2022-11-24 Bloga
Ikusezinaren pedagogia
Denok jolastu izan dugu ezkutaketan gure haurtzaroan. Nahikoa izan zitekeen aurpegia tapatzea eta begiak ixtea jolasa martxan jartzeko, barrea eragiteko, emozionatzeko: «Banago ala ez nago?». Desagertzeak eta agertzeak poza eragiten zuen. Baina zein ote da hain ohikoa zaigun jolas horren funtzioa? Ezkutatzea ezinbestekoa zaigu sinbolizazio prozesua gauzatzeko: horra hor, giza bizitzaren hasieratik, tarteka ikusezina izatearen garrantzia. Horrela jartzen dugu jokoan, bai gure nia, eta baita besteen desira ere. Uneren batean ez geunden, orain bagaude: «Gal nazakezu? Ni bilatzeko adina maite nauzu? Zein da mundura ekarri nauen desira?». Baina galderak ez dira beti galdera ikurrarekin idazten, zuzenean adierazten; batzuetan antzeztu ere egiten dira. Horregatik, galdera gisa interpretatu behar dira umeen hainbat jolas.
Norbere buruari begiratu ahal izateko, ezinbestekoa da, noizbehinka, begirada orotatik kanpo egotea. Eta horrek, hala ere, ez du esan nahi geure buruarekiko gardenak izango garenik!
Psikologikoki ezinbestekoa zaigu, beraz, ikusezinaren eremua: norbera, gauzak edo pentsamenduak ezkutatzeko. Ohikoa da umeek sinestea helduek haien pentsamenduak ezagutzen dituztela. Jainko kristauak gure edozein burutazio ezagutzeko ahalmena zeukan moduan, gurasoek ere pentsamenduak ikusteko botere ahalguztiduna omen daukate! Deskubrimendu izugarria da konturatzea besteek ez dutela zertan jakin guk pentsatzen duguna. Gure haurtzaroko momenturen batean garrantzi handiko aurkikuntza izaten da hori. Eta zein da frogatzeko bidea, testatzeko modua? Gezurrak esatea. Egia ezkuta dezaket eta ez dira enteratuko! Horrela konturatzen dira haurrak espazio pribatu baten jabe direla, haien burutazioentzako babesgune bat daukatela. Beraz, gezurra badirudi ere, aurrerapauso handia da gezurrak esan ahal izatea norbere pentsamenduak ikusezinak direla bermatzeko. Kontuz umeak egia esatera behartzen ditugunean! Aurretik pentsatu beharko genuke gezur horrek umearentzat betetzen duen funtzioaz.
Beraz, ikusezinak subjektibotasuna eraikitzeko erabateko garrantzia baldin badu, zer gertatzen da ezkutalekurik gabeko egungo subjektibotasunarekin? Nolako eragin psikologikoa dauka horrek? Norbere buruari begiratu ahal izateko, ezinbestekoa da, noizbehinka, begirada orotatik kanpo egotea. Eta horrek, hala ere, ez du esan nahi geure buruarekiko gardenak izango garenik! Gure barru-barrukoak ere enigmatikoa izaten jarraitzen du, ulertzen ez ditugun geure korapiloak subjektibotasunaren parte direlako. Pentsa dezagun, adibide gisa, gure ametsetan: ez dira batere gardenak, sarritan interpretazioa eskatzen dute. Kontua ez da ametsak ‘ikustea’, baizik eta ikusitako hori, hieroglifikoen modura, deszifratzea. Ametsetan egoteko, gainera, begiak itxi behar dira. Itxi eta zabaldu, agertu eta desagertu.
Bi katastrofe subjektibo posible daude: sekula begiratuak ez izatea eta une oro begiratuak izatea. Gure garaiak, tamalez, biak batzen ditu.
Ikusezinaren politika
Bi katastrofe subjektibo posible daude: sekula begiratuak ez izatea eta une oro begiratuak izatea. Gure garaiak, tamalez, biak batzen ditu. Une oro begiratzen gaituzte, baina makina baten begiradapean gaude: gizakiak baino, zifra anonimoak gara. Gizatasunik gabeko begirada algoritmiko eta matematiko batek jarraitzen gaitu, eta den-dena datuetara pasatzea du helburu.
Aurpegien errekonozimendurako teknika informatikoek, adibidez, aurpegiko simetriaren araberako datuak jasotzen dituzte: begien posizioa, haien arteko distantzia… Datuen bilduma horrekin aurpegien txantiloiak sortzen dituzte, gure aurpegiaren ezaugarri biometrikoak beste milioika aurpegirekin alderatzeko. Irudiak, prozesuan, pixeletan deskonposatzen dira; unitate matematikoetan, alegia. Begi mekanikoek, beraz, konputagailuetara itzulitako datuak baino ez dituzte ikusten, hiperbegirada itsuan.
Konputagailuek ezin izan zuten haren aurpegia detektatu! Kalean, berriz, inoiz baino gehiago begiratzen zioten, gehiegizko makillaje horrek arreta deitzen baitzuen. Zelako aldea begirada sozialaren eta begirada algoritmikoaren artean!
Hori salatzeko eta begi algoritmikoen aurrean ikusezin izateko estrategia diseinatu du Robinson Meyer kazetariak: aurpegia guztiz makillatu ondoren, errekonozimenduetarako pixeletan akatsak egotea lortu zuen. Konputagailuek ezin izan zuten haren aurpegia detektatu! Kalean, berriz, inoiz baino gehiago begiratzen zioten, gehiegizko makillaje horrek arreta deitzen baitzuen. Zelako aldea begirada sozialaren eta begirada algoritmikoaren artean!
Dena den, begirada algoritmikotik ihes egiteko saiakera bitxiak egon daitezke, baina egun ez da batere erraza ikusezin bilakatzea. Nola egingo luke Arthur Rimbaud poetak Afrikara ihes xxi. mendean? Arrastorik utzi gabe desagertu zen 1880an, hogeita zazpi urte zeuzkala. Hiperkonexioak eta begirada digitalak askoz zailago bihurtuko luke ihesaldia gaur egun. Agian horregatik izan da hain arrakastatsua Frank Ahearnen Nola desagertu? liburua. Desagertzeko, egun, informatikari aditu baten laguntza ezinbestekoa zaigu. Funtsezkoena ez baita bizitoki berri bat bilatzea, Interneteko gure datuak ezabatzea baizik. Horretarako, «distrakzio birtualaren» metodoa erabiltzen du Ahearnek: zure izenarekin Facebooken, Twitterren eta Instagramen milaka orri sortzen ditu, guztiak aldi berean. Horrela, norbaitek webgunean bilatu nahi bazaitu, ezinezkoa izango zaio sarrera kopuru kontaezin hori kontrastatzea. Desagertzearen logikak hiperidentitatearen forma hartu du! Izan ere, nortasun digitala kentzea oso konplikatua da, ia-ia ezinezkoa. Dirutza behar da horretarako. Pentsa! Brad Pittek hamar milioi dolar ordaindu zituen Internetetik bere emaztearen argazki batzuk ezabatzeko. Herritar arruntoi ordainezina zaigu sarean ikusezinak izatea.
Bada kontrako fenomeno bat ere: desagertu baino, bizitza pribatua Interneten saltzen duten youtuberrena. Kasu asko eta oso bitxiak daude. Jovan Hill gazteak, adibidez, 75.000 jarraitzaile lortu zituen bere arazo ekonomikoak bideo batean azaldu ondoren: premiazkoa zuen 7.000 dolar jasotzea. Hori baino askoz gehiago lortu, eta, geroztik, bere eguneroko bizitza streaming bidez transmititzen du, Periscope deituriko aplikazioaren bidez. Horixe da bere lana, gora egiten duen jarraitzaile birtual kopuru izugarriari esker. Baina zer erakusten du Hillek bere streamer lanean? Ohean etzanda agertzen da, hanburgesa bat jaten edo marihuana erretzen… Bere intimitatea saltzen du, ezer berezirik kontatu gabe. Egia esan, enigmatikoa da milaka pertsonak denbora eta dirua eskaintzea ezezagun gatzgabeko baten bizitza ikusten. Zein ote da ikusleen pasioa?
Hillena, noski, ez da kasu bakarra: jende askok bere eguneroko bizitzaren streaming-a egiten du. Badirudi gero eta erosoago gaudela kameren aurrean! Horrelako bideoen produkzioa, behintzat, etengabe handitzen doa. Eta egungo sistemarekin bat egiten du horrek: ez al da produkzioa gure sistemaren funtsa? Kurioski (horra hor etimologiaren pista), ‘pro-dukzio’ hitzak ‘aurrean jarri’ esan nahi du latinez: erakutsi, ikusarazi. Horixe dugu erakusleihoen logika kapitalista, produktuen ikusgarritasunaren bila.
Hasiera batean, boteretsuen inpunitatearen aurkako diskurtso gisa aldarrikatu zen gardentasuna. Egungo botere neoliberalak, ordea, bere interesen zerbitzura jarri du, jendearen kontrola areagotzeko. Horrek begirada digitalaren objektu bihurtu gaitu.
Agian, bestelako politika bat litzateke ikusezinaren alde egingo lukeena: ez hain produktiboa, ez hain espektakularra, baina gizaki moduan jasangarriagoa. Hasiera batean, boteretsuen inpunitatearen aurkako diskurtso gisa aldarrikatu zen gardentasuna. Egungo botere neoliberalak, ordea, bere interesen zerbitzura jarri du, jendearen kontrola areagotzeko. Horrek begirada digitalaren objektu bihurtu gaitu. Baina faltsua da: herritarrentzako gardentasun orokorrak ez dauka zerikusirik enpresa erraldoi batzuen gardentasun faltarekin. Merkantzien jatorria, ekoizpenaren lan-baldintzak, eragindako ondorio ekologikoak, paradisu fiskaletan gordetako kapitala…, datu horiek ezkutatu egiten dira. Horra hor enpresa erraldoien kutxa beltza, black boxing deiturikoa.
Ikusezintasun horrek, dena den, ez dauka aipatu dugun ikusezintasun inkontziente eta beharrezkoarekin zerikusirik. Subjektibotasunak iluntasuna behar du bizirauteko. Diruaren eta esplotazioaren ikusezintasunak, berriz, helburu oso argiak dauzka. Ez da batere iluna eta ez dauka maitasunarekin edo erosarekin harremanik.
Ikusezinaren erotika
Bada lotura zuzen eta misteriotsu bat ikusezinaren eta erotismoaren artean. Erotismoak ezkutatutakoarekin jolasten du, ezer ez da erabat erakusten. Eta agertzearen zein desagertzearen arteko dantzan, irudimenak eraiki behar du eszena. Iluntasuna, sekretua eta enigma dira fantasiaren akuilu; informazioa, fantasiaren aurkari. Hutsune ikusezinek zabaltzen dizkiote irudimenari ateak, begiak itxiz fantasia irekitzen da; gabeziaren eta presentziaren txandakatzeak amestera eramaten gaitu.
Ikusezina, beraz, onartu eta zaindu egin behar dugu, ez baditugu bide odoltsuak hartu nahi. Hitz hauen artean ikusezina egotea nahiko nuke, irakurle. Zertan datza, bestela, hitzen erotika?
Pornografian, berriz, dena emanda dago, dena da gardena, garbia. Era horretan, gardentasunaren gizartea pornografikoa dela esan genezake. Hala deskribatzen du Byung-Chul Han pentsalariak: digitalizazioaren gizarte garden/pornografiko batean bizi gara. Baina gardentasunak magiaren amaiera dakar, munduaren lilura galtzea. Kontrakoa badirudi ere, erotismoa iluna da, zikina. Orbanez beteriko begiradek gidatzen dute gizakion desira. ‘Zikin’ hitza, kurioski, latinezko ‘zuku’ hitzetik dator: bizitzaren zukua eta zikinkeria korapilaturik daude. Pornografia, ordea, higienikoa da: dena oso agerian eta oso garbi dago! Eta gertatuko dena jakitea, dena kalkulagarri eta kontrolagarri egitea, erotismoaren kontrakoa da. Ez du batere liluratzen etenik gabe erabat presente dagoenak. Erotikak sorpresak behar ditu. Ikusitakoak gugan nahi gabe eragindako zauri batekin dauka zerikusia, zabaldutako irrika eta hutsune batekin. Horregatik, irudiaren jaun eta jabe izan nahi badugu, irudia erabat menderatu nahi badugu, erotikak alde egingo digu: agur alteritateari!
Boterea eta erotika ez datoz bat. Boterea niarekin lotzen da; erotika, aldiz, alteritatearekin, bestearekin. Erotikak gauzekiko desjabetze sakona behar du, eta botereak erosaren heriotza baino ez dakar. Horixe gertatu zitzaion Herodes erregeari dantzariek berarengan eragindako desira erabat ezagutzera eta harrapatzera heldu nahi izan zuenean. Dantzariak haren aurrean zazpi beloen dantzaren erritmora mugitzen ziren eta erregea bati begira geratu zen, adi. Une batean, bere kitzikapenaren ‘azken egia’ ikustea bururatu zitzaion, eta dantzariari beloak kentzea agindu zion. Neskak zazpi beloak kendu zituen, bata bestearen atzetik. Baina azken beloa kendu ondoren, biluzik zegoela, hurrengo beloa ere kentzea agindu zion. Zer ote dago bere azalaren azpian? Zer ezkutatzen du? Krudeltasunez, dantzariari larrua kendu zion, baina errege harroputzak ez zuen bere desiraren azken sekreturik aurkitu. Beloaren atzean ez baitzegoen beste errealitaterik, gorputza bera beste belo bat baino ez baitzen. Baina erregeak ikerketa makabroa jarraitu zuen dantzaria hil arte, ezertaz enteratu gabe. Horrela irudikatzen du istorioa Alphonse Allais idazle frantsesak, eta pultsioak erabat ikusgarri egiteko proiektu ororen ezintasuna salatzen du. Nola bururatu zitzaion sexualitatearen misterioa gorputzaren azpian ezkuta zitekeela?
Giza pultsioek ez daukate irudirik, ezin dira erresonantzia magnetikoen bidez harrapatu. Ahalegin horiek guztiak porrotera kondenaturik daude hasiera-hasieratik! Eta porrot horretaz barre egiten du Wim Delvoye artistak: musuak, felazioak eta koitoak irudikatzeko X izpiak erabili zituen 2000. urteko erakustaldian. Eta zer zen erradiografietan ikusi zena? Hezurrak, organoak… irudiek ez dute desiraren enigma inondik inora harrapatzen. Herodes tragikoa dugu; Delvoye, berriz, komikoa. Baina, finean, biek ala biek ematen dute aditzera bizitzaren motorra, pultsioa, ezin dela ikusi, ezta guztiz menderatu ere. Beste kontu bat da berarekin egiten duguna. Herodesen bidea dugu beldurgarriena, odoltsuena.
Ikusezina, beraz, onartu eta zaindu egin behar dugu, ez baditugu bide odoltsuak hartu nahi. Hitz hauen artean ikusezina egotea nahiko nuke, irakurle. Zertan datza, bestela, hitzen erotika? Ulermenaren hutsuneetan, hitzek sorrarazten dituzten galderetan, hortxe zabaltzen da elkar ulertzeko eta hitzak interpretatzeko gogoa. Humboldtek, jada, adierazi zuen giza hizkuntza ororen gardentasun eza: «Hitz bat entzutean, ez daude bi lagun gauza bera pentsatzen edo ulertzen dutenak, eta alde hori, txikia bada ere, hizkuntza osoan hedatzen da». Hizkuntza gardena makina-hizkuntza litzateke, anbibalentziarik gabekoa, sormenik eta jolasteko tarterik gabekoa. Hizkuntza erotikoa gaizki-ulertuz beterik dago, baina baita elkarri entzuteko zein elkar ulertzeko gogoz beterik ere. Zorionez, hitz egiten jarraitzen dugun heinean, ez dugu inoiz lortuko erabateko ulermen borobilik. Eta horrela eutsiko diogu, era berean, hitz egiten jarraitzeko desirari. Dena argi dagoela esaten digutenean (era dogmatikoan, askotan) isildu egiten gara. Horregatik, artikulu hau ere gardenegia ez izatea nahiko nuke, elkarrizketarako gogoa piztuta mantentzeko gai izan dadin.