2016-01-14 Albisteak
Egunkariak atzetik aurrera irakurtzea ohitura oso zabaldua omen da. Esku artean duzun zenbaki berri honen mamiaren nondik norakoa ere atzetik aurrera azaldu daiteke; ez alferrik, joan berri zaigun urtearen errepasoa eta balantzea jasotzen duen zenbakia da, alegia, gertatu denari, iragan denari eta geratu denari atzetik aurrera begiratzen dion monografikoa.
Kontrazalari begiratzen badiozu, ohartuko zara Unai Iturriagak urtean zehar gertatu direnen collage hautatua osatu duela. Eta euskal kulturan gertatu direnen artetik hautatu dituenen artean emakumeen presentzia nabarmentxo geratzen dela, amamak, loreak, kaxarranka dantzariak, txapel-jartzaile berri bertsolari zaharrak eta beste direla.
Ez da Iturriagarena artikulu grafiko bakarra zenbaki honetan. Atea ireki diegu Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkako atentatuaren ostean aurten sortu den H28 kolektiboko marrazkilariei, eurek ere euren balantzea artikulu grafiko batera ekar dezaten. Eta hor dituzue Zaldieroa, Asisko, Exprai eta Markoren begiradak.
Marrazkijale baino letrajaleago gara, halere, oraindik ere Jakinen, eta 2015eko kulturaren errepasoa egiteko bi idazle hautatu ditugu, biak ala biak begirada eta hizkera berri eta propioaren jabe direnak: Danele Sarriugarte eta Hedoi Etxarte. Sarriugarteren balantzearen abiapuntua argigarria da oso: euskal kulturan aro bat amaitu da, eta zaharra hiltzen eta berria sortzen ari den ilunbista horretan argi egiten saiatu da, euskal kulturan aldatzen eta eraldatzen ari den hori identifikatzeko. Etxartek, berriz, begiradaren eremua zabaldu egin du. Charlie Hebdo-ren inguruko gertaera lazgarriek eta azaroko Parisko atentatuek mendebaldarroi, eta horrenbestez geuri, ze paradigma zahar-berritan kokatzen gaituzten aztertu du.
Ondotik, Iñigo Astiz, Alberto Barandiaran, Leire Palacios, Jon Eskisabel, Haizea Barcenilla, Josu Goikoetxea, Nora Arbelbide eta Iñaki Lazkanok nork urtearen gaineko bere irakurketa idatzi du, besteak beste, kultur politikez, kultur soziologiaz, literatura uztaz, musikakoaz, arteaz, bertsolaritzaz, antzerkiaz, dantzaz eta zinemaz.
Zenbakia osatzeko, gainera, artikulu garrantzitsu bat dakarkigu. Daniel Escribano soziologo eta itzultzaileak euskara eta diglosiaz artikulu mamitsua idatzi du. Bere aburuz, euskalgintza instituzionala diglosiari gorazarre egiten dion diskurtsoa zabaltzen hasi da, eta hori teorikoki hutsala eta zentzugabea izateaz gain, euskararentzat atzerapauso arriskutsua dela argudiatzen du. Adi irakurri beharreko artikulua, dudarik gabe.
Zenbaki honek badu zer irakurria eta zer hausnartua, beraz, dela atzekoz aurrera edo aurrekoz atzera.