Euskal Unibertsitatea: auziak eta erronkak

2022-11-24 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/y7l9OWorGlM

UEUren 1975eko batzar nagusiak Euskal Unibertsitatea nazional, herritar eta euskaldun gisa definitu zuenetik, sarritan azaleratu da horren inguruko eztabaida JAKIN aldizkarian. Horren erakusle, 1977an gaiari eskaini zitzaion monografikoko sarreran Jakin Taldeak idatzia dakar gogora orain, Agirre zuzendariak: «Euskal Herriak bere kinka historiko larrienetan, bere nortasunari eusteko eta bere etorkizuna irekitzeko, bere Unibertsitatearen premia nabari du». Estrategikotasun eta ezinbestekotasun horren jakitun, gaurko begiradatik proposatzen du galdera Agirrek: «unibertsitate (sistema) nazionala lortu da? Herritarra da unibertsitatea? Euskalduna?». Horri buruz gogoetan jarri ditugu hamabi aditu.
UEUk lehen uda ikastaroa antolatu zuenetik 50 urte bete dituen honetan, Jakinekin lankidetzan osatutako monografikoa da honako hau. Ohi bezala, ‘Egunen gurpilean’ saileko artikuluek eta kontrazalak osatzen dute zenbakia.

‘Karlos Santamariaren bidetik urrats bat egiteko proposamena’
Ane Sarasua Aranberri eta Kepa Sarasola Gabiola
Azken 50 urteetan euskarak urrats nabarmenak egin ditu unibertsitatean, ezinezkotzat jotzen zena lortu dugu. 2022an Euskal Unibertsitatea eraikitzeko bidean, unibertsitateen arteko lankidetzan, urrats kualitatibo esanguratsua izan daiteke euskarazko online unibertsitatea sortzea.

‘Euskal Unibertsitatea ala Euskal Herriko Metabertsitatea?’
Iñaki Goirizelaia Ordorika
Munduan zehar sortzen ari diren metarbertsitateek (metaverse + university = metaversity) erabat aldatuko dute egungo unibertsitate eredua. Gure kezka nortasun digitala garatuko duten mundu osoko eta euskal gazteentzat unibertsitate eredu berri eta erakargarria sortzea izan behar da, Euskal Herriko Metabertsitatea, non euskarak unibertsitate mailako hizkuntza izaten jarraitu behar duen.

‘Euskal Unibertsitateaz hausnarketa bat Nafarroako periferiatik’
Roldan Jimeno Aranguren
Nafar ikuspegi batetik, Euskal Unibertsitatearen helburua lortzeko gaur egun dauden arazoei buruzko hausnarketa egiten da, eta unibertsitate hori eraikitzeko bide posibleren bat aipatzen da.

‘Euskal Unibertsitatearen zutabeak’
Eneko Bidegain
Euskal unibertsitatea euskarazkoa, Euskal Herri osokoa eta euskal ikuspegiko edukiak ematen dituena izango dela adierazten da.

‘Euskal Unibertsitatea 2022: loreak arrakaletan’
Jone Goirigolzarri Garaizar eta Xabier Landabidea Urresti
Zertan gaude hurbilago eta zertan urrunago UEUk euskal unibertsitatearen hipotesia duela mende erdi formulatu zuenetik? Iragana, oraina eta geroa elkar lotuta aztertzen dira artikuluan, hipotesia eguneratzeko aukeraren alde egiteko.

‘Unibertsitatea, feminismoa eta ‘belar txarren’ eredua’
Mari Luz Esteban
Unibertsitatearen eta feminismoaren arteko harremanei buruzko gogoeta egiten da, bi norabidetan: batetik, indarrean diren praktika zehatzak aztertzen dira, hau da, berdintasun-politiken eta irakaskuntza eta ikerkuntza arloan bultzatzen ari diren egitasmoak; bigarrenik, unibertsitatearen eta politikaren inguruko imajinarioekin zerikusia duen bestelako ikuspegi bat  defendatzen da: ‘belar txarren’ eredua, egungo planteamendu ekologista batzuetan oinarrituta.

‘Egungo unibertsitatearen bilakaerari buruzko zenbait gogoeta’
Ane Larrinaga Renteria
Orain hamarkada batzuk Udako Euskal Unibertsitateak aldarrikatu zituen helburuen harira, harrez geroztik unibertsitateek –bereziki publikoek– bizi izandako zenbait aldaketaren inguruko gogoeta egiten da. Arreta berezia jartzen da ezagutzaren ekonomiak eta unibertsitateen nazioartekotzeak eragindako ezagutzaren pribatizazio prozesuetan.

‘Errealitate krisiei aurre egiteko unibertsitatea’
Ekai Txapartegi Unzueta
Unibertsitaterik gabeko herria duela gutxira arte, Euskal Herriaren ahultasun epistemikoak ondorio kezkagarriak ekarri dizkigunez, unibertsitatearen ikuspegi dinamikoa eta funtzionala proposatzen da, hortik irudikatzeko XXI. mendeko errealitate krisiei herri gisa aurre egiteko zein unibertsitate-modu litzaigukeen desiragarrien.

‘Euskal Unibertsitate Sistema: legea, erronkak eta etorkizuna’
Anjeles Iztueta Azkue
Ibilbide pertsonalak emandako eskarmentutik, 2004/3 Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aztertzen da, onartu zenetik ia bi hamarkada pasatu ondoren.

‘Euskal Unibertsitatea behe-lainotan’
Karmele Artetxe Sanchez
Euskal Unibertsitatearen aldeko proiektua 70eko hamarkadan egituratu zenetik bost hamarkada iragan eta gero, proiektuaren agortze zantzuak antzematen dira. Egoera hori aztertu eta proiektua gaurkotzeko zenbait klabe seinalatzen dira.

Zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean Iñigo Martinez Peña eta Maialen Akizu Bidegainen testu bana; eta, kontrazalean, Dom Campistronen aldarri sinple bezain oinarrizkoa.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan