2023-08-16 Albisteak
Bere burua bilatzaile gisa definitzen zuen. Bilatzaile bizitzan, herrigintzan, euskalgintzan eta gizagintzan. Bilatze etengabe horren adierazgarri izan liteke, etxean, sotoan, utzi duen lau gelatako liburutegia. Dena apalategi, dena liburu. Gaika ordenatua dena. Bost ditu atal nagusiak: euskara guztietan ugariena, gela propio bat eta beste bateko horma oso bat euskararen gaineko liburuek betetzen dute. Historia orokorra da beste atal bat, hori ere zabala. Elizaren eta erlijioen historia, hirugarrena. Heterodoxiak berariazko lekua du. Eta baita San Frantziskok ere. Eta, neurri batean, horiexek izan dira Joseba Intxaustiren jardun intelektualaren eta eragiletza kulturalaren eremuak. «Hau ni naiz», esan izan du. Hori ere bada. Bost mila liburutik gora dituen sotoko liburutegi hori Joseba bera da. Hori da berak sortu duen ondare handiaren ongarria. 37 liburu, ehundik gora liburu zati eta ia laurehun artikulu utzi ditu idatziak. Bada zer azpimarratua lan horretan guztian, zer erreskatatua. Lan batzuk oinarri-oinarrizkoak izan dira, ondorengo bidea zedarritu eta zoru sendoa jarri dutelako. Horren adierazgarri, liburuen artetik, pare bat aukeratu beharko bagenu, Gizadiaren historia, mendez mende liburu sorta hauta liteke edota Euskara eta hizkuntzak gizartean bildumako hiru liburukiak. Lehenak Euskal Herriko historia bateratu bat eskaintzen du, eta bigarrenak euskararen historia sozialaren ikerketa bidea zabaltzen du lehen aldikoz.
Artikuluen artetik, Jakin jaio berri haren bederatzigarren zenbakian argitaratu zuen ‘Illobira bultzaka’ aipatu behar da, garbizalekeriaren kontra idatzitako testu funtsezkoa duguna, hain zuzen, artikulu horrekin garbitu zelako batuaren bidearen sasitza. Joxe Azurmendik esan izan du Intxausti zela maisua eta gidaria hizkuntzaren gaineko afera guztietan Jakinen eta, ezaguna ez den arren, Txillardegirekin estuki jardun zuela batasunaren borrokan.
Behar zen unean, behar zen lekuan eta behar zen hitzekin esan beharrekoa esaten den aldiro gertatu ohi den bezala, polemika bizia eragin zuen artikulu horrek. Sustraikoa, pertinentea eta behar-beharrezkoa zelako. Urgentea denaren eta garrantzitsua denaren kordokan beti. Helburuak markatu, egitasmoak begitandu, egitarauak diseinatu, plangintza egin, finantzaketa bilatu, ekipoak osatu eta martxan jarri. Horrela egin izan du Jakin Taldean, euskara batuaren borrokan, Eusenor, UZEI eta Joanes Etxeberri egitasmoetan, euskal elizaren eta erlijioen ikerketan, Arantzazuren historia eta ekarpenaren dokumentazio lanean, Bidegileak bilduman eta beste hainbestetan. Horregatik egin izan du euskalgintzan berebiziko garrantzia izan duten hainbat egitasmotan sortzaile eta gidari lana. Aurrera begira egin izan du lan. Baina beti atzekoa ikertuz eta ekarriz. Atzera begiratu du etorkizuna ikusteko. Ez alferrik, historialaria izan da.
Historia ez du bere hutsean hartu, baizik eta bere arrazoi sozial eta politikoetan aztertu du, eta horrela egin du euskararen historia ikertu duenean, lerro berri integral bat sortuz hizkuntzen gaineko ikerkuntzan. Bere kezkek hasieratik azken egunera arte bizi izan dute: Euskal Herriaren begirada bateratua izatea, hizkuntza erdigunean eta aurrerabidean jartzea eta Euskal Elizak euskararen eta Euskal Herriaren alde egin duen lana argira ekartzea, besteak beste.
Intxausti bilatzaile bat izan da. Bila dabilena. Bizitzan eta zientzian. Metodikoa, ordenatua. Eta heterodoxoa. Arantzazun eta Erriberrin frantziskotarren ordenako ikasle zela, irekitasunez hezia izan zelako, 50eko hamarkadako giroa erabat itxia izanagatik. 56ko belaunaldiko kide izan da, hizkuntza, herria eta kultura hirukoaren gaineko pentsamendua askatasunaren eta aniztasunaren gainean zutabetu zuen taldeko kide. Gaztetxotik, apologia eta kritika, biak hartu izan ditu lanabes gisa. «Nire eskasean, saiatzen ari naiz neure buru hau ulertzen. Eta norberaren burua ulertzen den neurrian, ingurua ere hobeto uler liteke». Horra, bere hitzetan, egindako bidearen zentzua.
Bilatzailea eta bidegilea izan da, dena egiteko zegoela ikusi zuelako, ikusi eta ikasi eta heldu. Dena egiteko zegoen kontzientzia horrekin ez zuen etsi; aitzitik, eremu emankor eta oparo bat eskura jartzen zitzaiola sentitu zuen. Hortik bere lan eskerga. Hortik, zorioneko gu, gaur egitekoen zerrendan gauza gutxiago izatea guk.