‘Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak’: maparen atzean dagoenaz

2017-10-29 Albisteak

Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza. Ekialde Hurbila bertatik bertara ezagutu duten hiru kazetari elkartu ditu Jakin, Berria eta Elkarren Aleka bildumak maparen gibelean dagoena azaleratzeko: Ekialde Hurbileko gatazken muina non dagoen ulertzeko, jatorriei eta ondorioei erreparatzeko, gatazken ertzak erdialdera ekartzeko, egungo egoera aztertzeko. 2011ko Udaberri Arabiarrak dira abiapuntua, baina ezinbestean egiten dute hirurek denboran nahiz espazioan jauzi. «Bakoitzarekin bide bat egingo dugu, zeharkaldi bat, bertatik bertara, eta, kazetaritza eredugarrian, kontakizunekin eta lekukotasunekin, ñabardurez osatutako argazki bat atera dute, kaleidoskopio batetik bezala begira dezagun, dena ez baita zuria ala beltza”. Kristina Berasain kazetari eta liburuaren koordinatzaileak dio hitzaurrean.

Mikel Ayestaranek Iran, Irak, Siria eta Palestinatik egingo du bidea. Irango 2009ko Iraultza Berdea, Irakeko 2003ko AEBen inbasioa, Siriako gerra eta Estatu Islamikoa, eta Palestinako okupazioaren 50. urteurrena hartu ditu aztergai. Ane Irazabalek, berriz, Tunisiara jo du, «mundu arabiarreko demokraziaren laborategira». Bertan piztu zen ofizialki lehenengoz arabiar iraultza, eta horri eutsi dion herrialde bakarra da. Txanponaren beste aldean dago Egipto, Irazabalen ustez, eta bi herrialdeen arteko erkaketa egin du gakoen bila. Arabiar iraultzen atzean beste hainbeste iraultza daudela gogorarazi nahi du, aldiz, Karlos Zurutuzak. Urte luzez ahotsik gabe egon direnen gudak, baina ez horregatik esangurarik gabekoak: kurduen borroka, Libiako amazigena nahiz Saharako herriarena paratu ditu ostera ere mapan.

Guztiak giltzarri Ekialde Hurbila ulertzeko bidaia honetan. Horregatik da aparteko aukera Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak, bertatik bertara ezagututako errealitatea gurera ekarri dutelako Ayestaranek, Irazabalek eta Zurutuzak. Maparen atzean dagoena ulertzeko ezinbesteko kazetaritza liburua da Aleka bildumaren laugarren zenbakia.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan