2015-05-27 Bloga
Brusela edo Washington hirietako areto dotoreetatik urrun, oso urrun, Iruñeko Arrotxapeako auzoko batek bere buruaz bertze egin zuen, antza, arazo finantzarioek itota. Ez da lehen biktima izan. Antzeko kasuetan bezala, zuhurtziaz mintzatu behar dugu. Pertsona bakoitzaren barruan gerta daitekeenari antzematea ez da kontu erraza, are gutxiago berak ezin duenean hitz egin. Orduan, hurbilketa umila egitearekin konformatu beharko. Idatzi gabeko arau bat dago, zeinak bizi izateko etxebizitza bat erosi behar dela dioen. Europa aberatsean alogera aukera garrantzitsua den bitartean, Estatu espainolean jabetza da nagusi. Burbuila puztu baino lehenagoko egoeran, garestiak ziren etxebizitzak, eta hipoteka-maileguak emateko bankuek jartzen zituzten baldintzak nahikoa gogorrak ziren, garai haietako finantza legeak bezala. Ondorioz, asko eta asko pentsatu ondoren bizitza osorako etxebizitza bat erostea erabakitzen zuen familiak bazekien zertan ari zen sartzen. Langabezia eta dibortziorik gabeko jendarte horretan, inbertsio hori egiteko irizpideak argiak ziren. Burbuila garaietan, ostera, espekulazio mozkorraldiaren erdian, batez bertzeko langile familia irentsi zuen desaraututako merkatu berriak. Ikusten ari garen emaitza ikaragarriekin.
Etxebizitza duina izateko eskubidea ezin da zalantzan jarri. Kontua da etxebizitza salgaia dela, eta jabetza edo alokatzearen truk merkatu-salneurria ordaindu behar dela. Izandako burbuilaren ondorengo egoera larrian, aberastasunaren, ez soilki diru sarreren, birbanaketa erraldoia burutzen ari da. Hori gogoan, krisialdi egoerari aurre egiteko erreforma ausarta beharrezkoa delakoan gaude, dauden etxebizitzen banaketa hasiko duena, beti ere irizpide garden eta justuen bitartez. Orain, familia batek galtzen duen etxebizitza arazoa da bankuarentzat, merkatu salneurriak jaitsaraziz. Baina langabezia eta soldata miserableen poderioz, merkatze horrek bakar-bakarrik inbertsio-funts eta banakako fortunen alde jo du. Gainera, asaldagarria da etxebizitza hutsik izatea etxebizitzaren bat behar duten une eta leku berean. Administrazio publikoak, tokiko erakundeek hobe, esku sartu beharko lukete, larrialdietan egiten duen moduan behintzat. Beranduegi da izandako hildakoentzat, baina garaiz gabiltza, beti, gauzak behar den moduan egiten hasteko.