Frantziako hauteskundeak: eskuinaren proposamen ekonomiko nagusiak

2017-03-29 Bloga

Joan den urtean gertatutakoak nahikoa ez baziren, hona hemen Frantziako Errepublikaren hauteskunde presidentzialak! Eskuinean, Bordeleko alkate Alain Juppé faboritoaren aurrean François Fillon lehen ministro ohiaren ustekabeko garaipenaren ondoren, eskuin politikari kontserbadoreak zuen LR, Les Républicains, alderdi politikoaren lidergoa, Front National alderdi ultraeskuindarrari aurre egiteko. Baina Fillon hautagaiaren emazteari buruz Le Canard Enchaîné aldizkariak argitaratutako datuak, andreak lanik egin gabe jasotako diru publikoak tartean omen direla, ez dira onak hauteskunde kanpainarako. Gainera, bertze outsider-a zena, Emmanuel Macron, Hollande presidentearen protégé ohia eta Vallsen gobernuaren Ekonomia ministro polemikoa izandakoa, inkestetako sorpresa izaten ari da… «oraindik ezer zehatzik ez duelako proposatu», diote mihi gaiztoek. Hala ere, zentro politikoaren hautagai independente gisa aldarrikatzean, hedabide boteretsu jakin batzuen laguntzaz, boto puska bat eraman dezake, zenbait bozemaile tradizional erakarriz.

Ezkerrekoen artean, Benoît Hamon, bertze ministro ohi bat, Hezkuntzarena hain zuzen, izan da Alderdi Sozialistaren primarioen ustekabea. Bi bozketetan izandako emaitzak ikusita, indartsu hasi da ezkerreko proposamenak haizeatzen, oinarrizko diru sarrera unibertsalarena edo 35 orduko asteko lanaldiarena, bertzeak bertze, militante sozialisten erdien pozarako. Aldi berean, Hamon ari da saiatzen, ezkerreko gainerako indar politikoen artean, ezkerrarentzat hautagai bakarra izendatzearen ideia gorpuzten. Izan ere, bozketaren lehenengo txandan Le Pen andrearen garaipena ia ziurtzat eman delako txoko askotan, benetako ezezaguna bigarren postua bilakatu da; lehen txandan erabateko gehiengorik ez bada, behinik behin…

Ekonomiaren ikuspegitik, eskaintza zabala da orain arte zehaztu dutena. Eskuin eta ultraeskuin politikoak izan dira lehenak haien proposamen orokorrak, ekonomikoak barne, aurkezten. Front National alderdi ultraeskuindarraren proposamen pare bat oso deigarria izan zaigu, Europako Batasunaren inguruko erreferenduma eta eurotik ateratzearena, alegia. Eurotik atera eta frantses libera zaharra berreskuratzean, Moneta Politika independientea, hau da, Frantziarako kudeaketa monetario eta interes tasa propioak lortzea da haien helburua. Asmo hori gauzatzea, egungo mundu globalizatuan, oso erronka zaila delakoan gaude. Izan ere, lehengo marko eta dolarrarekiko zeuzkan arazoak lehenengo egunetik agertuko direlakoan gaude, liberaren truke tasen eta interes tasen egonkortasunaren kalterako, ziurtasunik eza areagotuz. Hautagai nagusien artean bakarra da muturreko neurri hori azaltzen. Bertzenaz, ultraeskuindarrak aurkeztutako 144 neurrien artean, «protekzionismo adimentsua» edo «abertzaletasun ekonomikoa» bezalako adierazpenak erabili dira, berrindustrializazioa estatuaren eta sektore pribatuaren arteko kooperazioaren eskutik proposatzeko. Diru sarrera ttikienentzat zerga jaitsierak proposatu ditu (%10), baina bortz urteoro (orain 15 urte) haur bakoitzari 100.000 euro eta bilobentzako 50.000 euro zergarik ordaindu gabe ematearen alde ere badago; gastu polizial eta militarraren igoera nabarmenak; ikerketarako funts publikoen igoerak… Moneta nazionalaren berrezarpenarekin batera, Banque de France banku zentralak Frantziako gobernua zuzenean finantzatzeko ahalmena izatea nahiko luke FNko hautagaiak,  kontu horretan Europako Batasunaren arauetatik aldentzeko askatasuna negoziatuz. Defizit publikoari buruz ez dugu ezer entzun edo irakurri, ezta proposamen ekonomiko guztien emaitza finantzarioren bat. Gainera, «mundializazio basatia» arbuiatu du; «[Frantzian] zergarik ordaintzen ez duten» multinazionalak lizitazio publikoetatik baztertzea, langile atzerritarrak kontratatzearen gaineko zerga bat, nazioarteko itun komertzialak bertan behera uztea (CETA, Australia, Zeelanda Berria…). Alditan Mélenchon edo ekologistaren baten iduriko proposamenak irakur daitezke: eskisto gasaren ustiaketaren debekua edo genetikoki eraldatuko organismoena, erraterako. Baina ez dago nahasmendurako tarterik: legez kanpoko etorkinentzako zainketa medikoak ukatzearen alde dago, dirutan neurtutako proposamen bakarrenetariko bat da (500 milioi euro aurrezteko), Fillon hautagaiak ere proposatu du; droit de sol, geografikoki Frantzian jaiotako guztiek Frantziako hiritar legal izateko duten eskubidea ezabatu nahi du, urteoro onartuko den etorkin kopurua 10.000 izatearekin batera, berrelkartze familiarrak eta enparauak ezabatuz. Azkenik, espetxeen ardura Barne Ministerioaren eskuetan uztearen aldekoa da, bortz urtetan 40.000 presorentzako kartzelak eraikitzeko konpromisoa barne. Bai proposamen bitxia, askatasuna aldarrikatu nahi duen hautagai batena!

Bere aldetik, Fillon jaun ultrakatolikoaren ultraliberalismoa omen da Frantziako ekonomia berpizteko modu bakarra, funtzionario gutxiago, zerga gutxiago, arau gutxiago, estatu gutxiago… Haren hitzetan, «enpresa [pribatu] eta haien beharretatik hasi behar du denak». Ehun mila milioi euro aurreztu nahi du bortz urtetan. Frantzia berriro «potentzia ekonomiko handia» izateko bidean, estatuaren gastu eta diru sarrerak murriztea omen da giltza. Contrechoc fiskal baten bidez, diru-sarrera guztientzako zerga jaitsiera (%10) eta 30 mila milioi euro gutxiago zerga sozialetan (enpresek ordaintzen dituztenak) aginduko ditu. Bitartean, bortz urtetan, 300.000 funtzionario gutxiago izateko, geratzen diren funtzionarioen lanaldia luzatzearen aldekoa da Fillon neoliberala, sektore publikoan ere, sektore pribatuan bezala, pizgarriak eta soldatak produktibitatearen arabera bana ditzaten. Erretreta hartzeko adina igo nahiko luke Les Républicains alderdiaren hautagaiak: 63 urte lehen, 64 urte gero, hurrengo belaunaldiekiko elkartasunaren izenean. Medikuntzan, edozein jardueretan bezala, ekimen pribatuaren alde agertu den moduan, laguntza sozialak emateko zailtasun, baldintza, gehiago jartzearen alde dago, «ahaleginik egin ezean laguntzak automatikoki kenduko dira». Ez da azaldu «ahalegina» zer den edo nola neurtuko den, baina laguntza soziala 12 hilabete jarraian jaso ondoren %20 murrizteko eta sei hilabete geroago bertze %20 kentzeko proposamenak argi utzi du neoliberalen mezua, literalki idatzi du eta: «Lan egiten ari denaren eta lanik egin ez duenaren diru-sarreren arteko diferentziak nabarmena izan behar du». Defizit publikoaren aurkako politikak «subiranotasuna» babesteko tresna direla dio, ez ditzala kanpoko inork Frantziako politikak erabaki. Eskaintza neoliberalaren eduki praktikoa Hegoaldekoonzat oso ezaguna da, Rajoyren gobernuaren ekimenetatik ikasia. Orain, ikustekoa da afera mediatikoen gainetik hautesleek hobetsiko duten.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan