Hurrengo belaunaldiei

2018-10-06 Albisteak

Jakinek eta euskara batuak elkarrekin egin dute bidea aldizkariaren sorreratik bertatik, arauak bere egin zituen lehen aldizkaria izan baitzen. Konpromiso horri eutsi eta euskara batuaren zabalkundea sustatzen jardun du geroztik Jakinek. Horregatik, euskara batuaren 50. urteurrenean ere, bat hartuta izan dira: Euskaltzaindiak Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakin Fundazioko lehendakariari eman dio euskara batuaren adierazpena idatzi eta irakurtzeko enkargua, akademiaren XVII. Biltzarraren amaierako ekitaldian.

36 erakunde publiko zein pribatuk sinatu dute adierazpena (ikus testua beheko botoi gorrian), baita Jakinek ere. Sorreran bezala, etorkizuneko konpromisoa berretsi, eta transmisioaren garrantzia azpimarratu du Jakinek sinadurarekin. Joan Mari Torrealdairen agiriko hitzak: “Belaunaldi berriei dagokiei eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea”.

Jakinek euskara batuaren 50. urteurrenari eskaini dio aurtengo bigarren zenbakia (Jakin 225). Bertan, Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi Jakin Talde historikoko lau kideek gogora ekartzen dituzte Jakinek euskara batuarekin bat egiteko erabakiaren zergati eta ondorioak, euskara batuak bost hamarkadotan lortutakoa baloratu eta egungo eta etorkizuneko erronkak aipatzearekin batera. Bestalde, Jakinen eta euskara batuaren arteko harramanaren historiari begiratzen dio zenbaki horretako Lorea Agirreren artikuluak. Hona hemen artikulu horren laburpena:

Jakin eta euskara batua

Euskara batua eta Jakinek elkarrekin jardun dute sorreratik. Batetik, Jakin bera –Yakin batasuna urratu aurreko hasiera hartan– Euskaltzaindiak 1956an Arantzazun egin zuen biltzarrean aurkeztu zen lehen aldiz. Eta, ordurako, bazuen sormuin euskara nolabait batzeko eta kultur bideetan jartzeko intuizioa. Eta, baita, Euskaltzaindiaren gidaritzari men egiteko erabakia ere; eta horrela jasotzen du, hain zuzen, Yakinen 10. zenbakiak (1959) editorialean. Eta, bestetik, 1964an, Baionako Biltzarrean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta bere taldea hizkuntz batasunaren gainean hartzekoak ziren erabakiak aurrez bere egitea deliberatu zuen Jakin gidatzen zuen taldeak; eta, biltzarraren ondorengo zenbakian, halaxe jaso eta halaxe adierazi zuten: batuaren lehen arauak bere egiten zituela eta arauok betearaziko zituela aldizkarian.

Izan ere, Jakin izan zen batuaren arauak onartu zituen lehenengo argitalpena, lehena eta bakarra, hasiera hartan bederen. Jakinek hizkuntzaren batasunaren aldeko praktikatik adina zuen, ordurako, hizkuntzaren gaineko pentsamendutik; hau da, herri batek hizkuntz batasuna behar duela kultur batasuna lortuko badu, eta kultur batasuna herri bat izatekotan, Joxe Azurmendik Jakinen 31-32. zenbakian (1968) idatzi legez.

Jakinek hasiera-hasieratik hartu lekuak eta praktikak bidea egin du gaur arte. Bidea ez zen batere samurra izan hastapen haietan, eta, orduko kontrako giroak eta liskarrak zekarkeen zigorrari eta zentsurari eusteko prest izan ziren. Kontrakotasunak, izan ere, ordurako bide luzea egina zuen.

Euskaltzaindiak 1956an deitu zuen gerra ondorengo lehen biltzar agerikoa. Arantzazun egin zen Euskaltzaleen Biltzarra. Biltzar hartan bi mundu azaleratu ziren, Joan Mari Torrealdairen hitzetan (Jakin 204, 2014: 39): «euskalgintza zaharra biltzarrean, eta belaunaldi berriaren proposamena gune berean, baina ez barruan». Txillardegik bere ‘Karta idigia’ irakurri zuen bertan, eta, besteak beste, euskararen gainbeheraz alarma jotzen du eta euskara garbia baino euskara bizia behar dela aldarrikatzen du. Batasunaren arautegi baten oinarriak jartzen hasten dira. Eta biltzar horretan ikusten du argia lehen aldiz Jakinek.

Bi urte geroago, 1958an, Euskaltzaleen Biltzarra egin zen Bilbon. Txillardegi berriro, oraingoan ‘Batasunaren bidea’ txosten luzearekin: batasunik eta antolamendurik eza deitoratzen du bai hizkuntzari dagozkiola eta bai euskararen aurrerabideari; jatorkeria eta garbizalekeria kritikatu eta jada arautegi bat abiatzen du.

1959an, Jakinen zuzendaritza aldaketa egon zen. Sortzaileak badoaz, eta lantalde berria sartzen da zuzendaritzan. Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Kepa Enbeita gazteek hartzen dute gidaritza eta eredu aldaketa nabarmena dakarte, bai hizkuntzaren alorrean, bai pentsamenduaren alorrean. Erreferentzia berriak bilatzen dira kanpoan eta bazter utzi Orixe eta Euzko-Gogoa-ren tradizio garbizalea, eta Txillardegi, Mitxelena eta Villasanteren aldera lerratzen dira. Hau da, batuaren bidean bete-betean sartuko da Jakin, sartu eta bultzatu; eta, pentsamenduarenean, berriz, tradizio eskolastikoari pentsamendu modernoa hobesten zaio.

1959tik 1963ra, beraz, Jakinek esperientzia praktiko bat metatuko du hizkuntza estandarra erabiltzen eta normalizatzen. Eltzea sutan jartzen du eta esperimentuak emaitza ona ematen du. 1963an, Euskaltzaindiak Arantzazun antolatu zuen biltzar irekian, Joxe Azurmendik berak hitzaldia eman zuen Jakinek lau urte horietan egindako bidearen balorapena egiteko. Azurmendik defendatutako hiru ideia ekarriko ditugu hona: bat, egitea, praktikan jartzea dela irabazteko bidea; bi, «Jakinek bereen artean iritxi zuen batasuna, euskaltzale kulturadun guzien arteko lotura izateraiño irizten ezpada, biderdian ildako asmo ames utsa» izango dela; eta, hiru, «lanarekin, batasunarekin eta praktikotasunarekin: kritika» (Jakin 204, 2014: 43-44).

Eta, honela, 1964ko Baionako Biltzarra iritsiko da. Ordurako batasunaren borroka puri-purian zegoen, garbizaleak, alde batetik –puristak esan ohi zitzaien–, albo hizkuntzetako hitz bakar bat ere onartzearen erabat kontra, eta, populistak, bestetik, herri euskara, euskalkiak, ororen gainetik jarriz. Bertan aurkeztu zituen batasunaren oinarriak Txillardegik. Hein batean, 1958an Bilbon irakurri zen txosten haren garapena da berri hau. Landuagoa, ortografiaz osatuagoa, tartean H-aren erabileraren lehen arauak barne direla.

Baionako Biltzarrean euskararen historia aldatu zela esan liteke, han hasten baita, neurri batean, batasunaren historia. Data horretatik aurrera sekulako abiadura hartzen du batasunak, geldiezin. Jakinen izenean Joseba Intxausti dago.

Eta hor hartzen ditu Jakinek Txillardegik aurkeztu hizkuntz arau bateratuak beretzat, zein gisan Jakin izango dela aldizkari lehenengo eta bakarra euskara batua praktikan jartzen duena. Eta horrela jasotzen du Jakinen 18. zenbakiak 1965eko urtarrilean:

Baiona-ko Euskal Idazkaritza-k lan handi bat burutu du. Euskal literaturaren batasunerako urrats luzea. Beharrezkoa. Ondo edo gaizki emana dago? Ez dugu juzgatzen.

Dena dela, Jakinek erabaki hauek guztiak onartu egin ditu, eta bete egingo ditu. Beraz, gaurtik aurrera, datorren alean hasita, Jakinen lege hauek obligatu egingo dute.

Jakinen nahi duenak idatzi dezake, edozein euskalki ta estiloarekin. Baiña, Euskal Idazkaritzak esana Jakinek bete egingo du. Horregatik, Jakinera etorriko diren artikuluak arau horietara lotuko dira. Beraz, Jakin, gure aldizkarian, idazten duena obligatua dago lege hoen betetzera.

Editorialaren ondotik, Baionako Biltzarreko hizkuntz arautegiaren dibulgazioa egiten da, H-a, deklinazioa eta aditza. Doi-doi, gaur erabiltzen dugun batuaren arau ia berberak. Hortxe gaur arteko bidearen abiapuntua.

1968ko Arantzazuko biltzar nagusirako bidea irekita zegoen. Baina ez erabat, eta, aurrez, urte berean, 1968an, Ermuan, Euskal Idazleen Lehen Jardunaldiak antolatu ziren Gerediaga elkarteak deituta, gerra ostean idazleak lehen aldiz biltzen zituen jardunaldia, Torrealdairen iritziko, Juan San Martinek eta inguruko euskaltzain batzuek mugitu zutena azpitik: «Halako gai bero bati heltzeko hotz eta uzkur ikusiko zuten Euskaltzaindia, gerta zitekeen barne etenaren beldur. Giroa berotu eta presioa egiteko balio zezaketen Ermuko jardunaldiek» (Jakin 204, 2014: 59).

1968ko udazkenean, aurten 50 urte, Euskaltzaindiak euskaltzainak eta euskaltzaleak bildu zituen Arantzazun erakundearen sorrerako 50. urteurrena ospatzeko aitzakiaz. Biltzarrak gai bakarra zuen: batasuna, euskara batua. Jakinek biltzarraren aurretik Euskera idatziaren batasuna monografia argitaratu zuen 31-32 zenbakidun aldizkarian; bertan iritzi bilketa bat jasotzen da ‘Euskara Batua bai ala ez?’ titulupean, eta, ondotik, literatur euskara batu baten aldeko aldarria egiten da eta Ermuan idazleek hartu erabaki guztien berri ematen da. Beste behin, Jakin, hizkuntza batuaren aldeko arrazoibideak indartzen eta hizkuntz arauak dibulgatzen eta hizkuntza batua erabiltzen eta normalizatzen. Azurmendik euskara batuari buruzko Jakinen 225. zenbakian idatzi du: «Batasunaren aita Txillardegi izan da. Eta, esango nuke, batasunaren arloan Txillardegik izan zuen sostengurik irmoena Jakin». Orduko bideak ekarri gaitu gauden tokira.


Bideoaren egiletza: Euskaltzaindia

Bideoaren lotura zuzena: hemen

 

Ikusi pdf-a

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan