2014-10-14 Albisteak
Herrigintza paradigma berri baten kimuak ernetzen ari ote dira? Azalean jarri dugu galdera.
Galdera ate joka dugu, ate joka dugulako parte hartzearen gaia. Ohikoa bihurtu da etxeko postontzian ere parte-hartze prozesuetarako gonbidapena jasotzea. Alderdi politiko eta agintaritza politikoetan, udal eta aldundietan, gizarte erakundeetan, tankera anitzeko talde eta elkarteetan, hedabideetan, kalean… Gero eta leku gehiagotatik entzuten dugu parte-hartze prozesuen beharra. Eta horrekin batera demokrazia zuzena, gobernantza modu irekiak, partaidetzazko aurrekontuak, erabaki guneak eta baliabideak partekatzea, eraldaketa soziala, militantzia modu berriak, herrigintzan sakontzea, eta beste.
Galdera jarri dugu azalean, baina galdera gehiago ditugu: nondik dator parte-hartze galdegite hau guztia? Zeri erantzuten dio? Zer da benetako parte hartzea? Ze baldintza bete behar ditu? Ze onura eta ze muga ditu? Ze oztopo ditu? Zertan da emakumeen parte hartzea tradizionalki gizonezkoena izan den eremu publikoan? Eta gazteena? Eta urrats bat sakonago emanda, haurrena? Nola konpondu behar dira botere politikoa eta herri ekimena? Militantzia zertan da gaur egun? Zenbateraino da parte hartzailea? Nola eragiten da eraldaketa soziala? Nola egiten da parte hartzetik partaidetasunerako urratsa?
Galdera horiek guztiak partaidetasunaren gaineko teorian eta jakintzan jantziak diren eta parte-hartze prozesuetan buru-belarri jarduten duten hamar aditu-arituri luzatu dizkiegu. Hemen, artikuluen laburpenak:
- Zesar Martínez: ‘Botere politikoa eta herri ekimena indartzeko prozesuak’. Elite ekonomiko eta politikoek egun ezartzen duten hegemoniaren aurrean, herri ekimena aktibatu eta komunitatea antolatzeko premiaz egiten da gogoeta. Herri-hezkuntza, Esperientzien Sistematizazioa edo Ikerketa-ekintza Prozesuak proposamen baliagarriak dira sektore gutxiagotu eta zapalduak ahaldundu eta antolatzeko, eta baita herri mugimenduen arteko artikulazioa errazteko ere.
- Nicola Foroni: ‘Erakundeak eta partea hartzea: paradigma berri bat elkarrekin eraikiz?’. Krisi garai honetan zenbait erakunde parte-hartzearen alde egiten ari diren apustua aztertzen da, gizarte eraldatzea eta paradigma aldaketa sustatuko duen funtsezko lanabes gisa. Egungo aldaketa soziokulturalek dakartzaten erronkak pertsonek, mugimenduek eta erakundeek kudeatu beharko dituzte paradigma berriarekin koherente izanez.
- Jone Martínez: ‘Euskal berrikuntza demokratikoak eta feminismoak. Emakumeen biografia politikoetatik begiratu bat’. Emakumeek berrikuntza demokratikoko espazioetan parte hartzeko dituzten oztopoei buruz egiten da gogoeta, euskal gizartean egun abian dauden esperimentu parte hartzaile eta deliberatiboetan parte hartzen duten emakumeen bizipenak aztertuz.
- Jon Markel Ormazabal: ‘Gaztea eta partaidetza: distantziak’. Gaztea/gazteria eta partaidetzaren arteko distantzia neurtzea da helburua. Horretarako, ezinbestekoa da, lehenik, gaztea zer den zedarritzea, politikarekiko gazteen usteak arakatzea, gizarte kezka eta inplikazioaren bide orriak ezagutzea eta horietatik partaidetzara jauzia nola egiten den aztertzea.
- Nerea Agirre eta Olaia Jimenez: ‘Guztiontzako partaidetzarako baldintza eta aukera errealak jomugan’. Haur eta gazteen parte-hartzea abiapuntu gisa hartuta, herritar ororentzako ikaskuntza eta partaidetza aukerak sortzeko prozesuen izaera eta baldintzez hitz egiten da. Egin beharreko bidea honetan datza: demokrazia parte-hartzailea egikaritu eta guztiontzako ongizate, inklusio eta ikaskuntza aukerak gehitzean.
- Marta Luxán, Andere Ormazabal, Unai Txurruka eta Olatz Dañobeitia: ‘Metamilitantzia. Herri mugimenduen baitatik gogoeta’. Joxemi Zumalabe Fundazioak 2012an abiatutako prozesu parte-hartzailearen emaitzen eta horietan oinarritutako hausnarketen laburpena eskaintzen da. Egindako prozesuaren nondik norakoak, orain arte militantziarekin lotu izan diren ideia eta bizipenak, gaur egungo egoeraren diagnosia eta, aurrera begira, jorratu beharreko gakoak zein diren aztertzen da.