Haiti

2019-05-10 Bloga

Kristobal Kolonek Amerika deskubritu zuen lehen bidaian egin zuen geldialdia Hispaniolan. Baten batek esango du Santa Maria itsasontzi ezaguna bertan lehorreratzeak aurresaten zuela jada zerbait Haiti izango zenaren historia ilunaz. Konkista, esklabotza, gaixotasun, gosete, tortura, pobrezia eta konta ezin ahala basakeria ezkutatzen dira bestela itxura paradisiakoa duen lekuan. Gauzak okertu egin ziren, nonbait, barbaroa kristautzeko asmo oneko misioan.

Sinbolikoki indar handiko lurraldea da, anbiguotasun laino batek estaltzen badu ere. Izan ere, koloniarik aberatsenetakoa izan zen Haiti (frantsesentzat). Estatu Batuen ondotik Ozeano Atlantikoaz bestaldeko kontinentean independentzia aldarrikatu zuen bigarren herrialdea ere izan zen, Latinoamerikako lehena. Herrialde txiroenetako bat da gaur egun. Matxinada eta gerra artean, Karibeko gatazka armaturik odoltsuena tarteko, 1804. urtean deklaratu zen Haitiko independentzia eta 1825ean ezagutu zuen berori Frantziak. Kolonizatutako lurraldeekin gertatu izan den moduan, ordea, ezegonkortasun politiko handiko urteak izan ziren ondorengoak –ehun urte baino gutxiagoan 30 estatu kolpetik gora izan ziren–. Agian hobe izango da deskolonizatu baino birkolonizatu egin zituztela esatea, Mendebaldeko herrialdeek Haitiren kontura negozioa egin zuten-eta.

Historiatik istoriorako pauso txikia eman eta ostera mundu ekiboko batekin aurki gaitezke. Edwidge Danticat eleberrigile haitiar-estatubatuarrak idatzi zuen liburu bat, The Dew Breaker (Ihintz moztailea), Duvaliertarren diktadura (1957-1986) testuinguru duena. Elkarri lotutako bederatzi istorio motzetan kontatzen du Tonton Macoute polizia torturatzaile baten –ihintz moztailearen– biktimen bizitza, gehienetan Haititik kanpo bizi den bigarren belaunaldiaren zaurien edo traumen bidez. Danticatek begirada torturak utzitako arrastoan jartzen du, eta ez hainbeste krimenean bertan (ikusi Aitor Ibarrolaren ‘The Language of Wounds and Scars in Edwidge Danticat’s The Dew Breaker’ artikulua). Hala, idatzi gabeko historia bat ageri zaigu, zuzenean nahiz zeharka sufritu duen herri baten traumetan. Are harrigarriagoa da nola azpimarratzen den, biktimarena bezainbat, borreroaren zauria. Bataren eta bestearen arteko desberdintasunak lausotu egiten dira, espero gabeko errebelazioen berri izan ostean ustezko egiak berrinterpretatu beharrean aurkitzen baitira pertsonaiak. Beraiei ere ez zien inork esan, nonbait, haitiar izatea zein nekeza den. Hobe zutela munduko hiritar izatea.

Historiaren bestelako irakurketa egin zuen Susan Buck-Morssek, Hegelen nagusiaren eta esklaboaren dialektikak Haitiko iraultzari asko zor ziola esan baitzuen (Hegel, Haiti, and Universal History). Hegelek Espirituaren fenomenologia idatzi zuen Haitiko esklaboak beren nagusien kontra altxatu ziren urteetan, esklaboak askatasuna lortu zuen iraultza batean, hain zuzen ere. Nagusiaren eta esklaboaren dialektikan, bata bestearen mendeko da. Lehenak bigarrenaren jarduna behar du nagusi izaten jarrai dezan; eta esklaboa nagusiaren mendeko da, hari men egiten dion neurrian. Horren kontziente egiten denean altxatzen da esklaboa, askatasunaren alde bizia emateko adinako konbentzimenduz.

Tousant L’Ouverture esklabo matxinatu bat zen. Bere burua Haitiko gobernari nagusi izendatu zuen eta, hobekuntzak eginagatik, ezarri zituen lan baldintza gogorrengatik matxinada ugari jasan zituen. Frantzian espetxeratu zuten Napoleonen aginduz eta bertan hil zen Haitiren burujabetasun aldarriaren bezperan. Frantziarren kontrako gupidarik gabeko errepresioarekin hartu zioten txanda Dessalines eta Capois jeneralek eta, behin independentzia ezagututakoan, estatu kolpe bat bestearen atzetik etorri zen Haitin. Esklaboa nagusi.

Batean kale, bestean bale? Koloniarik aberatsena herrialderik pobreen bihurtua; neokolonialismora itxuraldatutako deskolonizazio prozesua; bando banatan 40.000 biktima baino gehiagoren trukeko independentzia; askatasunaren biharamuna: ia hiru hamarkada iraun zituen diktadura. Berdindu daiteke sufrimendua, biktima edo borrero izan? Axola ote du, esklabo edo nagusi?

Ezkerraldea

Esklabo dela jakitun, nagusiarekiko mendekotasunetik askatu nahi duena (izan) da (fabrikako) langilea. Gurean, 70eko hamarkadan, sozialismoaren erdigune eta iraultza proletarioa gidatuko zuen subjektu izatearen esperantza Ezkerraldean jarri zen. Bazuen behintzat halako aura mitiko bat; «familia onekoak ere fabrikara joaten ziren», pentsa (David Beorleguiren ‘La fábrica como espacio de lucha y de memoria, el caso de Bilbao y la Margen Izquierda (1975-1995)’ artikulutik jasotako testigantzak dira hemen jasotako guztiak). Baina, hamarkada baten buruan, langileen ametsak beren lantokiak bezalaxe erraustu ziren. Walter Benjaminen aingerua Muskiztik Bilborako trenean joango zen orduan, paisaia postindustrial horri begira; fabriken eraispenei, hondakinei, nabe abandonatuei, heroinazaleei, amets eroriei eta ortzimuga grisari.

Beorleguik Ezkerraldean eta Bilbon desindustrializazioak izandako ondorioak aztertu ditu, 1975 eta 1995 artean Bizkaiko industria handietako langile izan zirenei egindako elkarrizketa batzuetan oinarrituta. Bertan dio eskualde horretan fabrikak eman ziola esanahia modernitateari; bizimodu bat eraiki zen lantegiekin batera, identitate bat eratu zen langilearen inguruan, borrokarako espazio eta arrazoi zen lantokia. Ze Bizkaiko Labe Garaiak Euskalduna edo La Naval fabrikak baino zerbait gehiago dira memoriarentzat. Elkarrizketatu batek kontatzen du gazte zeneko oroitzapen bat: fabriketako txanda bukatzen zenean langile andana ibiltzen zen hirian, batera eta bestera, poteoan; ikusgarria omen zen. Orain batera eta bestera dabiltzanak aterki batek gidatutako taldeak dira.

70eko hamarkadaren bigarren erdian jo zuen goia langile mugimenduak, CCOO sindikatuaren inguruan batez ere. Aldarrikapen laboral, sozial eta politikoek fabriken bueltan lur hartu zuten bezalaxe ikusi zen iraultza langileak egingo zuela. Eta hala hartu zuen langileak erakargarritasun bat ere, klandestinitatean eta borrokan jarduten zuen subjektua izaki. Garai hartatik ia mende erdi beranduago egindako elkarrizketetan nabaria da nostalgia puntua. Elkartasun, militantzia eta mugimendu handiko urtetzat dauzkate elkarrizketatuek 70eko haiek: «Desberdina zen, baina politagoa zen […] Han geunden denok, guztion eta guztiaren alde. Ikusgarria zen […] politagoa, hunkigarriagoa, erromantikoagoa… desberdina zen…».

Iraultza egiten ari ziren konbentzimendu osoz, eta Benjaminen aingeruarentzako lekurik ez zegoen. Ez behintzat 80ko hamarkadan porrot sentipena orokortu zen arte. Langabezia %30era igo zen Sestaon, esaterako; Beorleguik aztertzen dituen urteen artean, lanpostu industrialen erdia galdu zen. «Ezer ez… ez inoren laguntzarik, ez etorkizunaren arrastorik ere»; «Gerora okerragoa izan da. Jada ez da protestarik egiten […] aberats berri bihurtu gara, behiala borrokalari izan ginenok ere bai…», diote beste bi elkarrizketatuk. Fabrikak bizimodu bat sortu zuela esan dugu, eta fabrikak eraistean lekurik gabe geratu zen bizitza hori.

Izan ere, 1983ko uholdeak bezain hondatzaile izan zen lantokien itxiera eta haren osteko eraispena. 1993an hondakinek Bilboko itsasadarraren 3.221.000 metro hartzen zituztenez gero (datu hori ere Beorleguiri jasoa), Guggenheim efektuari leku egiten hasi beharra zegoen. Atzean geratu ziren «Emaidazu txuleta bat, senarrak Genen [General Electric] lan egiten du-eta» moduko graziak. Hemendik aurrera, langilea geroz eta estigmatizatuagoa eta ahaztuagoa izango da. Oro har ekonomia industrian oinarritzen zen garaian, Ezkerraldearen fabrika zentro eztabaidaezin izan zen. Kapitalismoaren interesgune bai, baina baita handik askatzeko mugimenduaren eragile ere. Periferia desatsegin egin da, ordea, industriari baino turismoari erreparatzen diogun honetan. Hiria escape room bat da, eta hiritarra ihes egiteko ordaintzen duen bezeroa.

Apolitikoak gara, betidanikan…

Peiremans taldearen Zer gara gu, nor gara gu, guaytarrak gara gu abestiak dio hori. A ze paradoxa, Ezkerraldeko ezkertiarrez jardun berri dudanean! Aldiz, entzuten ditugu halakoak. Antikolonialismoak merkatu legeekin tupust egin zuen eta erregairik gabe geratu ziren askatasun haizeak. Fabriketako langileak ere matxinatu ziren, baina, ezer lortu bazuten, bigarren edo hirugarren belaunaldikook dagoeneko ari gara ‘pribilegio’ haiek galtzen. Zertarako aritu politikaz, erabakiak multinazional txinatar-estatubatuar-errusiarrek hartzen badituzte? Nire lanaz eta nire oporrez, nire ezkontzaz eta nire seme-alabez, nire dietaz, nire etxeaz arduratuko naiz.

Ez pentsa iraganaren urrezko aroa laudatzera natorrenik edo progresuaren deabrua erakutsi nahi dizuedanik. Baina etorkizuna iragana bezain hondagarri izan daitekeela onartzea ez dago soberan ziurrenik. Esklaboaren azken matxinada iragartzen duen profeziarik ere ez nuke nahi. Baina historia eguneroko erabaki txikietan zizelkatzen dugula ere jakin dezagun.

Egin-eginean axola baitu esklabo edo nagusi, borrero edo biktima, langile edo enpresaburu. Baten batek esango du batetik besterako desberdintasunak geroz eta lausoagoak direla gaur: estu bizi diren enpresariak eta luxuz inguratuta bizi diren langileak daude, erruak eta damuak barrena jaten dieten ihintz moztaileak, mirabe izatearen truke ardurarik gabe eroso bizi direnak… Haitin ere baziren mulatoak. Plantazioei su eman zieten batzuek; beste batzuk lursailen jabe egin ziren; jabe haietako beste batzuek esklaboak libratu zituzten. Desberdintasunek ez zituztela berdindu, horretan da gakoa.

Ez dakit nondik datorren, baina esaera ezaguna da ondokoen gainetik hazten den belarra besteen parera berdintzen dela. Ikusgarria da hala ere belar artean nabarmentzen den lore matxinatua. Are miresgarriagoa, arriskuan omen dauden erleak elikatzen dituela dakigunean. Kontua da larrean behi, ahuntz edo konejuren batek jango duela halakoren batean. Nor den belar, lore, abere, erle? Nor aterkia daraman gidari (turistiko), nor artalde, nor hiritar-bezero, esklabo (edo nagusi) matxinatu, grebalari, eskirol… Nor tematzen den apolitiko izan nahian eta nork erantzuten dion saihetsezin zaigun izate politikoari. Zorionez, loreek baino erabakimen handixeagoa daukagu.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan