‘Go home’

2024-10-17 Albisteak

Godoak

Aurtengo apirilean Kanaria uharteetan eredu turistikoaren aurkako manifestazio bat egin zen, arrakastatsua. Ez nekien ia ezer artxipelago horri buruz, eta ez naiz inoiz bertan izan, baina interesez irakurri nuen albistea, azken bolada honetan turismoaren arazoak asko kezkatzen bainau; gehiegikeria horri aurre nola egin pentsatzen hasi beharrean garela uste dut. Gertatu ohi denez, gauzak ez dira ia inoiz kasualitatea izaten, ia inoiz ez dira bat-batean gertatzen, eta manifestazio eta haserre horren atzean aurkituko ditugu arrazoi bat baino gehiago, eta historia.

Duela egun batzuk kanariar bat ezagutu nuen, lagun baten bikotekidea, eta horri buruz aritu ginen. Ez nekizkien gauza askori buruz hitz egin zidan. Esaterako, artxipelagoa konkista lurralde garbia izan zela jakin nuen, eta ehun urteko konkistaren ondoren penintsulatik iritsitako konkistatzaileek amazig jatorriko bertako herria suntsitu zutela. Hortaz, gaur egun, han hitz egiten zen hizkuntza desagertu egin da; hizkuntza hori mintzo zirenak hil egin zituzten, edota isildu egin ziren populazio kolonizatzailearen artean. Era berean jakin nuen, hango bizimodua desagerrarazi eta gero, Kanaria uharteak Espainiaren atzeko patio bihurtu zituztela, eta gaur egun Espainiako autonomia txiroenetakoa dela, langabezia-tasa izugarrikoa. Hala ere, gertatu zenaren memoria ez da guztiz desagertu, eta historia horretan oinarrituta, gaur egun, adibidez ‒horren arrastorik ere ez nuen‒, Kanarietako alderdi subiranistak NBEko batzorde deskolonizatzailera memorandum bat bidali zuela ere jakin nuen, prozesu deskolonizatzaile bat abiaraztea helburu.

Izan ere, Kanaria uharteak dira, antza, Espainiaren mendeko herrien artean, bere kolonia egoera edota estatusa era garbienean erakuts dezakeen lurraldea; beraz, ez da harrigarria ezagutu nuen lagunak bere irlei buruz hitz egiteko orduan termino kolonialista harrigarriki garbiez baliatu izana. Airoso erabiltzen zituen ‘kolono’ hitza, edota bere sinonimo kanariarra: ‘godoa’. Godoak penintsulatik joaten zaizkienak omen dira. Baina «ez guztiak», argitu zidan, «bakarrik asmo kolonizatzaileekin etortzen direnak». «Eta ez dizuete aurpegiratzen horiek termino arrazistak direla?», galdetu nion. «Bai, noski», izan zen haren erantzun garbia. Esan nion ez nekiela ezer horri buruz, eta berak erantzun zidan bazekiela ez nekiela; penintsulan oso jende gutxik ezagutzen du haien egoera. Galdetu nion: «Zer duzu nahiago, gaitzetsia izan, ala aintzakotzat hartua ez izan?», baina horri ez zidan erantzun.

Bai baitzuen horren berri, gaiari buruzko bibliografia interesgarria eman zidan, nire ustez ezinbesteko gaiak ukitzen dituen bibliografia. Burubide berri batzuk ireki zizkidan elkarrizketak, baina oraindik guztia digeritu nahian nabil. ‘Godo’ terminoarekin geldituko naiz, oraingoz. Duela urte batzuk El País egunkari espainiarrean horri buruzko artikulu bat argitaratu zuten (P. Fernaud, 1977-10-12):

«Godoak kanpora». Kanarietako hiri eta herrietako hormetan une honetan gehien zabaltzen den pintada da. ‘Godo’ da izen mespretxuzkoa eta gutxiesgarria, uhartetarrak penintsularra izendatzeko erabiltzen duena. Uler dezagun, ‘godo’ ez da penintsularraren sinonimoa; ‘godo’ penintsularekiko izendapen haserretu eta xenofoboa da, ikuspegi negatibotik eta deskalifikatzailetik ikusten dena. Komeni da zehaztasun hori egitea eta oso kontuan hartzea, ‘artxipelago zoriontsu’ deritzon horretan gertatzen ari dena benetan ulertu nahi bada. Ildo horretan interpretatu behar dira José María Martínez Casto psikologoak prentsa nazionalari egindako adierazpenak: «Godo izatea –dio– ez da arraza-jatorriko definizioa, baizik eta izaera-definizio bat. Penintsulako hiztun harroputz hori, nagusitasun eta jarrera oldarkorrekoa, beti izango da godo, uharteetan bizitzen urte asko daramatzan arren. Nik, godoez eta kanariarrez baino gehiago, godoez eta kanariar izaeraz hitz egingo nuke; hor dago ezberdintasuna, eta horrek eratzen du kanariar sentimendua».

 

Maketoak

XX. mendearen hasierako Euskal Herriko egunkariak eta aldizkari asko irakurtzeko aukera ematen didan lan polit bat daukat. Azken hilabete honetan egunez egun ari naiz garai hori ezagutzen, iturburuetatik. Beste bide asko irekitzen ari zaizkit, eta nire gai zerrenda luzetxo samar ari zait geratzen. Egunkari zaharrak irakurtzen ari nintzela iritsi nintzen 1902an Estanislao Aranzadik Bilbon eman zuen hitzaldi batera, La reconstrucción del pueblo euskaldun en la reconstrucción de su lengua izenekoa, hain zuzen. Garai hartako erretorika hanpatuak, muinean, nahiko gai interesgarria jorratzen zuen.

Esaiezue [gure herria akabatu nahi dutenei], nahiz eta iraintzeko asmoa dutenek beste zerbait uste izan, ez duzuela arbuiatzen gainerako gizakiekin merkataritzan aritzea, eta zuen asmoa ez dela gainerako gizateriarengandik isolaturik bizitzea; esaiezue zuen kostaldeetako itsasoak ez direla hain ekaiztsuak, munduko herri guztietako ontziak bertara erraz iristeko moduko portuak eskaintzen dituztela baizik, eta esaiezue zuen mendietako portuak ere lokomotor moderno batek zeharkatzeko modukoak direla.

Esaiezue besoak zabalik hartzen dituzuela gaztelarra eta aragoiarra, katalana eta valentziarra, baldin eta beren herrialdeetara zuenean aurkitu eta berean falta dutena eramatea beste helbururik ez badute, eta esaiezue ez diozuela esaten etorkin eta maketo zuen tradizioak errespetatzera datorrenari, zuek eurenak errespetatzen dituzuen bezala, baizik eta tradizio horiek suntsitzeko asmoa dutenei.

Beraz, hitz itsusi honekin egin nuen topo: ‘maketo’. Banuen haren entzutea. Katalunian bizi nintzela, nahiz eta garai hartan gauza gutxi ezagutu Euskal Herriari buruz, erraz lotzen nuen Sabin Aranaren ideologia arrazistarekin. Espainiako subditooi ondo irakasten dizkigute gauza batzuk, beste batzuk baino askoz hobeto. Hala ere, pasarte hartan ‘maketo’ hitza ez zen agertzen nik ezagutzen nuen adieran. Jakin-minez begiratu nuen, oso gainetik, maketo hitzaren historia. Lehenengo pausoa Wikipediara jotzea izan zen, noski. Eta garai hartan ‘maketo’ hitzaren inguruan argitaratu zen artikulu polemikoaren izenburua aipatzen zela ikusi nuen: ‘La invasión maketa en Gipuzkoa’. Artikulua Bizkaitarra aldizkarian agertu zen, 1895eko irailaren 5ean. Basa-jaun ezizenaz dago sinatuta, baina jakina omen da beste Aranzadi batek idatzi zuela, Engrazio Aranzadi Kizkitza-k, hain zuzen ere. Are gehiago, Sabin Aranaren kartzelako egonaldi ospetsua artikulu horren ordainetan izan omen zen.

Artikulu hartan, arreta eman zidan lehenengo gauza izenburua izan zen; Gipuzkoan, garai horretan, maketoen inbasioa? Baina maketoak ez al ziren Espainiatik etorritako langileak? Hainbeste langile al zeuden Gipuzkoan? Ez al zen, bada, Bizkaia etorkinak jaso zituen probintzia nagusia? Bila hasi eta, azkenean, artikulua irakurtzea lortu nuen. Dudarik gabe, artikuluaren formak oso iraingarriak, bortitzak eta, zergatik ez, xenofoboak dira. Hau da, ez zait harritzen norbait artikulu horregatik kartzelara eraman izana, batez ere Espainiako historia garaikidea ezagututa. Baina, nahiz eta prosa deseroso eta zakar hori eduki, sorpresa hartu nuen: Aranzadik aipatzen zituen maketoak ez ziren Espainiatik etorritako langileak, baizik eta Donostiara turismoa egitera joaten zen noblezia eta goi burgesia gaztelarra. Eta, bat-batean, pasarteak irakurri ahala, gaur egun geroz eta kezka handiagoa sortzen ari den turismoaren arazoaren lehen pausoak eta zalantzak, eta haserreak, ezagutzeko aukera izan nuen.

Nolatan, gipuzkoar guztiek gehien maite dutenari gure bisitariak egiten ari zaizkion kalte lazgarriaren aurrean, inor ez da erremediorik jartzen saiatzen? Arrazoi sinple batengatik, […] interes materialen sustapenagatik; irabazi-nahiagatik: urreagatik: immigrazio hori onginahizko eta oparotasun materialeko meatze agorrezina balitz bezala: bisitatzen gaituzten bainulariak galtzada-harriak urrezko galtzada-harriz jantzi eta gure paper zaharretarako saskiak mila pezetako billetez betetzera baletoz bezala. Behin betiko desengainatu behar da: gure lurrean maketoa egoteak ezin du hondakina eta hondamena, hala materiala nola morala, baizik sortu. […] Donostiari dagokionez, ziurta dezakegu ez dagoela etorkizun zalantzagarriagoko biztanlerik, kanpotarren eraginari esker, eta haien mende zatitu duela bere jarduera zaharra eta bere gogo ekintzailea alferkeriarik gaitzesgarri eta suizidenaren alde […], guztia, hiriaren etorkizuneko existentziak ere, urtero bisitatzen duten arrotzei sakrifikatzen zaizkie.

 

Oporrak Mediterraneo aldean

Nire jaioterria Mediterraneoan dago kokatuta. Munduko lurralde turistifikatuena omen da. Esate baterako, 2004an, 230 milioi turista joan ziren mare nostrum-eko bazterrak ezagutzera; munduko turista kopuruaren %30. Duela hogei urte, Bartzelonan jada hizpide zen hiriaren turistifikazioa. Gogoan ditut turismo jasangarriari buruzko liburuak eta hitzaldiak. Aspalditik eta gertutik ezagutzen ditut frankismoak planifikaturiko turismoak suntsitutako herriak. Garai hartan, hala ere, ez genuen hain garbi ikusten zer-nolako larrialdi egoera zetorren; Bartzelona ez zegoen inbasio egoeran. Baina orain kezka areagotzen ari da. Turista uholdeek Bartzelona hiria hartu dute dagoeneko, eta, ondorioz, hiria itotzen ari da. Kanarietan egon zen manifestazioari begira egon dira nire herrian. Herrialde Katalanetan hainbat ekimen burutzen ari dira aurten, eta ematen du zerbait mugitzen ari dela, baina egoerari buelta ematea zaila da. Arazo handiegia da, mundu mailakoa. Inork ez daki nola egin, nola muga daitekeen turismoa. Izan ere, zuloan erori ondoren, turistifikazio masiboaren egoerari buelta emateko gai izan den lurralderik ez dugu ezagutzen, eta alternatibarik ez dugu eskura.

Arazoa sistemikoa da, dudarik gabe. Turismoa da zerbitzuetan oinarrituriko ekonomiaren globalizazio jasangaitzaren eragile nagusia, karbonoa Lurraren berotzearena den bezalatsu. Turismoak ingurumen-suntsiketaren, hirigintzaren eta kontsumismoaren katalizatzaile gisa jarduten du. Negozio kapitalista erraldoia da: irakurri dudanaren arabera, munduan legezkotzat jotzen diren negozioen artean, handiena. Eta, negozioa denez, bezeroak behar ditu. Eta negozioa gizentzeko behar izan da sortu mundu mailako kontsumitzaile-kasta bateratu eta asperduran estandarizatu bat, eskaintzen zaizkien merchandising-a eta ikuskizunak eta denbora-pasak erosteko hezia. Munduko bazterrak estandarizatzeko modu bat, eta bazter horietako jende xehea txirotzekoa.

Salou, adibidez, Kataluniako udal txiroenetako bat da. Eta erabil dezadan datu hori aitorkizun txiki bat egiteko: harrigarri izan zait beti zein gutxi problematizatu den turismoaren gaia Euskal Herrian. Zein erraz hitz egiten duten euskal herrietako ezkertiar jendeek, konprometituek, niretzat amesgaizto hutsa diren lekuei buruz ‒Salou, Benidorm eta abar‒. Itxura batean, Euskal Herriaren turistifikazioa abaila hartzen ari da, eta orain espero dut errazago izango dela azaltzea, ulertzea, gu, turismoa jasotzen dugunok ere, kanpora joaten garenean ez garela neutralak; gure kontsumoarekin, gure bidaiekin, sistema suntsitzaile hartan parte hartzen ari garelako.

Zein da gure funtzioa bisitatzen ditugun lekuetan? Ez ote gara, batzuetan, maketoak ‒edo godoak‒, ‘dena barne’ eskaintzen dizun resort batean? Gure esku dago horren parte ez izatea. Zaila dela badakit, nik ere nahi ditut munduko bazterrak ikusi, nik ere baditut ametsak; eta nire asmoak ere, jakina, beti dira onak, zintzoak. Baina ez nuke ahaztu nahi nire gurariak ez direla guztiz nireak, mundu-sistema horrek moldatu dizkigulako, eta, nolanahi den ere, zerbait nahi izateak eta hori diruz ordaintzeko prest egoteak ez dizula horretarako eskubiderik ematen.

Polita izango litzateke amets eskapistak alde batera utzi ‒nik lortu ez dudan zerbait da, egia esan‒ eta gure hurkoentzat eta guretzat bizitza duin eta berdinzale bat amesten hastea, urrutiegira joan beharrik gabe, inoren gainetik jarri beharrik gabe.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan