Euskal kultura 2020, eta orain zer?

2021-01-10 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/wm7wLur-S4s

‘Eta orain zer?’ galderak zeharkatzen du euskal kulturari eskainitako Jakinen 241. zenbakia. Kultur arloko bederatzi lagunen gogoetak jasotzen baititu idatziz aldizkariak, pandemiaren ondorioez eta ondorenaz: Katixa Agirre idazlearena da testu nagusia, akuilatzaile bezain iradokitzailea; hausnarketa sintetikoagoetan jardun dute Alberto Barandiaranek, Olatz Osak eta Xabier Landabideak; eta solasaldian ipini ditu Itziar Ugarte kazetariak Edurne Azkarate, Igor Elortza, Xabier Gantzarain, Katti Pochelu eta Castillo Suarez.
Gainera, irudiz ere gogoetan ipini ditu Jakinek Dani Fano, Eider Eibar, Josevisky eta Nerea Unanua marrazkilariak.
Azkenik, 2018ko euskal liburugintzaren azterketa ere jasotzen du aldizkariak, Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruaren eskutik.

‘Hekatonbearen urtea: kultura, automaitasuna eta polimaitasuna’
Katixa Agirre Miguelez

«Autoestimu maila oso altua behar du gizarte batek kultura seriotan hartzen hasteko. Eta sentitzen dut hala esatea, baina ez dugu autoestimua sobran». Pandemiak astindutako kultur munduaren ondorenaz hausnartu du Katixa Agirre idazleak: kulturaren balioaz, lekuaz, kultur profesionalen egoeraz, autopertzepzioaz, aukerez… Eta mugak eta zailtasunak franko badira ere, autoestimu hori indartzeko arrazoiak ere topatu ditu. 2020ko ikus-entzunezkoen produkzio emankorra da horren adibide, estrategikotzat dituena: «Kontatzen ez bazara, kontatzen zaituzte. Horregatik geure burua kontatzen jarraitu behar dugu, edozein bide erabilita, baina bereziki gaur egungo espresiobide hegemonikoan arreta estrategikoa jarriz. Ikus-entzunezkoaz ari naiz, noski».

Laburrean
Alberto Barandiaran Amillano, Olatz Osa Zubia eta Xabier Landabidea Urresti

Urtean zehar kulturaren alorrean izandako hainbat gertakariren inguruan gogoetatu du Alberto Barandiaran kazetariak: Oskar Alegriaren Artearen historia minuskuluaz lanaz, Nafarroako gazteen artean sustatutako Sormen digitala egitasmoaz, pandemiak utzitako plaza desokupatuez, emakumeek literaturan hartutako lekuaz… Azken horri buruz honela dio: «Egiten ari diren memoria harilkatze saiakera azken urteotan mugimendurik interesgarriena iruditzen zait, mugimendu indartsuena eta biziena. Kulturaren ikuspegitik ere bai».
Olatz Osa Elkarreko argitalpenen arduradunak, bestalde, pandemiak agerian utzitako erronkei heldu die. «Kulturatik eta, kasu, liburugintzatik ere, abagunea baliatu beharko genuke orain arteko jarduna berrikusteko eta etorkizuneko erronkei erantzunak emateko». Baliabideak, kultur profesionalen estatusa, inbertsioak, digitalizazioa… eta beste hainbat arlo jorratu ditu.
Xabier Landabideak, bestalde, sarean egin den Durangoko Azoka hartu du ardatz, gertatu denaz eta gertatu daitekeenaz aritzeko. «Inkognita batzuk argitu diren arren, askoz gehiago dira mahaigaineratu direnak». Azokaren eskaintza digitalak atzera-bueltarik ez duelakoan da.

‘Pandemiaren urtea kulturgintzan: Edurne Azkarate, Igor Elortza, Xabier Gantzarain, Katti Pochelu eta Castillo Suarez’
Itziar Ugarte Irizar

Pandemiaren bizipenez eta osteko aldaketez hausnarrean aritu dira Edurne Azkarate aktorea, Igor Elortza bertsolaria, Xabier Gantzarain Dinamoa Sormen Guneko koordinatzailea, Katti Pochelu Gastibeltza Films ekoiztetxeko kidea eta Castillo Suarez idazlea, Itziar Ugarte kazetariak gidatuta. Kultur kontsumoaz eta produktibismoaz, kulturaren balioaz, sortzaileen baldintzez, autoantolaketaz, folklorizazioaz, ebentoen eta herri ekimenen orekaz eta desorekaz… Hainbat hari-muturri heldu diete, norbere ertzetik, bizipenetatik.

‘Euskal liburugintza 2018’
Xabier Eizagirre Gesalaga

Joan Mari Torrealdaik urtez urte liburugintzan egindako lan eskergari segida eman nahi dio Jakinek. Horretarako, 2018ko euskal liburugintzaren datuak aztertu ditu Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruak, eta artikuluan zein Liburu Behatokiaren sareko atalean jaso ditu xeheki. Bi urteko aldea izanagatik ere, euskal liburuen ekoizpenaren bidea zein den ulertzeko argigarria da azterketa. Sektorearen atomizazioa geratu da agerian, eta haur eta gazte literatura gailentzen ari dela ondorioztatu liteke, besteak beste.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan