miren artetxe

Etxauzia

2017-05-29 Bloga

Otsailaren 27an aurkeztu zuten prentsaurrekoan Etxauzia proiektua, Etxauzian berean, Baigorrin, eta martxoan eta apirilean zehar Hego Euskal Herriko hiriburuetan ari izan dira egitasmoa aurkezten. Ez da oraingo kontua. Badira bi urte Kattalin Sainte-Mariek koordinatzen duen elkartea plantan ezarri zutela. Baigorriko Etxauzia gaztelua erostea da lehen urratsa, eta Baigorri eskualdea eta Ipar Euskal Herriko barnealdea biziaraztea helburua. No eta to.

Etxauzia erosi eta herriari itzulita, proiektua gauzatzen hasiko gira, eta, gure heinean, Baigorri eskualdea eta Ipar Euskal Herri barnekaldea biziagoa eta erakargarriagoa egiten. Euskal Herri barnekaldeko lantegien elkartea, jadanik sortzen ari girena, hor kokatuko da. Enpresen arteko elkartasuna eraiki, tokiko garapena bultzatu, interes kolektiboen defentsan aritu, euskararen erabilera lantegietan sustatu eta Euskal Herri osoko egitura ekonomikoekin saretuko da lantegi elkartea. Kultur zentroa ere izanen da Etxauzia, Euskal Herrian ditugun beste kulturgune eta ekimenekin saretuko dena eta sormen nahiz emanaldi mailan erreferentea izanen dena. Etxauzia mundu osoko euskaldunendako bizilekua ere izanen da: diaspora zabala ere gure biziaren parte baita […]. Hala, ondare inmaterialaren biltze eta ikertze gunea eta gure herriaren ondarearen interpretazio zentroa ere aterbetuko ditu.

Herriari bere ondarea itzuli, eta ondare hori herri eta kulturgintzarako baliabide bilakatu. Badu horrek ere erradikal kutsua. Ezin ukatu bihotzik harrizkoena ere hunki dezakeela asmoaren erromantikotasunak. Are gehiago bihoztxo horrek historia garaikidearekiko filiarik badu. Izan ere, historiaz eta istorioz beteak dira gazteluko lau hormak, Antton Currutcharry historialari eta elkarteko idazkariak ongi azaltzen duenez. Eman diezaiogun bazka pixka bat gure baitako Nabarraldetar ez-aitortuari.

Antso Handiaren garaian eraikia izan zen gaztelua (nafar inperialismoaren garairik gorenean, hots) eta, beraz, XI.-XII. mendeetakoak dira gazteluaren hormarik zaharrenak. Erregeak bizkonde izendatu zuen bere hurbileko jauntxo bat (Bizkaiko kondearen anaia bera), eta Baigorriko ibar estrategikoa zaintzeko agindu zion. Eta bide batez eskaini. Hortik gaztelua. Eta hortik bizkonde titulua ere. Behin izena denboraren errelatuan kokagarri bilakatuta, ugariak dira familia honek historian liburuetan dituen aipamenak. Epikotasunaren gailurra agramontar eta beaumontarren arteko gatazkek emango diote istorioari (Etxauziarrak agramontarren leinuaren aldekoak izanik, Nafarroaren independentzia defendatu eta menderatuak izan ondoren Behe Nafarroa bilakatuko zen lurraldean Nafarroako erresumatxoaren berrantolaketan parte hartu zuten). Militarrek ez ezik sotanadunek ere bazuten boterea, noski –orain baldin badute, pentsa lehen–, eta hara non Bertrand Etxautzekoa, Baionako artzapezpiku egina eta ondotik Toursekora joana, erregearen kapilau ere izan zen. Axularrek berari esker idatzi omen zuen Gero. Gauzak zer diren.

Azken Etxauztar bizkondea 1785ean zendu zen. Bi alaba bai, baina horiek oinordekorik ez, eta akabo Etxauztarren Bizkonderria. Ez zen garai txarrena titulua desagertzeko ere. Frantziako Iraultza zetorren, eta altxamenduen bezperetan bizkonde titulua beste familia baten esku gelditu zen, eta bizkondesa berriak (gaiztoa, bera) Etxauztarrek inoiz eduki gabeko eskubideak aldarrikatu zituenean, oldarraldiak izan ziren herrian. Ezkontza bidez gaztelua Donostiriko saltzaile baten semearen esku gelditu zen ondoren, eta hori Konbentzio gerletan frantses armadetako kapitaina izan zen (Baigorriko mendietan 1793 eta 1794an espainolen inbasioa gibelarazi zuenetako bat), eta Napoleonen kanpainetan parte hartu zuen gero, Inperioko konde eta Frantziako marexal bilakatuz. Horrek ere haurrik ez, eta haren ilobak gaztelua Arrasteko Abadiatarren familia euskaldun-irlandarrari saldu zion. Eta hemen istorioak behar zuen anekdota zinematografikoa ere: eroslearen biloba, Harry (1920 eta 1930eko hamarkadetan zinemagintzan arituko dena), Hollywooden ari zen lanean Charlie Chaplinen laguntzaile bezala, eta hark hirutan ekarriko zuen Chaplin bera Etxauziara. Bai, andre-jaunok.

Bigarren Mundu Gerra etorri zen gero (orduan armada alemaniarrak kuartel nagusitzat hartu zuen gaztelua, kontrabandisten eremu ziren mendi-bideak kontrolpean izateko) eta armistizioaren ondoren gaztelua hutsik gelditu zen. Geroztik gaztelua hainbatetan saldua eta hainbestetan erosia izan da, baita arpilatua eta suntsitua ere, eta azkenean bazterrera utzia, 1994an Baionako bikote batek erosi zuen arte. 2003an horiek Miamiko bikote aberats bati zaldu zioten jauregia (emazteak jatorriz Erratzukoa behar du izan), eta orain salgai dago berriz.

1970eko hamarkadan ere izan omen zen baigorriarren aldetik gaztelua berreskuratzeko saiakera bat. Ez zuen, zoritxarrez, istorio honen jarraipenerako mugarri izaterik lortu. Ea zer dioten Etxauziaz etorkizuneko historia artxiboek. Alegia, ea artxibo horiek Etxauzian dauden.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan