2019-11-12 Bloga
Sormenetik du izena eta Tolosan egiten da, trantsizioko urtaroetan, Zerkausiaren azpian dagoen leku kurioso batean, ibai ertzean. Sormenak, euskarak zein kulturak zeharkatzen dituzten arituak eta adituak elkartzen dira bertan; eta aldian aldiko gonbidatuaren elkarrizketari ukitu berezia ematen diote hura osatzen duten poesia errezitaldiek, zuzeneko musikak edo dena delako sormen saioek.
Tolosaldeko Galtzaundi Euskara Taldearen webguneak dioenez, «saretuz, azokak, euskarak eta kulturgintzak irabaztea dute helburu antolatzaileek», «sormenaz eta kulturaz gogoeta egitea, sormena eta kultura hizketagai izatea: zer, zergatik eta zertarako sortzen da sortzen den hori?». Zehatzagora joanda:
Batetik, Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta ekimen honen bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman asmo zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. […] Azkenik, bertaratutakoen arteko harremanak sortuz ekimen berrien inspirazio gune izateko helburua ere badu.
Tolosako Arraun Klubak uzten duen espazioan egiten da euskara taldeak bultzatutako proiektua; egitasmoa zabaltzen dute tokiko komunikabideek (28 Kanala eta Tolosaldeko Ataria) eta diruz laguntzen dute bertako udalak, Aldundiak eta Jaurlaritzak. Explore San Sebastian Region ez nuen ikusi azken kontsultan (markak arrakastarik izan ez duela-eta izena aldatuko omen diotelako izango ote da?). Gogoa horretan nuela etorri zitzaidan David Harvey-k Raymond Williams idazleari aitortzen dion bereizketa bat (Justice, Nature and Geography of Difference lanean), turistaren begiradaren eta lekuan bizi izandako bizitzaren artekoa, hain zuzen ere. Williamsen Border Country eleberria adibide. Matthew Price du protagonista, Londrestik jaioterri duen Glynmawr-era joana, Hego Galesera, gaixo dagoen aita bisitatzera. Itzultzean konturatzen da desberdina dela gordea zuen oroitzapena eta errealitatea bera: «jada ez zen paisaia bat, jendea erabiltzen ari zen ibarra baizik. […] Bisitariak edertasuna ikusten du; bizilagunak, lan egiten duen eta lagunak dituen lekua» (34. or.). Azken horretan edertasunik dagoenik ukatu gabe, gehituko nuke.
Tolosako egitasmoa ere turistari ez, herritarrari ari zaio, landa paradisuaren kontenplazioa sustatu beharrean gure herriko herritar izatera gonbidatuz. Izan ere, bisitariaren begiradak ekartzen duen bestelakotzeak bere argiak ere izan ditzakeen arren, nekez gerturatuko da paisaia bizidun horren protagonisten egunerokora. Are, urruntze bat ere bultzatzen duela esango nuke, klixeetan itotako landa eremuaren eta hiriburu kosmopolitaren arteko bereizketa azpimarratzen denetan. Pasa den mendeko kontuak irudituko zaizkizue beharbada, baina ez da arreta gehiegirik jarri behar aurreiritziek sendo bizirik dirautela ikusteko. Inor ez da inongoa, eta egia da garen tokikoak izateak zer bat ematen digula, besteak ez(berdin) duena. Hala ere, ez digute inongo mesederik egiten bi muturretako batean kokatzera garamatzaten dikotomiek. Horregatik egiten zait interesgarria identitate gotortu(arazi)etatik askatu eta bakoitzaren (g)lokaltasunetik bestearenera gerturatzea. Gonbidatuta zaudete Zerkausira.
Topikoarekin jarraituz, landa munduaren konnotazio lokalak eta hirien kulturartekotasun globala aipatu beharrean nago. Esan dut denok dugula leku bat mundua irakurtzeko bidea ematen diguna; ez dagoela, beraz, leku global bat. Harveyren ustez, Williamsek esango luke partikulartasun horietatik sortzen dela balio komunak –globalak– sortzeko aukera. Komunitate partikular batean bizitzea, hura ulertzea, hartatik mundua irakurtzea… beste biderik ez dago unibertsala ulertzeko. Aldi berean, ordea, bidegurutzez betetako bidea da, ezin baita balio unibertsal bat partikularismo hutsetik eraiki, lehenak bigarrena saihestu ezin duen bezalaxe. Kontuari freskotasun bat emate aldera, hiriaren lokala eta herriaren globala pentsatzetik has gintezke, akaso?
Tolosako partikulartasunetik abiatzen da Sormenetik, unibertsaltasun baten bidean geldialdi saihestezin dituelarik euskara eta kultura. Ekimena komunitate partikular batetik eta hari erantzuteko sortua izan da; ez da, ordea, egin beharreko/daitekeen ekimen bakarra, ezta azkena ere. Hala ere, globala da, gogoetaren eta artearen unibertsaltasuna dudan jartzen hasten ez bagara behintzat. Zeren, liburu aurkezpen batean ikusi nuen esaldia parafraseatzen uzten badidazue, zernahiz ari dela ere gutaz ari da Sormenetik. Gu lokalaz eta globalaz, glokalaz.
Garbiñe Ubeda eta egia immaterialak
Udaberriko saioan gonbidatua Garbiñe Ubeda izan zen; Yurre Ugartek egin zion elkarrizketa, eta, galdera eta galdera artean, Ione Gorostarzuk Ez da erditzea liburuko poema batzuk errezitatu zituen, Hodei Yañezen biolinaren laguntzaz. Bertan esandakoetatik pare bat kontu ekarri ditut hona.
Orain arte abstrakzioaz aritu naiz, balio partikularrak unibertsalekin lotu beharraz eta alderantziz. Williamsek literatura nahiago zuen nonbait kontu horietaz aritzeko, teoria filosofikoagoetan –filosofikoegietan– katramilatzea baino. Eta Ubedak antzeko zerbait esan zuen Ugartek aitonari buruz idatzi zuen eleberriaz galdetu zionean, kazetaritzaren aldean fikzioa nahiago zuela, «fikzioak ematen dizulako egia ondoen ezagutzeko bidea, kuriosoa bada ere».
Aitona anarkista Pirinioetatik bestaldera pasa zen gerra galdutakoan. Kontzentrazio-esparruetan egon omen zen eta familiak desagertutzat eta hiltzat eman zuen. Urteak pasa eta historiatxoa osatze aldera informazioa biltzen jarri zirenean, ordea, konturatu ziren beste bizitza bat izan zuela aitonak Frantzia iparraldean, eta uste baino beranduago hil zela, 1980an. Berri pozgarria izan zen Ubedarentzat, baina kontatzerakoan jendeak aitonaren bigarren bizitza hori traiziotzat hartzen zuela konturatu zen. «Juzgu erraz» hori saihesteko nobelatu zuen istorioa, hezur-haragizko aitona alde batera utzi eta fikzioak irakurketa zuzenago bat ahalbidetuko zuelakoan.
Agustin Arrietak filosofiatik gertuago idatzi du fikzioaz eta ez-fikzioaz, eta argitaratzear duen liburuaren kapituluren bat edo beste irakurtzeko aukera izan dut (Gogoeta-bide irekiak). Bertan dio, besteak beste, ez-fikzioan balio epistemikoak daudela lehen lerroan eta ezinbestekoak direla; fikzioan, ordea, ez. Hala:
Fikzio bati buruz eztabaidatzen dugunean, ez dugu aintzat hartzen ea fikzioa zenbateraino den egiazkoa, edo objektiboa den edo ez. […] Eztabaidatzen duguna da ea nola interpretatu behar diren begi aurrean dugun obra eta ditugun pertsonaiak edo egoerak.
Ubedak esango luke hor aurki dezakegula egia, egia izan gabe ere. Eta Arrietak ere onartuko luke, beharbada, beste hiztegi batekin. Ezagutza desberdinak eskaintzen dituztelako, bere ustez, batak eta besteak, elkarren osagarri izan daitezkeenak, gainera.
Aipatu nahiko nukeen bigarren puntuaz Berria egunkarian ere aritu da Ubeda, Ximun Fuchs-ekin batera, Ahomentan atalean (2019-08-11). Idazlea izateaz gain, Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari ere bai baita. Bere lehendakaritzari hiru erronka ikusten zizkiola aipatu zuen Tolosako saioan: lurraldetasuna, prestigioa lortzea eta ofizioaren aldarria. Lurraldetasunean geldialditxoa eginda, esan zuen politikak jartzen dituen mugak jartzen dizkiogula euskarari ere. Hain onartua daukagu muga, printzipio unibertsal bat bailitzan, beste lurraldetasun bat egon daitekeenik pentsatzea bera ere zail egiten baitzaigu. Fikzio gehiago behar dugu, agian, muga geografiko-politikoez haragoko mundu bat deskribatzen diguna. Ez-fikziotik saiakerak egin dira, abertzaletasun kulturalaren inguruan ale honetan doan artikulua, kasu. Hitzetik ekintzarako bidean sormenak lagunduko ote gaituen…
Prestigioa lortzearekin lotuta dago Fuchsek Berria-n zioena ere, frantsesez eta euskaraz lan egiten duenean artista bera dela, baina euskaraz aritzerakoan hiru aldiz gutxiago balio duela bere lanak. Ubedak ikusgarritasun eza aipatu zuen orduan, euskaraz egiten dena txoko batean eta ikusezin dagoela eta zaila dela horrela prestigioa lortzea. Eta hortik hirugarren erronkara, ofizioaren aldarrira. Idazle izateko modu asko daudela eta denak aldarrikatu behar direla esan zuen Tolosan, «baita komuneko atean idazten dutenak ere!». Zoritxarrez, ordea, instituzioek ez dutela laguntzen, eta, ondare immaterial izendatuagatik, aurrekonturik ez dagoela idazleentzat.
Herri baten biziraupenean hain inportantea bada, aurrekontua jarri behar zaio. Eta aurrekontua jartzearekin batera immaterial uste duzun hori material bihurtuko da. Liburuak aterako dira, diskoak aterako dira, eta abar, eta abar.
Horri lotuta oroitu zait Itziar Okarizi Argia-n egindako elkarrizketa baten aipua ere:
Etengabeko trebakuntza batean gaude, etengabe informatzen, sekula heldu izatera iritsi ezingo bagenu bezala. Gai konplexua da hau, politikoki konplexua. Lotura du, ezagutza immaterialarekin, eremu honetan mugitzen garen pertsonen prekarietatearekin (2018-04-15, 45. or.).
Ez gabiltza aurreko ataletik hain urrun, azken batean. Sortzailea (landa paradisua, euskara, azoka, kultura) mantendu eta babestu beharreko adin txikiko haurra bailitzan tratatzen dugu, edo behar oinarrizkoagoen atzetik soilik kasu egingo diogun pribilegiatutzat hartu, dirua soberan bada aurrekontua eskainiko zaiona. Sortzaileari lanaren emaitza ordaintzen zaio (eta emaitza hori lortzeko prozesua ordaintzen bazaio, ‘bekaduna’ izango da, hitzak dituen konnotazio guztiekin), ez lanean emandako denbora edo pilatutako ezagutza –immateriala, ikusezina–. Ez dugu benetan sinesten egia immaterial den horretan ere badagoenik.