Cookie aukerak
Pertsonalizatu Adostasun Hobespenak

Cookieak erabiltzen ditugu modu eraginkorrean nabigatzen laguntzeko eta zenbait funtzio betetzen laguntzeko. Cookie guztiei buruzko informazio zehatza aurkituko duzu jarraian baimen-kategoria bakoitzean.

"Beharrezkoak" gisa sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, ezinbestekoak baitira gunearen oinarrizko funtzionalitateak gaitzeko.... 

Beti aktibo

Beharrezko cookieak beharrezkoak dira gune honen oinarrizko ezaugarriak ahalbidetzeko, hala nola, saio-hasiera segurua emateko edo zure baimen-lehentasunak doitzeko. Cookie hauek ez dute identifikazio pertsonaleko daturik gordetzen.

Cookie funtzionalek funtzionalitate batzuk egiten laguntzen dute, hala nola, webguneko edukia sare sozialetako plataformetan partekatzea, iritziak biltzea eta hirugarrenen beste eginbide batzuk.

Cookie analitikoak bisitariek webgunearekin nola elkarreragiten duten ulertzeko erabiltzen dira. Cookie hauek bisitari-kopurua, errebote-tasa, trafiko-iturburua eta abar bezalako neurriei buruzko informazioa ematen laguntzen dute.

Iragarki-cookieak bisitariei aurretik bisitatu dituzun orrietan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko eta iragarki-kanpainen eraginkortasuna aztertzeko erabiltzen dira.

«Euskal rapa ikertu behar da», Eric Ditxarri

2019-07-09 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/m6b-YcvFRjE

Euskal rapak abestu dituen gaiak ez dira batere neutroak izan, eta baliteke hori izatea orain arte unibertsitatean gutxi ikertu izanaren arrazoietako bat. Hala dio Eric Ditxarri antropologo, artista eta komisarioak Jakinen 232. zenbakirako idatzitako ‘Euskal raparen hausnarketa antropologiko historikoaren hazia’ artikuluan. Ez da arrazoi bakarra, baina. Rapa kultur adierazpide gisa gutxietsi izana kausetako bat izan litekeela dio, esaterako, herri kulturaren baitan kokatzen delako eta mugimendu berri bezain minorizatua izan delako.

Azken urteetan indartuz joan da euskal raparen eszena, ordea, eta garaiko aldaketa sozialen isla dira kantuak. Selektah Kolektiboa taldea hasi zenetik aldaketa soziopolitiko eta kultural nabarmenak egon baitira, eta aldaketa horiek irauli dituzte raplariek abestien letretara nola jarreretara. Horregatik da hain baliagarria euskal rapa ikertzea, Ditxarriren hitzetan.

Aldarri politikoetatik existentzialistetara

Fermin Muguruza aitzindari izan zen Negu Gorriak tadearen bidez euskal musikan rap kutsuko doinuak txertatzen, gogorarazi du Ditxarrik. Aitzitik, Selektah Kolektiboari zor zaio euskarazko lehenengo hip-hop albuma. 2000. urtean argitaratu zuen taldeak izen bereko diskoa egoera politikoaz, euskararen bazterketaz eta hip-hopaz abesteko.

Geroztik etorri dira beste hainbat talde. Gaur egun hogei talde baino gehiago daude zerrendatuta: MAK, Glaukoma, Maisha MC, 2zio, La Basu, Bad Sound System, Raperos de Emaus, Gorpuzkingz… «Euskal raparen panorama ikusirik, esaten ahal da Selektah Kolektiboak orain dela kasik hogei urte erein zituen haziak hazi direla», ondorioztatu du Ditxarrik.

Taldeak ugaldu ahala, aldaketak sumatu ditu Ditxarrik azken bi hamarkadetan. «XXI. mendetik sortu zenetik, euskal rapak Euskal Herriak bizi izan duen egoera soziala, ekonomikoa eta politikoa islatu ditu. Gazteen eskuetan, rapa Euskal Herriko bi azken hamarkadetako egoerak aldarrikatzeko eta salatzeko arma bilakatu da». Baina, hastapenean aldarrikapen politikoak gailentzen ziren, ezker abertzaleari lotutakoak bereziki. Gaur egun, aldiz, bestelako kezkak azaltzen dira raplarien ahotan. «Euskal raparen testuak eta ingurunea ikertuz gero, esaten ahal da, alde batetik, belaunaldi berriek aitzindarien taldeen filosofia gordetzen dutela, baina, alde batetik, garrantzitsua dela azpimarratzea borroka armatuak, gatazka politikoen amaierak eta euskal gizartean egon diren aldaketak rapari kezka existentzialen eta umorearen ateak ireki dizkiotela».

Gutasunetik euskaraz

Aldaketa horiek ez dute nazioartean hip-hopak erakutsi duen joera hedonista ekarri euskal rapera, ziurtatu du Ditxarrik. «Gutasunetik nitasunera doan lerratzeak ez du ez hedonismo ez egotasunaren apologia sustengatzen. Nikeria baztertua da. Jende arteko harremanak eta bizitzaren giltzak galdezkatuak dira». Kritika sozialak oraindik presentzia nabaria baitu.

Era berean, euskaraz hip-hopa egitearen joerak indarrean segitzen du, bere neurrian bada ere. «Euskal rapak euskal kantagintzaren eszenatokian bere lekua egin du. Normalizatuz doa euskaraz rapa egitea».

Hala eta guztiz ere, unibertsitate ikerketetatik kanpo segitzen du euskal rapak, ikerketa horrek aparteko balioa izan badezake ere. «Euskal raparen mugimendua ikertzeak aldaketa politiko-sozialek eta estetika musikalaren birmoldatzeek dituzten bide paralelo eta gurutzatuak ulertzen eta sakontzen laguntzen digu».

Horra euskal rapa ikertzeko Eric Ditxarriren proposamena Jakinen 232. zenbakian.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan