2026-06-04 Albisteak
Iazko udaberrian, hil aurretik, eskuartean zuen testu bat pasatu zigun Joxe Azurmendik Jakineko kideoi, liburu baten ernamuina izan zitekeena. Testu multzo zahar bat berritu nahian zebilen Azurmendi, urte batzuk lehenago Europa bezain zaharra (2023) liburuarekin egin zuen bezala. Hasieran, asmoa zen berekin batera lantzea testuak, pixkanaka eta presarik gabe, baina uztailaren 1ean hil zen. Konfiantza eman zigun Azurmendik, eta Haritz Azurmendi Jakineko kideak testuaren edizio lanari ekin zion: kapituluak osatu, lotu eta ordenatu. Gaur egin dugu Gure klasizismo txikia liburuaren aurkezpena, Donostian. Xabier Eizagirre Jakineko kidearen hitzetan, «oso lan gozagarria izan da». Izan ere, «Joxerekin hori da abantaila: beti ikasten da eta beti liluratzen da bat haren jakituriaz, erudizioaz eta gauzak lotzeko eta ideiak iradokitzeko gaitasunaz. Prozesu horren emaitza izan da liburua».
XX. mende hasierako jesuiten eskolan aritu ziren hainbat euskaltzaleren asmo eta lanetan oinarritzen da liburua, eta horregatik jarri ginen harremanetan Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuarekin, elkarlan bat egon zitekeela pentsatuz. Baietz erantzun zuten «berehala». Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko eta Jakineko kontseilu editorialeko kideak azaldu duenez, esker onez hartu zuten proposamena: «Plazera ez ezik ohorea izan da Joxeren liburu honetan parte hartzea. Oso liburu interesgarria eta irakurgarria da. Gauza asko esaten ditu iraganari buruz eta gauza asko esaten ditu orduko etorkizunari buruz».
80ko hamarkada amaieran eta 90eko hasieran idatzitako testuak ditu oinarri liburuak, baina, orain argitaratu direnez, egokitze eta gaurkotze ariketa batzuk egin izan behar dira. Haritz Azurmendirentzat «ohore bat» izan da testu erdi landu bat bere eskuetan uzteko konfiantza hori eman izana, baina ohorearekin batera «ardura» ere nabaritu du: «Kapitulu batzuk nahiko osatuta zeuden, baina beste batzuk nahiko eskematiko zeuden. Tentu handiz jokatu nahi izan dugu». Eduki aldetik «oso-oso gutxi» moldatu dutela nabarmendu du: «Joxek gure eskutan utzi zuenean, tratua izan zen bukatuko genuela ahalik eta gehien errespetatuz bere bidea, eta uste dut tratua bete, bete dugula».
Iraganetik, «gaurkotasun handiz»
Irakurketak irakurlea jantzi egiten duela adierazi du Azurmendik: «Janzten du euskal historia kulturalean eta janzten du Europako historia kulturalaren baitan». Joxe Azurmendik ohi zuen ikuspegi jantzi, konparatibo, kokatu eta horregatik unibertsalistarekin egina dago testua. Horrekin batera, «oso Joxe Azurmendiren estiloko» liburua dela nabarmendu du Haritz Azurmendik: «Kapitulu motzak ditu, ideia jakin bat hartzen du kapituluko eta hori garatzen du, eta estilo ironiko hori oso ondo datorkio irakurketa arintzeko».
Hiru atal nagusitan dago banatuta: Euskal klasizismoa belaunaldi artean, Ernazimentua paradigma klasizista gisa eta Gure klasizismoaren igaliak. Atal bakoitzak bere aldetik funtzionatzen du, eta «hiru atalak elkarrekin jarrita, nolabaiteko panorama ematen du euskal eskola klasizista hori kokatzeko historikoki eta kulturalki Euskal Herrian eta Europan, eta horren emaitzak baloratzeko irizpideak motxilan hartu eta gero, iruzkin multzo bat ekartzen du irakurlearentzat azkenekoan». Liburu bakarra izanda ere, jakingai asko eta askotariakoak daude.
Gaia XX. mende hasieran kokatzen den arren, «gaurkotasun handiko» lana da: «Etorkizunera begira funtzionatzen duen liburua da, edo galderak planteatzen dituena». Edizio lanetan ari zela, besteak beste, zera etortzen zitzaion burura Azurmendiri: «Nola daude klasikoak berriz itzultzeko proiektu horiek?». Izan ere, hizkuntza hegemonikoetan belaunaldiro itzultzen dira klasikoak; «gurean, kolpeka eta erdizka etortzen dira, etortzen direnean». Liburuak erakusten du klasikoen itzulpen proiektua oso presente zegoela gerraurreko eta gerraosteko belaunaldietan, eta gaur egun ere beharrak hor segitzen duela: «Ez agian irizpide klasizistei zuzenean segiz, ez hain eurozentriko eta patriarkal, baina euskaraz filosofia egiteko, behar ditugu oraindik ere pentsamendurako oinarrizko testuak euskaraz».
Garai batean egiten zituzten galderak bueltan ekartzen ditu Gure klasizismo txikia-k, eta «gaur egungo kulturgintzaz pentsatzeko ispilu egokia jarri begiratu nahi duenari».