Euskarari kulturatik eusteko aldarria, Joseba Intxaustiren omenaldian

2024-09-14 Albisteak

Iaz zendu zen Joseba Intxausti Jakinen sortzaile eta zuzendari ohiari omenaldi sentitua egin diote bere jaioterrian, Seguran. Lehenik, bere lanarekin egindako ekarpena gogoratu dute Paulo Agirrebaltzategik, Joseba Agirreazkuenagak eta Nekane Goikoetxeak. Hurrenez hurren, bere ibilbide bio-bibliografikoa, ikerketa historikoan egindako ekarpena eta euskararen historia sozialean jarritako mugarriak izan dituzte hizpide. Izarra Urdalletak Segurari eskainitako ikerketa lan mardulak eta partekatutako ikuspegia azpimarratu ditu, eta Xabier Eizagirre Jakineko kideak Intxaustiren obraren laburpena egiteaz harago, bere ibilbidean erakutsitako ausardia eta ekimena goraipatu ditu.

Bere izaera “poliedrikoaren” erakusle, ordezkaritza zabala elkartu da bai jardunaldian eta bai ekitaldian: sendikoez, Jakineko kideez eta Segurako udal ordezkariez gain, bertan izan dira Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia, Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaria, Pello Otxandiano eta Laida Begiristain EH Bilduko kideak, eta euskalgintzako eragileak: Berria, Elkar, Gerriko kultur taldea etab.

Jardunaldian bere lanaren lagin zabala emanik, herriko plazan omenaldi ekitaldia osatu dute, herriko kultur eragile eta gertukoenekin. Bertan, Intxaustirekin eskuz esku bizitako uneek hartu dute protagonismoa, eta guztien aipatu dute hari ikasitako leziorik. Jon Iturrioz bertsolari segurarrak herriari bere burua ulertzeko ikerketa bidez emandako tresnak gogoratu ditu, eta “militantzia, konpromisoa, herritik ta euskaratik” erakutsi izana eskertu. Izarra Urdalleta alkateak ere herriko izatea ulertzeko modua nabarmendu du, euskalduntasunaren antzera jarrera gisa transmititu baitzuen, eta ez jaiotzetiko ezaugarri bezala. Kepa Enbeita Jakineko kide eta lagunak Arantzazutik hasita elkarren ondoan egindako bidea errepasatu du, une gogoangarriak oroituz eta euren ibilia garaian garaiko auzien korapiloekin lotuz. Lorea Agirre egungo Jakineko zuzendariak bere lezioak honela laburbildu ditu: euskalduna ez dela jaiotzen, egin egiten dela; euskarak egiten gaituela euskaldun, euskara batua ezinbestekoa dela nazio izateko, hizkuntzaren garrantzia herrigintzan eta kulturaren garrantzia hizkuntzaren normalizazioan ezinbesteko direla… “oinarri horien gainean iritsi gara gaur egunera, eta oraindik ere funtsezkoak zaizkigu ideia horiek” gogoratu du Agirrek.

Azkenik, Helene Handalian alargunak antolatzaile eta parte hartzaile guztiak eskertu ditu, berak ere Intxaustiren ondoan ikasitako ideia eta balioak gogoratuz. Herriko abesbatzak eskainitako alboradarekin eta herriko dantzarien aurreskuarekin borobildu da plaza beteak eskaini dion txalo zaparrada.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan