bihurtzen zituzten legeak». Euskal Herrian lubakia «terrorismoaren biktimentzat ofentsiboa» suerta daitekeen orok zulatzen duelakoan da Mintegi. Adibideak zerrendan ia: Txalaparta argitaletxearen isuna, Esan Ozenki diskoetxearena, Soziedad Alkoholikaren kontzertuen debekua… Eta ondoren datoz komunikabideek jasandakoak, edota boterearen kontra egindako adierazpenak, grafitiak nahiz artikuluak. Zer esan baino, nork esan baita zentsuratzen dena sarri gurean, Mintegiren ustez. Eta zentsurak eta ‘zuzentasun politikoak’ dakartzan tranpak ere agerian utzi ditu. Trump presidente amerikarra horren adibide, dio. Lubakiz lubaki, beraz, eremu digitalera iristeraino.
‘Tirabirak: euskal gatazka binetetan’
Mario Zubiaga eta Edorta Arana
EHUko EMAN ikerketa taldeak euskal gatazkari buruzko egunkarietako tira komikoak aztertu ditu Tirabirak egitasmoarekin. Izan ere, tirak badu aparteko gaitasuna, Zubiaga eta Aranaren hitzetan: «gatazka politikoaren erroetara jotzen du, berori sinplifikatuz, egia da, baina, aldi berean, modu ulergarrian erakutsiz». Horregatik, «bineten funtzio politikoak ukaezinak dira». Umorearen osagaiak, gainera, interpelatu egiten du irakurlea, eta transgresiorako ateak zabaltzen dizkio, umorea «pentsaezina pentsatzeko tresna leuna, egoera lazgarrienetan razionalitatean sakontzeko modu ia bakarra» ere baita, eta «edozein konponbidek behar duen distantzia ironikoa ahalbidetzen baitu». Horra bere balioa. Batzuetan boterea kontraboterea da, beste batzuetan boterearen bermatzaile da, umorearen mugak botereak eraikitzen baititu: «Marra gorria publikoki igarotzen duenak bazterkeria, zentsura edo ondorio judizialak pairatzeko arriskua jasan dezake». Eta horregatik tirak ere kokatzen dira memoriaren moralizazioaren mugetan, boterearen historia banalizatzeko ahaleginetan. Baina, botere joko horren baitan elkarbizitzarako zubi ere izan litezke tirak, adituen ustez. «Irria partekatzea baino lokarri sendoagorik ez baitago».