Geureak

2021-11-04 Bloga

Aurrizkibidea

Aurrizkien aroan gaude.
Lexemen xirmi-xarma dut akuilu erreturan.

Ideiak letraz letra eratzean, egiten zait
meteorito batez erditzear nagoela:
deseraiki, ezjabetu, ezmaitatu, desikasi.

Hitz bakoitza iltze bat da eta bere musika dauka.

Erritmoa galtzeke putz egin beharra dago
sorkari horiek mundura ekartzeko:
berrasmatu, birjabetu, birloratu, berraurkitu.

Azalaren kodeak bete du sobera iraungitze-data.

Metamorfosiaren mirariak hizkuntzan du iturria.

Miren Agur Meabe: Nola gorde errautsa kolkoan
(2021eko Espainiako Poesia Saria)

Geuretik sortuak

Uda honetan Udalbiltzak martxan jarri duen Geuretik sortuak proiektuan parte hartzeko aukera izan dut beste hogeita sei kulturgilerekin batera. Proiektuaren lehenengo edizioa izan da, eta honela azaltzen du Udalbiltzak bere zioa:

Arteak eta kulturak funtsezko bi funtzio betetzen dituzte gizarte batean: hizkuntza baten imajinazioa garatzea (afektiboa eta pentsaera) eta herri baten historiaren lekuko izatea. Euskal Herrian, egun, bi funtzio horietan arteak eta kulturak duten ahulezia nabaria da.

Bi edo hiru astez zazpi herrialdeetako hogeita sei herri edo nodotan izan gara hautatuko proiektuak, eta bertan bizi zein konpartituak ondoren sorkuntza-lan batean bildu behar genituen. Lanak hiru zakutan bereizi dira: literatura, zinemagintza eta antzerkigintza; eleberri laburrekin bilduma bat osatuko da, film laburrekin film luze bat eta lau antzezlanen emanaldiak bertatik bertara eskainiko dira. Izan ere, aurten produkzio-lana egingo da eta datorren urtean, 2022an, hedapen fasea egingo da aurten anfitrioi izan diren herrietan. Hau da, Bonbon noir Gotaine-Irabarneko antzerki taldeak Oñatin sortutako antzerki emanaldia Tafallan aurkeztu dezake, edo Sarai Robles barañaindarrak Ondarroa eta Berriatuan egindako literatur lanari buruz zein egonaldian bizi, behatu eta ezagututakoari buruz hitz egin Villabonan, Galdakaon edo Artziniegan.

Egundoko proiektua iruditu zait, eta behin egonaldia egon ostean, are. Kulturgintzan halako eta holako sariketatan parte hartu izan dut; gaztetxotan, sortzeko aitzakia eta ilusio iturri ziren, poltsikorako pox, bide batez; gerora, epe-muga eta baldintzek lagundu nire zurrunbiloei forma eman eta eragiten jarraitzen lagundu didate, eta zorion bakoitza poz izugarri. Baina banuen sentsazioa sariketak norberarengan hasi eta bukatzen zirela. Noiz edo noiz musikatu dute bertso-paperen bat, aldizkariren batean atera da saritutako ipuinen pasarteren bat eta jaso aspaldiko ezagunen baten kukua horren aitzakian, baina, gainerakoan, argazkiak, elkarrizketaren bat eta aupa, eutsi horri!

Egiten duguna ia beti da garena baino askoz ere interesgarriagoa, egiten duguna garelako, are, euskaldun, emakume eta kulturgile prekariook. Egin ezean dagoena zara.

Iratxe Retolazari 2018an Hik Hasi aldizkarian irakurritakoa da bera ez duela kezkatzen Mikel Laboa nor den ez jakiteak; bera benetan arduratzen duena Izarren hautsa jarri eta ez ezagutzea dela. Nietzsche berak ere Tragediaren jaiotza liburuan zioen «hobe dela artelan bat izan artista bat baino». Egiten duguna ia beti da garena baino askoz ere interesgarriagoa, egiten duguna garelako, are, euskaldun, emakume eta kulturgile prekariook. Egin ezean dagoena zara. Badakit ‘egin’ horretan fokua itsuki jartzea ere ez dela samurra, ezta komenigarria ere geure lehendakariaren aholkularien usteen kontra; baina egiteari, lanari, bestelako adiera positibo bat ematea ere badela egungo erronka iruditzen zait. Hori beste baterako.

Kontua da Geuretik sortuak proiektuaren karira Goi-Erriberan izan naizela, zehazki, Lodosa, Sartaguda, Andosilla eta Mendabian. Ezagutu ditut frankismo garaian mendiko haitzetan egindako etxe-zuloak, Sartagudako Memoriaren Parkea, Mendabiako poteoa, Lodosako haur jaioberrien zapi-janztea, Andosillako txistulari taldea, melokotoi sailak, solaskide taldea, anarkisten ondorengo abertzaleak, eta ‘kaixo’ ere onartzen ez duten zerbitzariak. Nire ustez, Geuretik sortuak proiektu horren erakargarritasun eta potentzialtasun handiena kulturgileon jardunak kolektiboarekin, herriarekin, jendartearekin lotura eta ardura izatea da. Norberak ematen dio forma horri, norbere motxila eta harrikada, baina kulturgilearen kapritxoak ez dira bere asebetetze bakarrik, edo, gutxienez, gehiago disimulatu behar da.

Erriberako lurretan anonimoa izan naiz arrotz izan gabe –arrotz izaten betikoek jarraitzen dute–.Urteak izango ziren plazaren erdian, eserleku publiko batean libururik zabaldu ez nuela –mendian edo igerilekuan-edo, bai, baina kaleko bankuetan edo espazio publikoan, batere gogorik ez daukazun tragorik hartu gabe, kontsumitu gabe, nork irakurtzen du?–. Bitxia egin zait Erriberako euskaldunek hizkuntzarekiko duten atxikimendua eta, aldiz, euskarazko kulturarekiko, oro har, adierazitako lausotasuna. Ez dut behar besteko azterketarik egin baieztapen potoloetarako, baina susmoa izan dut sorkuntzak berak bestelako funtzio eta ezaugarriak dituela Erriberan: ez zait kasualitatea iruditu Lodosako herriko festetako hiru kontzertuak bertsio-taldeak izatea. Orain gutxi sortu dute Andosillan Ojos Violeta izeneko talde mundial bat, baina, orain arte, musika jo eta kantatu bai, baina euren kantak sortzen zituen talde gutxi egon direla zioten. Ohiturek garrantzia handia dute bertan: piperrek, zezenek, urteurrenek… Irakurzaletasun gutxi, oso gutxi dagoela azpimarratu zidaten lau herrietako liburuzainek, eta nire egonaldian lagun izandakoek ere literaturari heltzea kosta egiten zitzaiela aitortzen zuten. Goiz batzuk liburutegian pasa nituen, eta harritu egiten ninduen kontsultaren bat egitera joandakoek ahots-tonua amiñi bat ere ez apaltzeak. Zenbat gauza fantastiko, aizue.

Bitxia egin zait Erriberako euskaldunek hizkuntzarekiko duten atxikimendua eta, aldiz, euskarazko kulturarekiko, oro har, adierazitako lausotasuna. Ez dut behar besteko azterketarik egin baieztapen potoloetarako, baina susmoa izan dut sorkuntzak berak bestelako funtzio eta ezaugarriak dituela Erriberan.

Gogoan geratu zait Mendabian Ines Sainz etnografo, tarot irakurle eta jakin-mina zerion andrearekin izandako enkontrua. Bere senarra Angel Elvira eta biak lanari emanak bizi izan ziren: Mendabiako euskararen bilakaera, nekazaritza, Lizarraldeko sorginkeria eta sineskeriak eta abar aztertu zituzten. Euskal tarota ere sortu zuten 1982an, Mairu, Etxekoandre eta Lur bezalako karta zoragarriekin. Ines zentzu antropologikoan mintzo zen kulturaz, eta orain bi urte zendutako senarra oso presente zuen. Lana kobratzea zenbat kostatzen zitzaion kontatzen zigun. «Batzuek esaten ziguten nola egiten genuen artetik bizitzeko. Bai zera! Gu ez ginen artetik bizi; gu miraritik bizi ginen». Eta barre egiten zuen zeruak eta lurrak entzuteko moduan.

Geuretik sortuak mirari lurtar bat da, artetik baino artea bizitzeko.

Johnny Depp eta kritika kultural feminista

2021eko Zinemaldiko astean ari naiz artikulu hau idazten, eta Johnny Deppen Donostia Sariak sortu du nahikoa harrabots. Ikus-entzunezkoen esparruan 2017an MTV zine sarien 26. edizioan estreinakoz genero bereizketarik gabeko sariketa izan zen, eta hainbat festibalek egin dute hautu hori, Donostiako Zinemaldiak, tartean. Eneritz Artetxek Karanbola hirukoitza (2019) lanean euskarazko antzerkian emakumeek duten presentzia aztertzen du eta datuak zein ondorioak mahai gainean jarri: Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Eskolan, Dantzertin, 2017-2018 ikasturtean matrikulatutakoen %64,4 emakumezkoa zen eta %35,4, berriz, gizonezkoa. Profesioaren barruan, ordea, kopuruak asko aldatzen dira postuen arabera. Artetxek azpimarratzen du «emakume antzerkilarien hutsunea beraiekin prestigioa, erabakitzeko ahalmena eta hitz hartzea dakartzaten roletan dagoela gehienbat; batez ere autoretzan, baina zuzendaritzan ere bai». Horregatik, genero bereizketa sistematikoa den jardun baten sariketan genero bereizketarik ez egiteak genero-rolak eta posizioak zenbateraino eraldatzen dituen salatu da, baina bada aurrerapauso gisa ere hartu duenik.

Nola geroratu kulturgintza feminismotik? Kuotak, edukia, formak… Ez da erraza eta ez dago testuinguruari jaramon egin gabeko soluziorik. Niri, hala ere, lagungarria egin zait Joanne Hollowsek herri-kultura edo kultura popularraren definizio ezberdinei egiten dien kritika feminista, eta iruditzen zait irakurketak fintzen lagundu dezakeela.

Herri-kultura ulertzeko Stuart Hall Ikasketa Kulturalen aitapontekoak proposatu zituen lau definizioen irakurketa feminista egiten du Hollowsek.

Hallen laugarren eta azken definizioak herri-kultura borroka eremu gisa definitzen du. Antonio Gramsciren hegemonia kontzeptuari lotuta, ideologiaren kontrola eskuratzeko talde subordinatuen erresistentzia litzateke.

Lehenengo definizioaren arabera, herri-kultura jendeak kontsumitzen duen kultura litzateke, masen kultura, merkatuan arrakasta duena, alegia. Publikoa manipulatu egiten zuen herri-kultura horrek, mengeldu, eta bestelako kultur produktuen alde egin behar zela azpimarratzen zuten Hallen ildokoek. Egia da definizio horrek dimentsio kuantitatiboari egiten diola men, eta ez duela azaltzen arrakastarik gabeko produktuen zergatia. Hollowsek azpimarratzen du kritika feministak ere baduela definizio hori bere baitan. Batzuetan, kultura feminista masen kulturatik bereizia balego bezala goraipatzen da, eta ‘jende arruntarekiko’ gailentasun moralak markatu. Hollowsen iritziz, kultura feminista abangoardiarekin berdintzeak arriskua du; behinik behin, feministak kontziente izatea komeni da bestelako eduki eta audientzia kritikoak sortzen dituen eragile bezala definitzeak botere-harremanak sortzen dituela. Ezaugarri hori zinematografia feministan ikusten du ikertzaile britainiarrak.

Herri-kulturaren bigarren definizioa ‘herritik eta herriarentzat’ egiten den kultura litzateke. Horretarako, baina, ‘herria’ zer den eta zer ez erabaki behar da, eta goi-kultura/behe-kultura dikotomia elikatu dezakeela zioten Hallek eta enparauek. Gainera, tradizioarekin eta ‘purutasunarekin’ lotzen da ‘herria’, eta kontzeptu monolitiko bihur daiteke. Hollowsek adiera hori kulturgintza feministan ere sumatzen du. Uste du iraganaren goraipamena eta sustraien defentsa kritika kultural feministan askotan baloratzen direla, nolabait garai bateko emakumeen artea sistema patriarkaletik at balego bezala. Hollowsek gaineratzen du Mendebaldeko feministek emakume arrazializatuak begirada horretatik irakurtzeko joera dutela, naturaren eta protokulturen eramaile bailiran.

Ikasketa Kulturaletatik egiten den hirugarren definizioaren arabera, herri-kultura ‘jendeak egiten duen’ hori da. Definizio horren arazoa muga falta da. Amerikako Estatu Batuetatik zetozen logika kulturalei kontra egiteko erabili zuen Hallek, baina, horrekin nahastu baino, Hollowsek ikasketa feministetan bertsio hau badagoela dio. Izan ere, emakumeek egiten edo esaten duten oro kultura feminista gisa hartzen zela hautematen zuen, eta irakurketa horrek generoen arteko dikotomiak mantentzen zituela. Feminista bezala begirada horren inguruan gogoeta egitea komeni dela uste du Hollowsek.

Hallen laugarren eta azken definizioak herri-kultura borroka eremu gisa definitzen du. Antonio Gramsciren hegemonia kontzeptuari lotuta, ideologiaren kontrola eskuratzeko talde subordinatuen erresistentzia litzateke; Hollowsen ustez, adiera horrek zein posizio marxistak eskaintzen dizkio feminismoari erreminta gehien produktu kulturalen garapena aztertzeko eta generoaren kategorietan pentsatzeko.

Herri-kulturaren definizioen sailkapen hori ez da mailakatua, eta denboran zehar adiera horiek ere antzaldatzen joan dira. Hollowsenaz gain, badira bestelako kultur kritika feministak ere, dekolonialitatetik, marxismotik edo queer teorietatik datozenak, kasu. Beste baterako. Euskal zinemak eta emakumezkoen zinemak bizi duten ‘loraldiari’ begiratzeko talaia aproposak iruditzen zaizkit, fruitu berrien ederra eta lurraren idorra harremanetan ezin jarrita gabiltzala iruditzen baitzait batzuetan. Eta Johnny Deepen auzian busti ez naizela iruditzen bazaizue, garbi esango dut: gauza bat da Jack Sparrow gustura ikustea eta bestea Donostiako Saria genero-indarkeriagatik epaitua izaten ari den pertsona bati ematea. Jendarte feminista bat edo gizarte justu, aurrerakoi, demokratiko edo berdinzale bat ez da bereizketarik egin gabe lortzen.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan