Ikasteko baserria utzi nahi izan zuen haurra

2020-07-31 Albisteak

Joan Mari Torrealdai Nabea 1942ko azaroaren 24an jaio zen Foruko Urberuaga auzoko Mosone baserrian. Bere aitaren jaiotetxea zen baserria, eta ama Gernikako bonbardaketan etxea galduta joana zen bertara. Haurtzaroa Foruan igaro zuen, herriko mutilen eskolan oinarrizko ikasketak eginez eta gurasoei baserri-lanetan lagunduz. Txikitatik esan zion aitari berak baserrian aritu beharrean ikasi egingo zuela, herrian zegoen frantziskotarren seminarioko haurrek bezala. 12 urterekin, 1954an, Arantzazuko seminariora joan zen, beraz. Bertan eta Foruan bost urtez humanitate ikasketak egin ostean, filosofiakoak egin zituen Erriberrin 1960 eta 1963 urteen artean; Arantzazura itzuli zen atzera, gero, Teologiako ikasketak egitera. Bertan sartu zen Jakin aldizkarian, 1963an.

Ikasketak amaitutakoan, Zarauzko Antoniano ikastetxean aritu zen, urtebetez, irakasle lanetan. Jakin aldizkariaren zuzendaritza profesionalizatu berria bere gain hartzeko utzi zuen irakasle lana, 1967ko udazkenean. Rikardo Arregirekin eta Karlos Santamariarekin elkarlanean lortu zuten hamar lagun inguruko lantaldea eratu eta Frantziako Esprit aldizkariaren ereduko argitalpen bat prestatzea. Bi urtez jardun zuen horretan, 1969an Espainiako Gobernuak aldizkaria debekatu eta argitaratzeko baimena eten zuen arte.

Aldizkaria debekatutakoan, unibertsitate-ikasketei heltzea erabaki eta Okzitaniako Tolosara joan zen, Manex Erdozaintzi-Etxartek gonbidatuta. Bertako Institutu Katolikoan egin zuen teologiako lizentzia. Ikasketetan landutakoaren zati batekin argitaratu zuen bere lehen liburua, Iraultzaz, 1973an. Alliance Française-n hizkuntza frantseseko diplomatura eskuratu zuen 1972an. Tolosatik Parisera jo zuen gero, eta bertako Institut d’Études Sociales-en soziologiako lizentzia (1975) eta École Pratiques des Hautes Études-en autogestioko diplomatura egin zituen. Parisen hasi zen lantzen euskal kultura idatziaren soziologia, lizentziarako. Azterketa horretatik argitaratu zuen, 1977an, Euskal idazleak, gaur. Geroztik, urtero aztertu du urteko liburugintza ekoizpena Jakin aldizkarian.

Frantzian bost urte igarota, Paristik Euskal Herrira itzuli zen 1975ean, Jakin Taldera. Urte horretan izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle. Jakinek bere gain hartutako Anaitasuna-ren zuzendaritzaz arduratu zen, Joseba Intxaustik egindako lanari jarraipena emanez, 1974tik 1977ra arte. Aldi berean, Deustuko Unibertsitateko Soziologia Fakultatean klaseak ematen aritu zen 1976-1978 urteetan.

Franco hil eta urtebetera Jakin argitaratzeko baimena berriro lortuta, aldizkari berria antolatzeko lanetan aritzeko Bilbotik Tolosara, lehenik, eta Donostiara, gero, itzuli zen. 80ko hamarkada Donostiako Gros auzoan eman zuen, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola eta beste hainbatekin batera, bertan kokatuta zegoen Jakin Taldearen egoitzan.

Jakin Taldeak urte horietan burutu zituen lanetan aritzeaz gainera, ikasketetan sakontzea erabaki eta lizentziatura egin zuen sortu berria zen Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio Zientzien fakultatean. 1984an lizentziatu zen Torrealdai, euskaraz egindako lehen lizentzia-txostenarekin: Euskal Telebista eta euskara izenburupean argitaratu zuen lana, 1985ean.

1990ean Jakin aldizkariak Arantzazuko EFA argitaletxearen lege-babespean egoteari utzi zion eta aldizkaria argitaratzeko enpresa beregaina bilakatu zen. Zuzendaritzaren jarraipena eta enpresa berriaren kudeaketa hartu zituen bere gain Torrealdaik. 1991n soziologian eta politika zientzietan doktore tesia aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean: La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983): Análisis de los informes del Lectorado. Zentsura frankistak euskarazko argitalpenetan izandako eragina aztertu zuen tesian, Karmelo Garitaonandiaren zuzendaritzapean. Lan horren haritik argitaratu ditu euskarak jasan izan duen bazterketa eta, zehazki, zentsura frankistaren eragina dokumentatzen duten hainbat liburu. Azkena, tesiaren eranskin argitaratugabea den De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el País Vasco (2019).

1991-1993 urteen artean Deustuko Unibertsitatean aritu zen, berriro ere, soziologia irakasle. 1993an XX. mendeko euskal liburuen katalogoa argitaratzeari ekin zion, 2000. urte bitartean bost tomotan argitaratu zen lana. Euskal idazleak, gaur lanaren jarraipena argitaratu zuen 1997an: Euskal kultura gaur. 1998 eta 1999 urteen artean EHUn eta Mondragon Unibertsitatean aritu zen irakasle lanetan.

Egunkaria Sortzen ekimeneko Talde Bateragilean parte hartu ostean, Euskaldunon Egunkaria-ko kontseilu editorialeko buru eta administrazio kontseiluko kide izan zen Torrealdai 1990-2000 urteen artean eta administrazio kontseiluko buru 2000-2003 urteen artean, Martin Ugalde eta beste hainbatekin elkarlanean. 2003an, Egunkaria auziaren baitan espetxeratu eta auzipetu egin zuten. Baita torturatu ere. Zazpi urteren ondoren, 2010ean, absolbitu zituzten auzipetu guztiak. 2014an amaitu zen erabat auzia, auziaren alde ekonomikoa artxibatuta.

2007an, euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak. 2009tik Azkue Biblioteka batzordeko kide eta buru izan da. 2011tik 2017ra bitartean bibliotekari akademikoa izan da, eta ordutik aurrera ohorezko bibliotekaria. 2012tik 2017ra bitartean PuntuEus Fundazioaren lehen burua izan da, Euskaltzaindia ordezkatuz.

2014an Jakin fundazio bilakatu eta aldizkariaren lantaldea berritu zen. Torrealdai Jakin Fundazioaren lehendakaria da geroztik. Hain zuzen ere, Jakinen ibilbideari aitortza egiteko, 2018an, Jakin Talde historikoarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen.

Gaitzaren gorabeherek ez zioten lanerako gogoa itzali. Aparteko ilusioz parte hartu zuen EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jakinek elkarlanean 2019an martxan jarritako Joxe Azurmendi Katedraren sorreran, eta 2019ko abenduan Azurmendiren pentsamenduari eskainitako Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuan. Irekiera ekitaldiaz arduratu zen Torrealdai, bere azken agerraldi publikoa izan zena.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan